Telesailak

Autoretza hizki larritan

M. Nigth Shyamalan zinemagileak kutsu ezin pertsonalagoa duen telesail labur bat osatu du

Ordu erdiko hamar atalek osatzen dute Servant telesaila; Shyamalanek lehen eta bederatzigarren atalak zuzendu ditu. BERRIA.
Mikel Yarza Artola.
2019ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
HBO, Netflix, Amazon, Sky, Movistar, Orange... geroz eta gehiago dira telesailen olatuarekin bat egin eta ekoizpen propioak ugaritu dituzten kate zein plataformak. Apple da horien artean berriena; azaro hasieran abiatu zuen programazio propioa, zortzi saio egun berean plazaratuta. Nobedade horien artean, ordea, bada zeresana eman duen lan seinalatu bat.

Servant izena du harribitxi berezi horrek, urteko telesail onenen zerrendetan azken orduan baina zuzen-zuzenean sartu den perla preziatuak. Proiektuaren sustatzaile nagusia, berriz, M. Night Shyamalan, The SixthSense film entzutetsuaren zuzendaria. Ordu erdiko hamar ataletan bildu du mamia. Protagonista: haur jaioberriaren heriotzari aurre egin behar dion bikote bat. Istorioa: gordin bezain misteriotsua. Eta tartean, pertsonaiak, kokalekua eta kontakizunaren giroa aberasten dituzten hamaika azpigeruza.

Shyamalanek lehen eta bederatzigarren atalak zuzendu ditu soilik, baina bere autorezko lorratza telesail osoan nabari da. Fikzioaren gidari nagusia izan da, eta, sormenaren kontrola bermatze aldera, irizpide jakinak helarazi dizkie gainerako zuzendariei. Horrela lortu du istorioaren esentzia iruditara eramatea, eta aktore zuzendaritza modu eraginkorrean jorratzea.

The Americans, True Detective eta Killing Eve saio goratuetan lan egin duten zinemagileak aritu dira Shyamalanen esanetara, eta denei exijitu die erabateko inplikazioa. Harentzat, onartezina da zuzendariek proiektuaren mesedetara modu pasiboan lan egitea, telesaila mami artistikorik gabeko enkargu soil bat balitz bezala.

Eskakizun horiei esker, are sendoagoa bilakatu da telesailaren alor formala. Etxea da kokaleku nagusia, gizartetik isolaturiko gune itxi eta, sarritan, itogarria. Argazkia, argiztapena, soinuaren lanketa, aktoreen interpretazioak... elementu guztiak norabide berean bideratu ditu sortzaile estatubatuarrak, klima bereizgarria sortu eta telesailari borobiltasuna emateko.

Shyamalanek, gainera, berriz ere erakutsi du narratzaile gisara zeinen trebea den. Zelako gaitasuna duen istorioan gatazka dramatikoa eragiten duten elementuekin maisuki jokatu eta ikuslea alde batetik bestera nahieran eramateko.

Glass eta Split film arrakastatsuekin kritikaren eta jarraitzaileen babesa berreskuratu ostean, une ezin aproposagoa da hau zinemagile estatubatuarrarentzat, bere autoretza aldarrikatu eta berresteko. Shyamalanen aldeko apustua esanguratsua da Apple TV Plusen aldetik ere: adierazten du enpresa multinazionala prest dagoela logika komertzial soiletik harago arriskatu eta fikzioaren esparruan ere anbizio handiko sortzaileei tartea egiteko.

Too Old to Die Young, Chernobyl, When They See Us eta Watchmen telesailen etorrerarekin, 2019a urte emankorra izan da autorezko telebistarentzat. Nicholas Winding Refn, Craig Maizn, Ava DuVernay eta Damon Lindelofen talde esklusiboan sartu da M. Night Shyamalan, Servant-en eskutik. Bostek erakutsi dute plataforma erraldoien logikaren barruan ere posible dela parekorik ez duten telesailak sortzea.

'SERVANT'

Sortzailea:Tony Basgallop, M. Night Shyamalan.

Aktoreak: Lauren Ambrose, Nell Tiger Free, Rupert Grint, Toby Kebbell, S.J. Son.

Herrialdea: AEB.

Urtea: 2019.

Non ikusi: Apple TV+.

Filmaren iraupena: 30 minutu.

Generoa: Drama. Thrillerra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.