Eurokopa. Frantzia 1-0 Alemania

Gehiago daukanak irabazi du

Frantziak Alemaniari irabazi dio F multzoko partidan (1-0). Bere atean egin du gola Hummelsek. Garaileak aurrean trebezia handia erakutsi du

Mbappe baloia oinetan duela, ekainaren 8an, Bulgariaren aurkako lagunartekoan. CHRISTOPHE PETIT TESSON / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2021eko ekainaren 16a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Hummelsek, bere atean (20. min.).

Frantzia-Alemania partida handia izaten da ia beti. Historikoaren kutsua gehituta, gainera. Eurokopa honetan, lehen jardunaldiko azkeneko partida izatea egokitu zitzaien atzo bi selekzio handi horiei, eta bazen gogoa ikusteko. Zantzuak zeuden orain arteko partida ederrena izan zitekeela, eta ez zuten ustelik egin usteek. Frantziak irabazi zion Alemaniari, eta F multzoan bigarren jarri da, Portugalen atzetik. Baina irabazi, futbol ikusgarriak irabazi zuen. Eta esperantzak: zergatik ezingo da ba joko ederrik ikusi txapelketa honetan?

Une gozagarri asko eman zituzten bi taldeek. Bakoitzak bere moldean. Zoragarria izan zen, esate baterako, Alemaniak nola behartu zuen Frantzia zabalik defendatzera lehen hamar minutuetan. Zelaia bikain zabaldu zuen Kimmich eta Gosensekin, eta zuloak sortu horrela Frantzia indartsua den erdigunean. Ekimen taktiko horri baliabide ete eraginkortasun teknikoak gehitu zizkion atzo etxean aritu zen taldeak. Txapelketaren atariko zalantzak kolpe batekin uxatu zituen.

Gauza bakarra falta izan zitzaion, baina: aukariaren area inguruan arriskua sortzea. Hain justu, Frantziak egin zuena etxekoen area ingurura azaldu zen ia guztietan. Azkenean, azkeneko metroetan arriskua sortzeko trebezia izan zelako gakoa.

Frantzia ez zen uzkurtu Alemaniaren hasiera handiarekin, eta buruz burukoan sartu zen. Bai ondo moldatu ere. Hainbat erregistro menderatzen dituelako. Eta aurrealdean Benzema, Mbappe eta Griezmann izanda, erraz ulertzen da erasoan sortzaile sena erruz ateratzea. Lehen jaurtiketa Mbappek egin zuen, eta Neurrek urrundu zuen. Beste jokaldi batean, Hummels saiatu zen urruntzen, baina bere atean sartu zuen gola. Hogeigarren minutua zen. Ordutik, beste erregistro batean murgildu zen Frantzia: lerroak atzeratu zituen, zital ateratzeko. Alemaniak bizitasuna jaitsi zuen 30. minututik aurrera, eta Didier Deschampsen taldeak erakutsi zuen baloia soropil gainean ondo mugitzen ere badakiela.

Bigarren zatian ere kontraerasoaren maitale eginda atera zen Frantzia, eta sartu zituen bi gol Mbappek, baina jokoz kanpokoak balioagabetu zituen. Rabiotek zutoina ere jo zuen. Alemania baloiarekin ondo aritu zen, baina azken metroetan gauzak falta. Gnabryk izan zuen aukera onena bigarren zatiaren hastapenetan, baina kale egin zuen.

Beste jardunaldi bat gaurtik

Multzoen faseko bigarren jardunaldiari gaur emango zaio hasiera. Hiru partida jokatuko dituzte. B multzoan, Finlandia eta Rusia ariko dira (15:00etan, San Petersburgon). Finlandiak hiru puntu dauzka, eta Errusiak alerik ez. A multzoan, Turkiak eta Galesek jokatuko dute (18:00etan, Bakun), eta Italiak Suitza hartuko du (21:00tan, Erroman). Italiak hiru puntu ditu multzo horretan, Suitzak eta Galesek bana, eta Turkiak batere ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.