Albistea entzun

Patxi Colorado. Etxegabetua izateko arriskuan den pentsioduna

«Bankuak banku dira; jendearen elkartasuna da nire itxaropena»

Datozen asteetan bi etxegabetze egin nahi dituzte Galdakaon, eta, hori salatzeko, gaur elkarretaratzea egingo dute herrian. Coloradorena da kasuetako bat; dioenez, alokairu sozial bat lortu ahal izatea baino ez du eskatzen.
ARITZ LOIOLA / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Gotzon Hermosilla -

2022ko abenduak 15 - Galdakao

Galdakaoko Etxebizitza Sindikatuak salatu duenez, datozen egunetan bi etxegabetze egin nahi dituzte Bizkaiko herri horretan. Batetik, emakume bat eta haren hiru seme-alabak kalean geratzeko arriskuan daude; bigarren kasua Patxi Coloradorena da, 67 urteko marinel erretiratu batena, zeina, lanik gabe gelditu zenean, hipotekari aurre egin ezinik lotu zen.

Kezkaturik eta urduri dago Colorado, geroak zer ekarriko dion ez dakiela. Pilatutako zorra erreklamatzen dio Kutxabankek, eta auzitara jo du bankuak, haren gurasoena izandako etxetik kanporatzeko asmoz. Etxebizitza Sindikatuak adierazi duenez, egunotan saiatu dira Kutxabankekin harremanetan jartzen negoziatu ahal izateko, baina ez dute erantzunik jaso. Gaur elkarretaratzea egingo dute Galdakaoko (Bizkaia) Santi Brouard plazan, 19:00etan.

Zein da gaur egun zure egoera?

Ni marinela naiz. Erretiratuta nago, baina orain pentsioa eten egin dut eta lanera itzuli naiz, itsasora, pentsioa igotzea lortu nahi dudalako.

Dena hasi zenean, nik kontratu finkoa nuen, gurasoen etxea erosteko moduan nengoen, eta bankuan kreditu bat eskatu nuen. Baina, gero, egun batetik bestera, itsasontziak saldu zituzten, eta urtebete eta erdiz lanik gabe egon nintzen.

Eta orduan hasi ziren hipoteka ordaintzeko arazoak?

Bai. Itsasontziak atzerrikoak ziren, eta, beraz, marinel immigranteentzako Espainiako lan ituna aplikatzen zidaten. Gutxienekoa kotizatzen nuen, eta, langabezia sarirako eskubidea nuen arren, oso babes gutxi neukan.

Langabezian geratu nintzenean, bankuarekin negoziatzen saiatu nintzen, baina ez zuten onartu: ni lan egiteko moduan nengoela esaten zidaten. Zorra handituz joan zen, eta etxea bahitzeko lehenengo ohartarazpena iritsi zitzaidan. Orduan ere negoziatzen saiatu nintzen, baina uko egin zioten berriro ere.

Horrek guztiak ondoriorik ekarri al dizu?

Prozesu hau psikologikoki oso gogorra izan da. Urte txarrak izan dira. Ez dut ahalmen ekonomikorik izan abokatu bat kontratatzeko, eta ofiziozko bat eman zidaten, baina hark ez zituen gauzak ondo egin, eta orain hemen gaude, etxegabetzerako eguna noiz ezarriko duten zain.

Zer eskatzen duzu?

Nik ez dut nahi inork etxea doan ematerik. Gustura hartuko nuke, jakina, baina ez da hori nik eskatzen dudana. Hura nire gurasoen etxea izan zen, nik 67 urte ditut jada, eta eskatzen dudan bakarra da alokairu sozial bat, eta nik alokairu hori ordaintzeko konpromisoa eta betebeharra hartzea. Hori baino ez.

Azkenean arazoa konpontzea espero al duzu?

Bankuak banku dira, eta badakigu nola jokatu ohi duten. Haiengan konfiantzarik banu, ez nintzateke egongo nagoen bezain urduri eta larri. Nire konfiantza beste bat da, laguntzen ari zaidan jendeak ematen didana. Jendearen elkartasuna da nire itxaropena.

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburua, atzo, Eusko Legebiltzarrean. ©EUSKO LEGEBILTZARRA

Bildarratzek berretsi du hizkuntza ereduei eutsiko dietela

Irati Urdalleta Lete

Jaurlaritzako Hezkuntza sailburua Eusko Legebiltzarrean mintzatu da Hezkuntza Lege proiektuari buruz. Ñabardurak eginda, EAJk, EH Bilduk eta PSE-EEk balekotzat jo dute proiektua; EP-IUk eta PPk, ez

Lehengo astean ere jo zuten Etxegarairengana Mauriziakoek. ©GUILLAUME FAUVEAU

Elkartasunak Eraiki sareak Maurizia proiektuaren eredua goraipatu du

Ekhi Erremundegi Beloki

Etxegarairekin bilkura egin dute Mauriziako kideek. Uztailaren 6an aztertuko dute kanporatze prozedura gelditzeko helegitea

Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformako kideen agerraldia, atzo, Donostian. ©MAIALEN ANDRES / FOKU

Euskal eskola publikoaren alde mobilizatuko dira ekainaren 9an

Isabel Jaurena

Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak adierazi du Hezkuntza Lege proiektuak ez duela sistema publikoa «lehenesten»

Artatutako pertsonen %28ak alkoholismo arazoak zituzten. ©BERRIA

Berretsi dute adikzioak eta buru osasuna lotuta daudela «ziklo kaltegarri batean»

Olatz Silva Rodrigo

Erdu programak zaurgarriak diren pertsonak artatzen ditu. 270 pertsonei arreta eskaini zien iaz; horietatik 197 etxerik gabe zeuden

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoa ezinbestekoa zaigu euskarazko kazetaritza independente eta kalitatezkoa egiten segitzeko.