REALA 0 - 0 ERROMA

Ehungarren aldian geratu da kontaketa

Realari amaitu zaio Europako ibilia; hutsean berdindu du Erromaren aurka, itzulerako partidan. Txuri-urdinak kamuts aritu dira azken metroetan; italiarrak, aldiz, eroso

Realeko Brais Mendez eta Erromako Georginio Wijnaldum baloia buruz jo nahirik. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
Jon Ander De la Hoz.
Donostia
2023ko martxoaren 17a
00:00
Entzun
Realak amaitu ditu sasoi honetakoak, Europa ligari dagokionez. Talde txuri-urdina txapelketatik kanpo geratu da final-zortzirenetan. Donostiarrek ilusioz gainezka ekin zioten itzulerako partidari, baina minutuek aurrera egin ahala zapuztu zitzaion ametsa. Hutsean amaitu zuen Erromaren aurkakoa, eta joaneko emaitzak erabaki zuen kanporaketa. Kito.

Okerrik ezean, Reala itzuliko da Europako lehiara. Azken urteetako joera du berme. Ordea, ehungarren aldian amaitu zaio orain arteko bidea, bestelako desioa izan arren. Bi goleko aldea behar zuen jokoa berdintzeko, hirukoa nagusitzeko, baina halakorik ez zen jazo. Zaleen erantzun bikainak—35.054 jarraitzaile bildu ziren Anoetara— ez zuen ordainik izan zelaian. Egiari zor, Erroma eroso aritu zen minuturik gehienetan, eta abantaila kudeatzea beste lanik ez zuen izan. Aldiz, etxekoak kamuts aritu ziren azken metroetan, eta urrun ikusi zuten final-laurdenetako helmuga.

Lehen zatiak agerian utzi zuen talde bakoitzaren nahia. Italiako multzoa presarik gabe zelairatu zen. Ailegatu, ikusi, eta sailkatu. Horixe zuen egitekoa. Realak, berriz, garaipenaren bila ekin zion norgehiagokari, baina zelaian ondo kokatzea izan zuen lehen egitekoa, Imanol Alguacil teknikariak bezperan ohartarazi moduan.

Prestatzaile oriotarrak bere talde onentsuena zelairatu zuen. Hots, sasoiaren hasierako partean emaitzarik onenak lortzea ahalbidetu ziona. Erdiko jokalariengan zamatu zuen jokoaren antolaketa, baina Erromak ez zion zirrikiturik utzi.

Bi taldeek estu hartu zuten aurkaria. Milimetrorik ere utzi gabe. Horrek zimeldu zuen bi areatako jokoa. Aukera gutxi izan zen, eta bisitariek izan zuten hasietako argiena. Gola ere egin zuten luzapenean, baina epaileak ezerezeanutzi zuen, Smallingek baloia eskuarekin ukitu zuela eta.

Realak hobeto ekin zion bigarren zatiari. Txuri-urdinek aurrerako urratsa egin zuten zelaian, eta estu hartu zuten Erroma. Ate aurrean asmatzea falta, ordea. Aukera argiak izan zituen bata bestearen atzetik, italiarren zelai zatian aritu baitziren une oro.

Alexander Sorlothek izan zuen estreinakoa; Mikel Oiartzabalek langara bota zuen baloia; Carlos Fernandezek bakar-bakarrik errematatu zuen; Take Kubo zelairatzeak espazioak zabaltzea ahalbidetu zion... Baina kale.

Kronometroak aurrera egin ahala makaldu zen Realaren grina. Erasoko jokaldiak tantakatu egin ziren partida amaierara gerturatu heinean, eta bost minuturen faltan, final-laurdenetara sailkatzeko ametsak ameskeria zirudien.

Hasi bezala amaitu zen norgehiagoka: hutsean berdinduta. Jose Mourinhori ezin hobeto atera zitzaion apustua. Deus egin gabe, aurrera. Apartekorik egin beharrik gabe, gainera. Lazioren aurkako derbia jokatuko du asteburuan, eta fresko izango ditu jokalariak.

Aldiz, Realari bukatu zaio aurtengo bira europarra. Espainiako liga besterik ez du aurrerantzean. Txapelketa horretan asmatu behar du orain, Europako kontagailua berriz ere martxan jartzeko.

Partida aurreko istiluak

Norgehiagokaren aurretik istiluak izan ziren bi taldeetako zaleen artean, Anoeta kanpoaldean. Hiru lagun atxilotu zituzten, eta beste bat erietxera eraman zuten, zaurituta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.