LIBURU AURRERAPENA

Mugimendu bat etorkizunaren bila

Pentsio sistema publikoaren erronkak aztertu ditu Jon Fernandezek 'Pentsioen geroa' liburuan. Ekainaren 25ean argitaratuko da, baina 22tik 24ra liburuaren 1. atalaren deskarga doan egin ahal izango da helbide honetan: berria.eus/aleka/pentsioen-geroa.

Pentsiodunen protesta, ekainaren hasieran, Bilbon. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
2020ko ekainaren 21a
00:00
Entzun
4. ATALA
Zaintzea zama denean


«Begira zer galdera egin zidan lankide ohi batek joan den astean». Lourdes Pulidok bizitasunez hasi du kontaketa. Hiru hamarkada egin ditu zahar etxeetan lanean, orain erretiratuta dago, eta euskal emakume pentsiodunen Oneka plataformako kidea da. «Erizain laguntzailea da bera, nire lankide ohia. Honela esan zidan: 'Zergatik daukat nik orain Javik izen bat esatearren baino pentsio txikiagoa, biok soldata berbera izan badugu beti?'. Eta orduan hasi nintzaion azaltzen: 'Javik ez du ez eszedentziarik hartu eta ez lanaldi murrizketarik eskatu seme-alabak zaintzeko, ezta? Zuk, aldiz, eszedentziak hartu dituzu seme-alaba bakoitzeko eta, gainera, zeure eskubide osoa daukazunez, ahal izan dituzun lanaldi murrizketa guztiak hartu izan dituzu zaintzarako. Horregatik, azken 25 urteetako kotizazio oinarriak, zureak eta Javirenak, ez dira berdinak'. Kostatu zitzaion ulertzea, baina ulertu zuen».

Pulidoren lankide ohiaren kasua ez da salbuespena, baizik eta araua. 2018an, Emakunderen arabera, soldata arrakala %24koa zen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Era berean, Hego Euskal Herrian emakumeen batez besteko erretiro pentsioa gizonena baino %39 apalagoa zen alderaketa egiteko: EBn %16koa zen. Emakume erretiratuek hilean 993 euroko pentsioa jasotzen zuten batez beste, eta gizonek, 1.626 eurokoa: hilean 633 euro gutxiago beraz.

Gizarte Segurantza, hein batean, gizartearen ispilu handi bat da. Hau da, birsortu egiten ditu lan merkatua eta ordainik gabeko zaintza lanak sexuen arabera antolatuta egoteak eragiten dituen desorekak. Betikotu egiten ditu.

Horregatik, Hegoaldeko pentsiodunek berariaz jarri zuten arreta emakumeen diskriminazioan 2019ko abenduan Gasteizko eta Iruñeko ganberetan erregistratutako eskaera zerrendetan. Neurri zehatzak eskatu zituzten, hala nola kotizazio aldi luzeagoak aitortzea senideak edo seme-alabak zaintzeagatik bakarrik 2016tik aurrera erretiratutako emakumeek jasotzen dituzte %5 eta %15 bitarteko gainsariak seme-alaba kopuruaren arabera, eta zaintza lanen aitortza soziala eta ekonomikoa egitea 65 urtetik gorakoei kotizaziorik gabeko pentsio berezi baten bidez.

Debatea sakona da, ekonomia feministak behin eta berriz plazaratu duena: alde batetik, bistaratu beharra dagoela ezen, soldatapeko lan merkatu kapitalistak funtzionatu ahal izateko, handik kanpo, itzalpean, zaintza lan erraldoia jartzen dela emakumeen bizkar; eta, bestetik, bizitza duina jarri beharra dagoela antolaketa sozioekonomikoaren erdigunean kapitalaren ordez.

«Munduan eragin ahal izateko, lehenik eta behin mundua bera birpentsatu behar dugu», gomendatzen du Amaia Perez Orozco ekonomialari feministak. Bada, hausnarketa bide horretan sartu dira buru-belarri pentsiodunak.

5. ATALA
Aberastasunaren banaketa
Zerga presioa


[...]

ELAk 2018an egindako fiskalitate azterketaren arabera, Hegoaldeko presio fiskala BPGaren %31koa zen 2015ean zergak eta Gizarte Segurantzako kotizazioak hartzen ditu aintzat, Europako Batasuneko batezbestekoa baino 7,7 puntu apalagoa eta Espainiakoa baino ia hiru puntu txikiagoa. ELAk kalkulatu du euskal ogasunek urtean 6.728 milioi euro gehiago bilduko lituzketela baldin eta EBko batez besteko zerga presioa ezarriko balute (BPGaren %38,7): 5.052 milioi euro gehiago Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta 1.675 milioi euro gehiago Nafarroan.

Espainiako zergapetze maila zertxobait handiagoa da Hego Euskal Herrikoa baino, baina EBko batez bestekoa baino apalagoa hura ere, BPGaren %33,9koa. Zerga bilketaren maila Europako batez bestekora igoz gero, Espainiak urtean 50.000 miloi euro inguru gehiago bilduko lituzke, eta horrekin estali ahal izango luke Gizarte Segurantzaren ia 19.000 milioi euroko defizita, adibidez. Frantziak, ostera, EBko presio fiskalik handienetakoa dauka, Danimarkarekin batera; BPGaren %46 ingurukoa zen 2015ean.

«Espainia prest balego presio fiskala EBko mailara igotzeko, ordaindu ahalko lirateke pentsioak, menpekotasuna, osasuna...», adierazi du Ignacio Zubiri EHUko Ogasun Publikoko katedradunak. Hala ere, uste du kalkulu horiek guztiek balio dutela paperaren gainean, baina errealitatea hori baino konplexuagoa dela. «Sinistu dezakegu presio fiskala igoko dutenik? Ez», esan du irmo. «Hemen bizio txar bat daukagu: inork ez du sinisten Jainkoan, baina mundu guztiak sinisten du mirarietan. Eskuineko guztiek esaten dute zergak jaitsi ditzaketela eta gehiago gastatu, hazkunde ekonomikoari esker; ezkerrekoek diote iruzur fiskala murriztuta eta aberatsei zergak igota dena konpontzen dela. Baina zenbakiek ez dute ematen: ez bide batetik, ez bestetik. Egia da iruzur fiskal handia dagoela, egia da tartea dagoela gauza askorentzat... Baina uste dut ez dagoela inor hori egiteko borondatea eta gaitasuna daukanik», ondorioztatu du.

8. ATALA
Zailtasunak eta aukerak
Pluraltasunaren kudeaketa


[...]

Elkarren arteko desadostasunak desadostasun eta tentsioak tentsio, pentsiodunen kolektiboko korronte ezberdinek pluraltasunari eta batasunari eusteko mezua nabarmendu dute. «Nik ez nuke nahi, adibidez, pentsiodunen aldarrikapenak erabiltzea borroka politiko baterako, alderdien arteko borrokarako. Halakoek kezkatu egiten naute pixka bat», esan du Agijupenseko presidenteak. Mugimenduaren barruko ahots batzuen «tonu zakarra eta gogorra» leuntzeko ere eskatu du, baina ez du arriskurik ikusten mugimendua apurtzeko: «Nik uste dut inportantea dela desberdintasunean elkartasun minimoetara iristea. Gure indargunea horixe da».

Xabier Isasak, Bizkaiko Pentsiodunak Martxan elkarteko ordezkariak azaldu du taldearen motorra dela iritzi kontrajarriak kontrastatzea eta akordioak egiten saiatzea. Are gehiago beste eragile batzuekin elkarlana sakontzea erabaki zutenetik: «Momentu batera arte, koadro bat irudikatzen egon gara, baina brotxa lodiarekin. Orain, denbora aurrera doan neurrian, tokatzen zaigu brotxa finagoa erabiltzea, koadroa gehiago zehaztea. Xehetasun horiek ateratzen diren neurrian, kontraesan sakonagoak ateratzen dira. Denboraren poderioz, etengabe egin behar diegu aurre erronka berriei: bai sistemak berak jartzen dizkigun erronkei, bai eta gure barnean sortzen direnei ere. Azken batean, geu ere sistemaren produktu bat gara. Etengabeko dinamika bat da gurea».

Aniztasuna eta elkarkidetza goraipatu ditu Duintasuna elkarteko Maria Serranok ere: «Iruditzen zait mugimenduaren alde onei, osasuntsuei, erresilienteei begira egon behar dugula beti, bidetik ez ateratzeko, zeren sistemak berak, botereen sistemak, gaitasun handia dauka gu zatitzeko». CCOOko Eduardo Garcia Elosuak, era berean, zatiketaren antzutasunaz hitz egin du, Tazito erromatar historialariaren esapide bati helduta: «Nork bere aldetik borroka egiten dutenek porrotean egiten dute bat». Garcia Elosuak pentsatzen du «pena» izango litzatekeela hausturaren bat gertatzea, «zeren funtsean ados gaude pentsio sistema publikoaren defentsan, zeina ez baita arazo ekonomiko bat, baizik eta aberastasunaren banaketaren arazo bat». Itxaropena du pentsiodunengan: «Uste dut behar adinako esfortzua egingo dela hausturarik ez izateko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.