Real Madril 83-71 Baskonia

Epilogoa falta da

Baskoniak galdu egin du bigarren partida ere Real Madrilen pistan, eta oso zail dauka ACB ligako finalerako sailkatzea. Etsita aritu da ia talde osoa

ZIPI ARAGON / EFE.
Aitor Manterola Garate.
2022ko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Markagailua. 18-15; 40-30 (atsedenaldian); 66-45 eta 83-71. Saskiratzaile onenak. Real Madrileko Adam Hanga (18 puntu) eta Baskoniako Vanja Marinkovic (17 puntu).

Kirol lehiaketa bat liburu zuri bat da. Taldeak dira idazleak, eta partidaz partida joaten dira osatzen orrialdeak. Bitci Baskoniarena gertu dago akaberatik. Epilogoa idazten hasteko ez zaie asko falta jokalariei. Beste partida bat galtzen badute, liburua inprentara eramateko moduan utziko dute. Eta orduan aztertuko dute dakitenek, kritikoek, zer-nolako liburua osatu duen taldeak denboraldi honetan.

Kinka larrian dago ACB ligako finalerdietan. Berriz galdu zuelako atzo Real Madrilen etxean (83-71). Beste ale batean galtzaile bada, akabo denboraldia. Etzi gauean Gasteizen jarriko dira parez pare berriz ere bi taldeak (21:00). Baskoniak irabazten badu, epilogoa idazteko lana pixka bat atzeratuko du: beste partida bat. Hori ere atzeratzea lortuko balu, Madrilen erabakiko litzateke kanporaketa, kale edo bale.

Baina, liburua amaitu gabe badago ere, kritikoak zain dauzka orri multzoak. Ez baita aditua izan behar ere epilogoa oso gertu dagoela antzemateko. Ematear da eman beharrekoa denboraldi triste hau Baskoniarentzat. Aldarte horrekin joan dira idazten kapituluak, eta nahikoa da aurreneko pasarteak irakurtzea bukaerak ezer onik ez zuela ekarriko asmatzeko.

Atzokoa adibide. Partida iluna jokatu zuen Neven Spahijaren taldeak. Eta ez da gehiago edo gutxiago saskiratzearen kontua. Ez da Real Madrilen jokalarietako edozein izaten ari dela hemengoen borrero, saskiratze asko jarraian sartuz. Ez da hori. Borrokarako gaitasunik eza azaltzea da gogorra, non eta Baskonian, bereizgarri eta ikurretako bat izaera sonatua duenean. Azkar etsitzea ez dago onartuta, eta atzo ere segituan etsi zuten guztiek.

Nekeari egin zion aipua atzo ere Spahijak. Valentziaren aurkako kanporaketa estua gogoan. Astelehen gauean aurkari hori kanporatu eta sei egunera, dagoeneko hurrengo kanporaketako bi partida jokatuta baitauzka taldeak. Horrela izango da, baina kroaziarrak aspaldian ez du talde osoa erabili. Ezta atzo ere. Hirugarren laurdenaren erdialderako burutuak zituen lanak Real Madrilek, hogei puntutik gorako aldeekin, baina Baskoniaren harrobiko gazteetan lehendabizikoa ateratzen Sander Raieste izan zen, zazpi minutu falta zirenean partida amaitzeko. Tadas Sedekerskis lau minutu falta zirenean atera zuen,eta Arturs Kurucsek ez zuen alerik jokatu. Nekatuta badago taldea, ez da logikoa jokalari horiekin gehien jokatzen ari direnei atseden ez ematea. Etziko partidan hankak eta burua arinago izate aldera entrenatzailearen gogokoagoa den jokalari multzo txikiak.

Atzo ere ematen zuen edozein baliabiderekin irabaziko ziola Real Madrilek Baskoniari. Hasieran Edy Tavares erraldoia izan zen, barruko jokoaren jabe eginda. Hala ere, hiru puntu bakarrik zen atzetik Baskonia. Bigarren laurdenaren hasieran etorri zitzaion aurreneko uholdea: 13-0eko partziala, Rudy Fernandezi eta atzo joko-antolatzaile petoa ematen zuen Adam Hangari esker. Hamalau puntu behera. Suspertu zen Spahijaren taldea, bost puntura ere jarri zen hamaseigarren minutuan, baina Nuñez gazteak jantzi zuen borrero mozorroa: hamar behera atsedenaldira. Hirugarren laurdenean erabateko hondamendia heldu zen, eta batere balio ez duten minutuak ia partida osoaren erdia izan ziren, norgehiagoken amaierakoak izaten direnean ia beti.

Lotsarenak egin zituen bakarra Vanja Marinkovic izan zen, azkeneko laurden oso ona eginez. Gaia baduela erakutsi zuen, behintzat. Beste guztiak alderrai ibili ziren 40 minutuz, denboraldi honetansarriegi idatzi izan duten bezala.

Zuzendaritzari ere berea

Kontua da idazle hauei argitaletxeak (zuzendaritzak edota kirol arduradunek) eman ziela denboraldi honetako liburua idazteko ardura. Beste batzuetan idazleak aukeratzen zehaztasunez asmatu izan duten bezala, oraingoan ez. Epilogoa eta akabera gertu dauden honetan, guztien lanak azaldu behar du azkeneko zati horretan. Liburu txar baten azken pusketa izango da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.