LIBURU AURRERAPENA

Julien Vinsonen hegaldia

Euskara ikasle bat Boloniako unibertsitatean, euskararen heriotza iragarri zuen Julien Vinson hizkuntzalaria karlistek setiatutako Iruñera globoz heldu zeneko bidaia ikertzen. Hortxe Patxi Zubizarretaren (Ordizia, Gipuzkoa, 1964) nobela berriaren ardatza.

2019ko martxoaren 23a
00:00
Entzun
Erdiminez, amak mundura jaurtitzen gaituen istant miragarriaren antzera, bizitzan badira zenbait une inauguratzaile, hala nola haur denboran txirristatik lehen aldiz gurasoen laguntzarik gabe amiltzen garenean; edota, gaztaroan, norbaitek haitz batetik ezustean bultza eginik, ibai edo osinen batera aurrenekoz abailtzen garenean: espazioan hegan sentitzen gara orduan, espantuka, egoera anomalo horretara egokitu ezinik; eta igerian jarraitzen dugu gero, uretan pulunpan, arnasa faltan, hondoratzeko eta itotzeko zorian.

Arras efimeroak izaki, gizakioi erraza zaigu une inauguratzaile horiek ahanztea, baina halakoxe sentipenak berritzen ditugu malkar elurtu batetik lehenengoz oldartzen garenean, edota mendate bateko aldapa pikoa aurreneko aldian bizikletaz jaisten dugunean; halatsu, aizkoraz haritz bati gerri aldetik kolpez kolpe ekin, eta, enborra erdizka hustu den hareazko erloju baten gisara geratu zaigularik, eskua azalean pausatu, eta eror dadin bultza egiten diogunean, lehen aldian gehienbat. Isiltasunak, oihuek edo garrasiek biltzen dituzten une fundatzaile horietan guztietan jaitsi egiten gara, edo jausi, edo amildu, horixe gizakion berezko eta ezinbesteko ezaugarri unibertsala balitz bezala.

Alabaina, bizitzan badira bestelako une inauguratzaileak ere, ohiz kanpokoak, legez eta naturaz gaindikoak diruditenak, eta horietan, kontrara, igo egiten gara, edo goratu, edo aireratu. Gazte denboran, haragiaren ikarak lehenengoz hegoak ematen dizkigunean, esate batera; baita ardoak bezalaxe edozein narkotikok arintzen eta kasik lebitatzen jartzen gaituenean ere; edota, oroz gain eta bereziki, lehendabiziko aldiz zeruratzen garenean, zeren orduan, sostenguz eta loturaz gabetuak, une horrexetan erabat hutsal eta izuak hartuak sentitzen baikara, airearen espazio arrotzean estasian eta alderrai.

Horixe gertatu zen Lapurdiko hiriburuan globo aerostatiko bat, hiru orduko betealdiaren ondotik, udaletxeko plazatik geldo bezain miresgarriro altxatzen hasi zenean. Bazko astelehena zen, 1875eko martxoaren 29a, eta aerostatoak Saturno zuen izena. Egia esatera, ikusleen errezeloak gorabehera, bazen aski segurantzia eta bermerik, izan ere Eugène Godard aeronauta adituarentzat 1.265. igoaldia baitzen eta Jules Vernek berak ez baitzuen adiskidea nolanahi laudatu: «Egon ziur Godard pilotuaren esku dagoen edozein bidaia aerostatiko batere arriskurik gabea dela. Trebatua eta ausarta izaki, ongitxo daki nora doan, primeran daki non jaitsiko den, bere sen preziatuak argi erakusten dio non komeni zaion lurreratzea. Berme hauekin guztiekin, haren hegaldiek segurtasunak oro eskaintzen dituzte eta ametsak dira, izan, hegaldi baino gehiago, baina oso amets llaburrak edonola ere». Hori guztia sinetsi nahi izan zuten bederen Julien izeneko jaun aljeriarrak —pilotuaren ikasle eta piroteknikaria—, Sénamaud negozio gizon bordelesak eta, oroz gain, azken orduko hirugarren gonbidatuak, lehen une inauguratzaile hark erakarria inondik ere.

Saturnoren hegaldiaren aurreko egunetan, hainbat iragarki eman ziren argitara Baionako egunkarietan, hamaika afixa itsatsi zituzten hiriburuko hormetan, baina igoaldirako eskaini ziren bost plazetarako inortxo ere agertzen ez, halako esperientzia anomalorako inortxok ere gogorik erakutsi ez. Nazareteko gurutziltzatu zeruratu berriak ere ez bide zuen aski konfiantzarik eragiten, eta Aste Sainduaren lurrinean mesfidantzari izua nahasten zitzaion. Hala bada, partaide faltan hegaldatzeko proposamena Zientzia eta Arteen elkarteko idazkari Julien Vinsoni egin ziotelarik, baiezko erantzuna eman zuen hirugarren gonbidatuak. Baina abiatzeko unean norbaitek etxean giltzapetu zuen, eta bidaiari gonbidatua nekez iritsi ahal izan zen Arma Plaza jendetsura; doi-doia lortu zuen garaiz saskiratzea.

Gertatu zen, gainera, Eugène Godardek noizbait ere «Askatu guztia!», hots egin ostean, aerostatoa jendetzaren habarrots artean eztiki goratzen hastearekin batera, ipar-mendebaldeko haize bizia harrotu zela eta, apenas inor konturatu ez bazen ere, globoa antzokiko teilatu aldera hurreratu zela, ezin arriskutsuago hurreratu ere, unetik unera tximistorratzatik hurbilago. Pilotuak zazpi ahaleginak egin behar izan zituen ontzitxoa handik aldentzeko, jaitsi, jausi edo amildu ez egiteko eta, finean, hondamendi lotsagarria garaipen loriatsutik urruntzeko.

Vinson jauna Baionako oihantzain burua zen; euskalaria ere bazen, orduko bascologue haietarik, eta hori guztia kontakizun batean laburbildu zuen elkarte zientifiko-artistikoaren kideentzat: Ascension du Saturne - rapport sur le voyage aérostatique du 29 mars 1875. Hegaldiaren benetako arriskua non zegoen nabarmentzearren, bere idazkian bi urte lehenago Gonesse-n jausitako globoaren ingurukoak jaso zituen: «tramankulu gas hidrogenodun hura, exorzizatua eta anatematizatua, akaberan nekazari ezjakinen labankadez birrindua gertatu zen». Autore frantsesa, bere balentria baino gehiago, zeharka, oso zeharka, ez ote zitzaigun bere izu-ikara aditzera ematen ari?

Guztiarekin, Baionako igoaldian, fortunaz ez zen halako ezbeharrik suertatu, lau bidaztiak ez ziren zientziaren martiri gertatu, eta globo aerostatikoa, tximistorratza bazter utzirik eta behingoz onik zeruratu zelarik, 17:40 ziren Askatasunaren Plazako monumentuaren erlojuan: zeruratzeko istant inauguratzaile bezain miresgarria halakorik egundo ikusia ez zuten baionesentzat eta, are kontzienteagoa eta liluragarriagoa, burlaizean globonoiko esaten zietenentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.