Moiseren hilketaren «egile intelektualtzat» jotako bat atxilotu du Haitiko Poliziak

Poliziak uste du atxilotuak segurtasun enpresa bat kontratatu zuela. Enpresaren jabea Venezuelakoa da, eta hango gobernuaren aurkakoa

Polizia bat Moiseren etxearen aurrean, herenegun. ORLANDO BARRIA / EFE.
Julen Aperribai.
2021eko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Joan den astean zenbait lagunek Haitiko presidente Jovenel Moise hil ondoren, Poliziak hilketaren egile materialak eta intelektualak banandu zituen. Lehenengo taldeko ia guztiak atxilotuta, astearen amaieran helburutzat jarri zuen bigarrenekoak atxilotzea. Herenegun —atzo Euskal Herrian—, Leon Charles Haitiko Poliziaren zuzendari nagusiak jakinarazi zuen operazioaren ustezko buruetako bat atxilotu zutela. Dagoeneko 21 lagun atzeman dituzte Moiseren hilketarekin lotura dutelakoan.

Christian Emmanuel Sanon da herenegun harrapatutakoa, Haitiko herritartasuna duen baina azken bi hamarkadatan Floridan (AEB) bizi izan den mediku bat. Charlesen arabera, Poliziak Moise hil zuen komandoko zenbait kide atxilotu zituenean, haiek egin zuten lehenengo gauza Sanon deitzea izan zen.

Poliziak uste du Sanon hegazkin pribatu batean iritsi zela Haitira, haren bizkartzain izateko kontratatutako sei kolonbiarrekin batera. Charlesek zehaztu zuenSanonek beste lan bat eman ziela gero bere bizkartzainei: «Presidentea atxilotzea». Beste operazio bat hasi zen hor, haren esanetan, eta beste 22 lagun batu ziren operazio horretara. «Helburu politiko garbiekin» iritsi zen herrialdera, Charlesen esanetan, «eta segurtasun enpresa pribatu batekin kontaktuan jarri zen, presidentea hil zutenak batzeko», azaldu zuen Charlesek, eta zehaztu kontratatutako enpresa CTU Security dela, AEBetan jarduten duen Venezuelako enpresa bat. Hain zuzen, joan den astean gertakari berarekin lotuta atxilotutakoetako zenbaitek beren deklarazioetan aitortu zuten CTU Securityk kontratatu zituela, eta horietako batzuek Miamin bertan egon zirela ere adierazi zuten, Miami Herald egunkariak jakinarazi zuenez. Hedabide horrek iturri anonimo bat aipatuz emandako informazioaren arabera, kontratatzailearen segurtasuna bermatzea zen haien eginkizuna, eta 3.000 dolar —2.528 euro— inguru ordaintzen zieten.

Antonio Intriago Venezuelako enpresaria da CTU Securityren zuzendaria. AP Associated Press berri agentziak aurreratu zuen informazio hori, eta hala baieztatu zuen gero Delcy Rodriguez Venezuelako presidenteordeak, iturri hori aipatuz: «Gaur APk dio Haitiko magnizidioan parte hartu zuten kolonbiarrak kontratatu zituen mertzenarioen enpresa Juan Guaidoren ekintzaile batena dela, Antonio Intriagorena».

Poliziak armak eta munizioa aurkitu zituen Sanonen etxearen miaketan, baita DEA AEBetako Drogen Aurkako Agentziaren bisera bat ere. Haren aurkako froga argigarrienetako bat da hori Poliziarentzat. Izan ere, Moise hil eta gutxira, gertakariaren bideo bat zabaldu zen zenbait hedabidetan, eta bertan hainbat lagun ageri ziren, DEAren polizia operazio bat simulatzen.

Sanonen moduan, erasoaren «egile intelektualtzat» jotako beste bi pertsonaren bila ere ari da Polizia. Charlesek adierazi zuen Sanonen etxearen miaketan beste bi lagunen parte hartzea baieztatzen duen informazioa topatu zutela. Operazioaren finantzaketaren inguruko ikerketa ere zabalik dauka Haitiko Poliziak, jakiteko nork ordaindu zien ustez Sanonek kontratatutako pertsonei.

Zaindariak, susmopean

Presidentearen erailketaren atzean Sanonek kontratatutako mertzenario talde bat dagoela bihurtu da bertsio ofiziala azken orduetan, baina Haitiko oposizioaren zati batek ez du bat egin horrekin. Aitzitik, Moise hil zutenak bere segurtasunaz arduratzen zirenak izan zirela diote. Steven Benoit senatari ohiak adierazi zuen Kolonbiako militar ohiak «tranpa batean» sartu zituztela, errudun bihurtzeko.

Erasotzaileek presidentea hil eta gainerako zaindariak onik atera izanak bazka eman dio teoria horri, eta jopuntuan jarri du Dimitri Herard Moiseren segurtasun burua. Gaur eta bihar galdekatuko du Poliziak.

Hilketaren aurretik ere ikerketapean zegoen, arma trafikoa leporatuta, baina CEPR Politika Ekonomikoen Ikerketa Zentroak haren inguruko informazio berria zabaldu du txosten batean. Moiseren hurbileko pertsona bat aipatzen da ikerketa horretan, nahiz eta, «segurtasun arrazoiengatik», haren izena ez dagoen jasota. Ikerketaren arabera, pertsona horrek azaldu zuen Moisek bazuela Herarden kontrako ikerketaren berri, eta esan ziola «AEBak horren kargu egiten ari zirela». Herardek segurtasun eta arma enpresekin izandako loturen berri ere ematen da txostenean. 2012an, Ekuadorko Eloy Alfaro akademia militarrera joan zen Herard, beste hainbat lagunekin batera, informazio horren arabera, eta 2017an hasi zen Moiseren segurtasuna zaintzen, hark kargua hartu ondoren.

Segurtasun enpresa pribatu bateko kide ere bazela dio ikerketak, eta horrek «interes gatazka garbi bat» erakusten duela. Hala ere, zehazten du polizia agenteen artean gero eta ohikoagoa bihurtzen ari dela hori. Iaz HOFSA izeneko arma enpresa bat eratzeko Herarden eta bere senide baten asmoen berri ere ematen du. Txostenak dioenez, Aby Larco enpresariaren atxiloketaren ondoren sortu nahi izan zuten enpresa hori, zeinari «Haitiko arma trafikoaren iturri garrantzitsu bat» izatea egozten baitiote.

Kolonbiako Gobernua ere auziaren gainean dago, ezinbestean, herrialde horretako armadako kide ohiak baitira orain arte atxilotuetako hamahiru. Hala ere, Kolonbiako Polizia Moiseren hilketa Haitiko Gobernuaren barne afera bat den teoria hauspotu nahian ari da. Jorge Luis Vargas zuzendari nagusiak, zentzu horretan, Herardengan jarri zuen arreta atzo, esanez Ekuadorrera, Panamara eta Dominikar Errepublikara bidaiak egin dituela aspaldian, bidean Kolonbiatik igarota.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.