Leganes 1-1 Athletic

Beti da ona kanpoan batzea

Athleticek gehien sufritzen ari zenean hartu du aurrea, baina gutxi iraun dio pozak. Hala ere, galdu barik segitzen du

Youssef En-Nesyri eta Iñigo Cordoba, lehian, atzo, Butarquen. SEBASTIAN MARISCAL / EFE.
haritz gallastegi
2019ko irailaren 26a
00:00
Entzun
Golak. 0-1: Raul Garciak, penaltiz (59. min). 1-1: Oscar Rodriguezek (62. min). Epailea. Gonzalez Gonzalez. Txartel horiak: Athleticeko Dani Garciari. Bestelakoak. 11.036 ikusle Butarquen.

Athleticek puntu bat irabazi du Butarquen. Beste bat. Ez da gutxi. Balekotzat eman beharra dago. Ez du gehiago merezi izan. Galtzea ere ez, Leganesek, zaleen aurrean jokatu arren, zuri-gorriei errespetu handia diela erakutsi baitu. Athleticen jokoak gorabeherak izan ditu. Aparteko ezer erakutsi gabe neurketaren lehen ordu erdia eta lehiaren azken zatia kontrolpean izan du. Tartean, atsedenaldi aurretik eta ondorengo lehen minutuetan gehiago kostatu zaio kontrarioa zaintzea. Leganesen kontra irabazitako puntuak sailkapenaren goiko aldean jarraitzeko balio dio.

Zuri-gorrien hamaikakoan bost berritasun egon ziren. Gaizka Garitanok taldea freskatu gura izan zuen aurreko partidetako erritmoa mantentzeko: Beñat, Larrazabal, Nuñez eta Cordoba aukeratuen artean ikusteak ez zuen inor harritu, baina ezusteko galanta izan zen Herrerinen alde egin izana. Ez zegoen arrazoirik aldaketa egongo zenik pentsatzeko. Herrerinek ez zuen eraginik izan azken emaitzan. Bere lana ondo bete zuen. Ohikoa den legez, lasai aritu zen, eta gelditu beharreko guztia gelditu zuen. Leganesen golean gehiago egin zezakeela pentsatuko duenik egongo da, baina zuzenean falta jaurti zuen Oscarren meritua dela dirudi.

Athleticek ondo heldu zion lehiari. Konfiantzarekin zelairatu zen. Aurkariaren premiekin jokatzeari uko egin eta lehen minututik egin zuen aurrera. Neurketa hasieran Larrazabal izan zuri-gorririk onena. Eskuin hegaleko bizia eta ausarta dela erakutsi zuen. Horrez gain, ondo erdiratzen du. Hala ere, bere ekarpena ez zen nahikoa izan aukera garbiak sortzeko. Etxekoek, berriz, ordu erdi itxaron zuten erasora joateko. Mauricio Pelegrinok luze jokatzeko eskatu zien eta asmatu egin zuen. Guido Carrillo aurrelaria maisua da jokamolde horretan, eta argentinarraren ekarpena ezinbestekoa izan zen En-Nesyri agertzeko. Aurrelari marokoarrak area ertzetik egindako jaurtiketa izan zen lehen zatiko jokaldirik aipagarriena. Herrerinek ondo erantzun zuen.

Bigarren zatia biziagoa izan zen. Bi taldeek zuloak utzi zituzten defentsan, eta horrek lana eman zien atezainei. Carrillok gertu izan zuen gola eskuin hegaletik ateratako falta bat buruz errematatuta, baina bere errematea ate erdian zain zegoen Herrerinen eskuetara joan zen. Athletic sufritzen ari zen. Ez zen gai komeni zitzaion erritmoa jartzeko. Bada, garairik txarrenean egin zuen penaltia Leganesek. Beñatek area barruan zegoen Larrazabali eman zion pasea, eta eskuin hegalekoak buelta erdia eman zuenean atera begira jartzeko Bustinzak jo egin zuen oinean, eta lurrera bota. Raul Garciak sasoiko laugarren gola sartzeko baliatu zuen penaltia. Hala ere, Athleticek ez zuen denborarik izan aldeari etekina ateratzeko. Golaren ondoren Leganesek egin zuen lehen erasoko jokaldian Beñatek falta egin zion Oscarri, eta erdilariak gol ederra sartu zuen faltaz. Neurketako minuturik eroenak izan ziren. Izan ere, hurrengo bi minutuetan Raul Garciak areaz kanpotik eta Dani Garciak buruz korner batean Athletic bigarrenez aurretik jartzeko aukera izan zuten. Ez zuten asmatu. Azken minutuetan irabazitakoa ez galtzea izan zuten xede bi taldeek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.