LIBURU AURRERAPENA

Zero gradua

Juan Kruz Igerabide idazlearen (Aduna, Gipuzkoa, 1956) 'Doneaneko alaba' eleberrian, 1936ko gerrako gertakari latz batek txirikordatzen ditu unibertsitateko literatura irakasle eszeptiko bat den narratzailearen eta Doneaneko alaba gazte poetaren bizialdiak.

MARIAJE FUENTE.
2021eko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Txapelokerretako bat, itxuraz oso gaztea, artean bizarrik ez baitzeukan, danborra zegoen aulkira hurbildu zen. Begira egon zitzaion une batez. Danborrak begirada destainaz itzultzen ziola ematen zuen. Gero, zakar samar helduta, makilatxoez dinbi-danba joka hasi zen, hots desatseginak ateraz.

...—Utz ezak hori! —agindu zion txapelokerren buruak.

Eta niri begiratu zidan:

—Hirea, ala?

Buruaz baietz egin nion. Ez neukan batere gogorik danborra jotzen hasteko. Aitari begiratu nion. Kupeletik ardo-botilak betetzen jarraitzen zuen, tarteka niri begira, tarteka amari sukaldeko ate irekitik. Keinu bat egin zidan, lasaiarazi nahian, baina begi-ertzak zirkin egin zion. Gurekin haserretzen zenean pasatzen zitzaion hori; ez nekien izuak jotakoan ere gauza bera gertatzen zitzaionik. Egia esateko, ordura arte ez nuen inoiz ikusi aita beldurrak airean.

—Jo ezak!

Txapelokerren buruak, danborra soldaduari zakar kenduta, niri ekarri zidan. Aitari begiratu nion. Baietz iradoki zidan keinu txiki-txiki batez. Txapelokerra gizon kankailua zen, sendoa eta gihartsua, ihesi joan berri zen txinelaren parekoa. Paparretik heldu zidan esku batez; gorantz jasorik, mostradorearen gainera atera ninduen. Bitarte horretan, buru barruan ibilbide bat egin nuen, mendiarteko tximinia horietako batean haize-zirimolak jasotako orbela bezala aireratua, harkaitzen ertz zorrotzen igurtzi lakarra sumatuz; gogoeta egiteko denborarik eman balit, ate-uztaitik parez pare nekusan Jasokunde elizaren itzalari begira, beharbada pentsatuko nuen Ama Birjinak ere halako zerbait sentituko zuela, leunago noski, jasokundea gertatu zitzaionean. Minak zakar atera ninduen, ordea, neure barrunbetik; munstro batek zuhaitza sustraietatik nola, hala erauzi ninduen atzapar zakarrak gorantz. Mostradorearen ertzean eserita, danborrari sokak estutzen hasi nintzen, mina ahaztu nahirik. Txapelokerrak makilatxoak eskuetan jarri zizkidan, zakar berriro. Neure onera ahal bezainbat etorrita, ttarrapattattan lotsati bat jo nuen, luze, zakukada arto ontzi batera leunki husten ari banintz bezala. Soldaduek ez zidaten begiratu ere egiten. Amaiturik, makilak alde batera utzi nituen.

—Jo ezak Gernikako Arbola —agindu zidan txapelokerren buruak.

Ezagutzen nuen pieza; erritmoa markatzen hasi nintzen, musikaren azentu luzatuetan arrada laburrak eginez. Tabernan zeuden txapelokerrek gainerako soldadu guztiak isilarazi zituzten. Txapelokerren buruak elizako kanta sakratu bat balitz bezala kantatu zuen pieza, eta denek txapela erantzita entzun zioten; soldaduei ere kasketa kenarazi zieten. Bigarren bueltan, eresia ezagutzen zutenak kantari jardun ziren. Amaitutakoan bibaka ekingo ziotela uste nuen, baina isilik geratu ziren denak, begietan etxeko nostalgia ageri zutela. Ahots batek eten zuen isiltasuna, mahai batetik.

—¡Una jota, chaval!

«Ya vienen los segadores de segar de los Monegros» kantatzen hasi zen, oso goitik, nahiko txukun. Lagundu egin nion, leun-leun, tarteko isilaldietan tarrapata ozenagoak joz. Segar hitza esaten zuen bakoitzean, lepoa mozteko keinua egiten zuen. Gero, beste jota batzuk ere kantatu zituen.

Jota haietako baten erdian, berebiziko garrasiak heldu ziren kanpotik, txerria hiltzen genuenean baino ziztagarriagoak, enara multzo batek airea behin eta berriz zeharkatzen duenean bezalakoak. Danborra mututu nuen. Soldadu batzuek Doneaneko Mikela sartu zuten bultzaka tabernara, eta txapelokerren buruak zaplaztekoak eman zizkion, isilarazi zuen arte. Begirada neure baitara bildu zitzaidan, lehen ikusitako gorputzen eta txapel gorrien joan-etorrien irudi nahasiak eta entzundako hots eta oihuak zirimola batean bilduz; egoera larri hartan, irudi komikoak igaro ziren nire buru barruko pantailan, irudi osatu gabeak, aurpegiaren erdia falta zitzaienak, edo eskurik gabeak, edo begirik gabeak, patetikoak bezain barregarriak; haietako batek mingaina atera eta, sartzerakoan, kameleoi batek bezala bildu zuen. Berriro arreta kanpora ekarri nuenean, Mikelak begietara begiratzen zion txapelokerren buruari, begi-niniak estu-estu, intziriak ezpain artean itoz, hortz artetik sugearen moduko ziztuak ihes egiten ziola. Hura ez zen nik ezagutzen nuen Mikela eztia, hura ez zen nik ezagutzen nuen Mikela aurpegi-polita, hura ez zen nik ezagutzen nuen Mikela irribarretsu dantzari arina; haren begiradak ez zirudien mundu honetakoa.

Handik pixka batera, Auxtin Ttiki sartu zuten arrastaka; bultzaka ibili zuten, zaku bat balitz bezala. Galderak egin zizkioten. Auxtin, burumakur, hondoa jota, mutu; beti irribarrea ahoan zuela ezagutua nuen nire lehen danbor-maisua, artean oso gaztea, ezkondu berria, hondoa jota, infernuko zuloraino umiliatua. Hark ere beste norbait zirudien, begiak aurpegitik ihes egiteko zorian, mamu ikaragarri batek beso artean estu-estu lotu balu bezala.

—Eraman ezak andrea etxera! —agindu zion, zakar, txapelokerren buruak—. Eta eutsi atez barrutik atso ero horri, arazoak izan nahi ez badituk!

Doneaneko Mikelak soinekoa tarrataz beterik zeukan; izter guri baten eta sabelaren zati bana bistaratzen zitzaizkion mugitzen zenean; harategiko okela zatiak gehiago iruditu zitzaizkidan gorputz-atalak baino. Eta nire begiradak berriro barrura egin zuen, irudi guztiak aienatuz, zulo beltz batek barrunbea betetzen zidala.

Une honetan, kontakizuna zero graduan etenik geratzen da. Idazmena, izotz artean mutu, ez Roland Barthesek zioen absentziaren estiloan sorturiko estiloaren absentzia ideal gisa, baizik eta erabat izozturik, zero graduan. Idatzi batzuk izozturik geratzen dira, gehiago esan ezinez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.