JOVENTUT 83 - 76 BASKONIA

Ametsa amesgaizto bihurtu da

Final-laurdenetako bigarren partida ere galdu egin du Baskoniak, eta amaitu da arabarren denboraldia. Kopan bezala, final-laurdenetan kaleratu du Joventutek

Joan Peñarroya haserre, atzo, Badalonan. ALEJANDRO GARCIA / EFE.
Beñat Mujika Telleria.
2023ko maiatzaren 31
00:00
Entzun

Markagailua. 21-19, 46-40 (atsedenaldian); 71-62 eta 86-78. Saskiratzaile onenak. Joventuten, Xaxa Vezenkov (23 puntu), eta Baskonian, Marcus Howard (29 puntu..

Sasoi erregular bikain baten ostean Baskoniaren zale askok amets egiteko parada zeukaten, baina ez dute begiak ixteko betarik ere eduki. Kolpe gogorra jaso zuten atzo, Joventuten aurka final-laurdenetako bigarren partida galduta. Ezustean, baina lehen geltokian gelditu da Baskoniaren trena. Orain arte bezala, makal aritu da Baskonia une erabakigarrietan, eta Espainiako Kopan gertatu bezala, final-laurdenetan kanporatu du Joventutek.

Partidak oso hasiera orekatua izan zuen. Nabaria zen tentsioa. Etxekoek finalerdietara igarotzea zuten jokoan, eta Baskoniak, berriz, ez zuen denboraldia amaitzerik nahi. Horrek defentsan sendo aritzera behartu zituen jokalariak. Joventutek kanpoko jaurtiketekin soilik lortu zituen lehen minutuetan saskiratzeak. Baina arabarren kalterako, fin aritu ziren kataluniarren jaurtitzaileak. Bost aldiz asmatu zuten lehen laurdenean hiruko marratik.

Lehen minutuetako tentsioa pasa zenean, ordea, zirrikituak aurkitu zituzten bi taldeek, eta boxeolarien antzera aritu ziren; kolpeak jasoz eta emanez. Baskoniak lehen partidan baino barnekaldi gehiago egiteko aukera izan zuen. Hala ere, Markus Howardek bere gain hartu zuen puntuak sartzearen erantzukizuna. Estatubatuarrak hainbat aldiz apurtu zuen Penyaren armiarma sarea. Buruz buruko jokaldiekin batzuetan, eta, batez ere, blokeoetatik aterata egindako urruneko jaurtiketetan. Ederra izan zen Kyle Guyrekin izan zuen lehia. Penyako jaurtitzaileak bederatzi puntu eskuratu zituen lehen laurdenean, hiru hiruko sartuta. Howardek, berriz, hamahiru zeramatzan atsedenaldian.

Darius Thompsonen hutsunea nabaritu zuen Baskoniak. Antolatzailea da arabarren iparrorratza erasoan, eta azkarregi egin zituen bi falta. Aulkira eraman behar izan zuen Joan Peñarroyak, eta hura gabe, zailtasun gehiago izan zituzten arabarrek. Atsedenaldira joateko minutu baten faltan berdinduta zegoen markagailua. Baina Baskoniak garesti ordaindu zituen tarte horretan egindako akatsak; 6-0eko partzialarekin, 46-40 amaitu zen lehen zatia.

Une erabakigarrietan kale

Bigarren laurdenaren hondarrean ikustekoa izan zen Peñarroyaren haserrea, eta atsedenaldian esan beharrekoak esan ostean, gogotsu kantxaratu zen Baskonia. 0-7ko partziala egin zuten arabarrek, eta aurretik jarri ziren markagailuan. Joventutek, baina, zaleen bultzada jaso zuen, eta jokalari txikien abiadura baliatuta, eta erasoko errebotea landuta, 12-3ko partziala egin zuen. Hutsartea eskatu behar izan zuen Peñarroyak 27. minutuan, zortzi puntuko aldea ordura arteko handiena baitzen (62-54).

Erasoan jokoa sortzeko arazo nabarmenekin aritu zen Baskonia. Thompson motzean lotu zuten Guillem Vivesek eta Andres Felizek. Hori nahikoa ez, eta hirugarren laurdena amaitu aurretik laugarren falta egin zuen Howardek. Oso jokalari gutxik daukate Baskoniaren izarraren puntuak sartzeko gaitasuna, baina sasoi osoan ikusi bezala, asko sufritzen du defentsan. Sentsazioak ez ziren onenak, eta azken segundoan saskiratze ikusgarria lortu zuen Guyk. Ia zelai erditik egin zuen jaurtiketa, eta min handia egin zion Baskoniari. Psikologikoki minduta zegoen taldea, eta laugarren laurden hasieran argi gelditu zen. Hutsegite larriak defentsan, itxi gabeko erreboteak, arrisku handirik gabeko baloi galduak... partidatik at zegoen Baskonia. Zonakako defentsa batekin (2-3) ahalegindu zen Peñarroya defentsako arazoei konponbidea jartzen, baina errebotean zuloa utzi zuten, eta behin eta berriro zigortu zuen hori Penyak. Hobeak izan ziren Badalonakoak, eta Peñarroyak hori onartu zuen partida amaieran: «Hiru partida txar jokatu ditugu aurkari beraren aurka, eta guztiz baldintzatu dute ona zen denboraldi bat».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.