Albistea entzun

EIBAR 1 - 1 ALAVES

Elkar imitatu, eta ikusmina areagotu

Bana berdindu dute Eibarrek eta Alavesek Ipuruan, eta Gasteizen erabakiko da igoera faseko lehen kanporaketa. Azken txanpan hamar jokalarirekin gelditu da Eibar
Eibarreko eta Alaveseko jokalariak lehia betean, atzo Ipuruan jokatutako derbian.
Eibarreko eta Alaveseko jokalariak lehia betean, atzo Ipuruan jokatutako derbian. JON URBE / FOKU Tamaina handiagoan ikusi

Eñaut Agirrebengoa -

2023ko ekainak 4 - Eibar

Golak. 0-1 Syllak (10. min.). 1-1: Stoichkovek (46. min)

Ikusteko dago oraindik Eibarrek edo Alavesek, bietako nork gainditzen duen Lehen Mailara igotzeko lehen kanporaketa. Atzo jokatu zuten joaneko partida, Ipuruan, eta ez zen ezer ere erabaki. Banako berdinketak dena zabalik uzten du datorren ostegunean Mendizorrotzan jokatuko den neurketari begira. Ligan oso berdintsu aritu dira bi taldeak. Datuak dira horren lekuko. Eta, atzo, elkar imitatu zuten: alboko sake banatan jaso zituzten golak, eta bi erremate ikusgarrirekin sartu. Agintea txandakatuz joan ziren lehia osoan, eta azken emaitzak nahiko konforme utzi zituen bi taldeak: Alaves, etxean aritzekoa delako eta kanporaketa berdinduta bukatuz gero, aurrera egingo duelako; eta Eibar, azken 20 minutuak jokalari bat gutxiagorekin jokatu zituelako.

Elkar estutuz hasi zuten neurketa. Energiaz egin zuten presioa. Alaves lapurretan hasi zen berehala, eta sukalderaino sartu zitzaion Eibarri. Baloia berreskuratuta, arabarrak begi kliska batean agertu ziren kontrako arean. Arineketan aritzeko aukera izan zuen Riojak. Deserosotasunak haserreari eman zion bide etxeko taldearentzat, arabarrek alboko sake batean zulatu ziotelako atea. Syllak erremate akrobatiko batez gainditu zuen Luca Zidane. Hamargarren minutua betetzerako, aurretik zen Alaves.

Gol goiztiar horrek bere planteamendua berresteko balio izan zion. Atzean sendo jardun, eta aukerarik txikiena ikustean, korrika bizian atera zen Eibarren atearen bila. Gipuzkoarrek erreakzio lauso eta laburra izan zuten lehen zatiaren erdialdean, eta arriskua sortu zuten falta pare batean. Gutxigatik joan ziren kanpora Tejerok sasi-erdiraketa pozoitsua eta Matheusen jaurtiketa zuzena. Alavesek, dena den, kontrolpean zuen egoera, eta baloiaren jiran ere minutu on batzuk izan zituen, Salva Sevilla orkestra zuzendari izanik. Guridik Zidaneren mozorroa jantzi zuen, erruleta eta guzti. Riojak gertu izan zuen bigarrena, atetik gertu igaro zen erdiraketa indartsu batekin.

Makal zebiltzan Garitanoren mutilak. Oso lan gutxi ari zitzaizkion ematen Siverari. Haatik, Alaveseko atezainak ezin izan zuen ezer egin Stoichkoven erremate magikoaren aurrean. Lehen zatia finitzear zela, orpoz sareratu zuen baloia Eibarreko aurrelariak. Alboko sake batetik abiaturiko beste gol bat izan zen. Gozoak egongo ziren teknikariak.

Alabaina, Garitano poztu egingo zen bere jokalariek aldageletatik bueltan eginiko jokoarekin. Ekin eta ekin aritu ziren, Alavesi beste kolpe psikologiko bat emateko asmoz. Arabarrak balantzaka zebiltzan, oldarraldiei nola edo hala eusten. Lana erruz egin behar izan zuen Siverak. Tejeroren saiakerei ondo erantzun zien, baita Stoichkoven jaurtiketa gurutzatu bati. Ordea, begiratu besterik ezin izan zion egin Bautistak buruz eginiko erremateari. Etxekoen zorigaitzerako, baloia zutoina miazkatuz irten zen.

Alavesen itolarria 73. minutuan bukatu zen, Arbillari bigarren txartel horia erakutsi ziotenean. Sarrera gogorra egin zuen nafarrak, arriskuaz jabetu gabe. Jokalari bat gutxiagorekin utzi zuen taldea, eta neurketak bestelako itxura hartu zuen. Gora egin zuen Alavesek; Eibarri, berriz, atzean gotortu beste irtenbiderik ez zitzaion gelditu. Sufrimendu neurtua izan zuten, dena den, etxekoek. Alaves ez zen gauza izan aukera garbirik sortzeko. Mendizorrotzak emango du azken epaia datorren ostegunean.

Asko balio du irakurri duzun albiste/artikulu honek. Talde baten lanaren emaitza da.

Albiste hau zuri helarazteko eta talde honek bere lana baldintza egokietan egin dezan, BERRIAk ezinbestekoa du zure sostengua.

Zure babes ekonomikoarekin, aldi hau kontatzeko funtzioa betetzen jarraitu nahi dugu: kazetaritza konprometitu, kalitatezko eta independentea egiten.

Albiste gehiago

Osasunako jokalariak Budimirren gola ospatzen, gaur, Gasteizen. ©Endika Portillo / Foku

Osasunak Mendizorrotzan aldatu du joera

Paulo Ostolaza

Arnaiz eta Budimir izan dira golegileak. Blancok bigarren zatiaren hasieran ikusitako txartel gorriak baldintzatu du neurketa.

Ezkurdia eta Mariezkurrena II.a txapela jantzita, gaur, Nafarroa Arenan. ©Gorka Rubio / Foku

Ezkurdia eta Mariezkurrena, Caixabank Masterseko txapeldunak

Berria

Aise gailendu dira Altuna-Imazen aurka. Iazko garaipena errepikatu dute.

Gebara, baloia babesten, Cadizeko San Emeterioren aurrean. ©ROMAN RIOS / EFE

Aldaketei neurria hartzen

Eñaut Agirrebengoa

Alaves eta Osasuna zutabe berriak finkatu eta jokoa findu nahian dabiltza. Gabeziak sumatu zaizkie, baina kimu berdeak ere agertu dira. Gaur derbia daukate, Gasteizen (16:15, Dazn).

Ordiziako jokalariak ostegunean egindako entrenamenduan. ©GOTZON ARANBURU / FOKU

Festa biribildu nahi dute

Iñaki Berastegi

Ordiziak gaur abiatuko du denboraldia, Pasek Belenosen aurka, Altamiran (12:00). Ligako kanporaketak jokatzea da taldearen helburu nagusia, klubaren 50. urteurrenean.

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...

Izan BERRIAlaguna

Zure babes ekonomikoari esker, gure funtzioa betetzen jarraituko dugu egunero:
jendearen galdera eta kezkekin bat egingo duen kazetaritza bat egiten.