REALA 2 - 1 OMONIA

Garaiz konpondu dute

Realak irabazi egin dio Omoniari, eta lider da orain Europa ligako E multzoan. Jokoan nagusi izan arren, bisitarien golak estutasunera behartu ditu etxekoak

Kubo eta Sorloth, Realaren bigarren gola ospatzen, atzo. Japoniarrak eman zion goleko pasea norvegiarrari. JON URBE / FOKU.
Jon Ander De la Hoz.
2022ko irailaren 16a
00:00
Entzun
Golak. 1-0. Gebarak (30. min.). 1-1. Bruno Felipek (72. min). 2-1. Sorlothek (80. min).

Erraz uste, eta larri ibili. Realak garaipena eskuratu zuen atzo Anoetan, Omonia Nikosiaren aurka, baina estutasun uneak bizi izan zituen minutu batzuetan. Izan ere, jokoari dagokionez, etxeko taldea nagusitu zen neurketako zatirik handienean, baina nagusitasun hori markagailuan islatu ezinak arriskuan jarri zuen Europa ligako bigarren garaipena. Azkenerako, garaiz konpondu zuen arazoa, berandu bainolehen sartu baitzuen irabazteko gola. Rijekaren eta Sturm Grazen mamuak uxatu zituen hala, eta E multzoko lidergoan kokatu zen.

Donostiako taldeak erabat itxuraldatuta ekin zion norgehiagokari. Imanol Alguacil teknikariak aldaketa asko egin zituen hasierako hamaikakoan: zazpi, joan zen osteguneko partidarekin alderatuz gero. Sarrien jokatzen ez duten zenbait jokalariren aldeko apustua egin zuen teknikari oriotarrak. Izan lesioek hala behartuta, izan futbolari horiek jokatu beharra dutelako.

Hala ziren, besteak beste, Asier Illarramendi kapitaina, Alex Sola, Diego Rico, Ander Gebara eta Jon Karrikaburu. Gehienek jarraitutasun gutxi izan dute azken boladan.

Aukera aprobetxatzea izan zen haien xedea, eta lortu zuten, hein batean. Hasi orduko lortu zuten partidaren gidaritza; Zipreko taldeak atzeko lerroa indartzea izan zuen helburu, eta itxi egin zen. Ez zuen erasorako imintziorik ere egin. Horrek baloi jabetza eman zion Realari, baina txuri-urdinei itxi egin zitzaizkien kontrarioaren aterako zirrikituak.

Harik eta Gebarak gol bikain bat sartzea lortu zuen arte. Erdilari gasteiztarrak ederki baliatu zuen Imanolek emandako aukera. Area ertzetik baloia astindu zuen 30 minutuan, eta sarean sartu zuen. Omoniako atezainak ezin izan zuen deus egin jaurtiketa geratzeko.

Realak gisa horretara lortu zuen abantaila, eta zailena egin zuen. Bideratua zuen garaipena, behin zipretarren atea zulatu eta gero. Aldea handitzea falta zen, zer gerta ere. Kosta egin zitzaion, ordea. Bisitarien mataza erabat askatu ezinda aritu ziren donostiarrak.

Gainera, partidak lehengo gidoia segitu zuen aurrerantzean. Nikosiakoak tarterik utzi gabe, defentsari erabat emanda, eta etxekoak haien ate aurrera ailegatu ezinda. Hala iragan zen lehen zatia. Aurrea hartu bai, baina errematatzea falta zitzaion Realari. Halakoetan heltzen dira arazoak.

Garesti ordaintzeko hutsa

Realak bide beretik ekin zion bigarren zatiari. Zelaiko hiru herenetara aise iritsi bai, baina baloiak oinak erretzen zizkien txuri-urdinei, behin eremu horretara ailegatuta. Iazko sasoiko mamuak azaldu ziren pixkanaka: Anoetan oinpean ibili ziren aurkari eskasagoek puntuak eraman zituztenekoak, alegia.

Mamu haiek hezurmamitu egin ziren 72. minutuan. Omoniako atzelariek luze jotako baloi bat Realeko atzelariek osatutako lerro artetik igaro zen, eta, behin arean sartuta, Aritz Elustondok ez zuen asmatu hura urruntzen. Ez hark, eta ez Alex Remiro atezainak. Bien arteko gaizki-ulertua ederki aprobetxatu zuen Bruno Felipek, markagailuan banakoa ezartzeko. 72. minutua zen.

Eskerrak Alexander Sorlothek erremedioa bazuela. Zortzi minutu geroago, lehentxeago zelairatutako norvegiarrak Takefusa Kuboren pase bat baliatu zuen, bigarren gola sartu eta garaipena lotzeko.

Azkenerako, uste baino larriago, baina Reala garaile. Partidaren joanari baino, puntuei erreparatu zien Imanol Alguacil entrenatzaileak, neurketaren amaieran: «Pozik nago, seitik sei [puntu] batu ditugulako, eta taldeak berdinketari erantzun ona eman diolako». Hurrengo jardunaldian, urriaren 6an, Realak Xeriff Tiraspolen aurka jokatuko du, etxetik kanpo, gaurko ordu berean: 18:45ean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.