Irati Etxarri. Cadi La Seuko jokalaria

«Momentuaz gozatzen ari naiz»

Estatistikek erakusten dute Etxarri sasoi hasiera aparta egiten ari dela: Espainiako Lehen Mailako saskiratzaile nagusia da, partidako batez beste 19,2 puntu bilduta. Hazten segitu nahi du.

SEDIS BASQUET.
Jone Bastida Alzuru.
2021eko urriaren 22a
00:00
Entzun
Azkenaldian lerroburu guztietan ageri da Irati Etxarri (Iruñea, 1998) saskibaloi jokalariaren izena. Eta ez da gutxiagorako. Esne mamitan dago: hura, eta Cadi La Seu haren taldea. Sasoi hasiera ikusgarria egin dute, Espainiako maila nagusiko lehen bost jardunaldiak irabazita, eta Etxarri da bolada on horren itsasargia. Jokalari nafarraren erakustaldiek zeresana eman dute, denen ahotan jartzeraino. Hala dio. «Seinale ona da hori. Esan nahi du zarata egiten ari naizela».

23 urte baino ez dituzu, baina dagoeneko sei urteko esperientzia duzu maila nagusian. Nolako balantzea egiten duzu?

Azkar pasatu zait denbora, baina gauza asko gertatu dira; esperientzia asko izan ditut. Balantzea oso positiboa da. Lan asko egin dut, eta pazientzia handia izan.

Denboraldi honetarako kapitainetako bat izendatu zaituzte. Zer ekarri dizu horrek?

Ardura handia da, baina, aldi berean, erronka ere bai. Joan den urtean, Bernatekin —entrenatzailearekin— hitz egin nuen: esan zidan geratuko zela, eta nahi zuela nik jarraitzea eta taldeko zutabe garrantzitsua izatea. Eta pentsatu nuen: «Ongi. Uda honetan, horretarako mentalizatu behar duzu». Ilusio handia egin zidan. Geok [Georgina Bahi] oso goian utzi zuen langa. Izan dudan kapitainik onena da; asko ikasi nuen: nola lagundu taldeari, nola kudeatu egoerak... Gustu handiz onartu dut ardura hori.

Taldearen lidergoa hartu duzu.

Egia da orain Laura Peñagatik eta niregatik diotela taldeko liderrak garela. Baina lider bat, azken finean, taldeak hautatzen du. Eta horrela izan da. Onartu dugu, eta prozesuan gaude. Baina denboraldiaren hasiera da, eta egundokoa izaten ari den arren, hankak lurrean ditugu; badakigu hau aldatu daitekeela, edo aldi okerragoak etor daitezkeela. Orduan ikusiko da benetan lider onak garen edo ez.

Sasoi hasiera ikusgarria egiten ari zara. Espainiako Lehen Mailako saskiratzaile onena zara, 96 punturekin; batez beste, 19,2 puntu partidako. Nola zaude?

Ondo, oso gustura nago. Momentuaz gozatzen ari naiz. Ez dut ahazten atzean dagoen guztia, eta hona iristeko egin dudan bidea. Gustura nago maite dudan jendea ere disfrutatzen ikusten dudalako; nirekin batera gozatzen dute. Horrek asko betetzen nau.

Lehen jardunaldian jokalari onenaren izendapena jaso zenuen, aurrenekoa maila honetan. Lanaren fruitua da?

Guztiz: lana, konstantzia, pazientzia... Gauza askoren batuketa izan da. Partida horretan, asko gozatu nuen. Sasoia hasteko oso modu ona izan zen, eta bide horretan jarraitu dugu denok.

Eskerrak eman zenizkien zure taldekideei.

Bai. Ez dugu izan denboraldiaurre erraza. Kanpoan zegoen jendea genuen, ez ginen nahikoa entrenatzeko... Baina lehiaketako azken hilabete honetan ohartu gara talde moduan txapelketan aurreratu dugula gehien. Taldeak oso ondo erantzun du. Asko sinesten dut talde honetan; gehienbat alor humanoan. Multzo oso polita osatzen ari gara, eta hori oso garrantzitsua da lehiatzeko orduan. Dena ematen dugu: albo batekoa onena da, eta beste albokoa ere bai. Elkarrekin goaz neurketa irabaztera.

Adiskidetasun horrek laguntzen du, beraz?

Bai. Eta ez da bakarrik taldekideekin ondo moldatzen zaren, edo ez dagoen giro txarrik. Ikusten eta antzematen den zerbait da, baina oso zaila dena esplikatzeko. Badago edo ez dago. Eta, urte honetan, horrela eman da; badago, eta hori aprobetxatu behar dugu. Pieza guztiak bat etorri dira, eta oso ederra den zerbait sortzen ari gara.

Zure ibilbideko boladarik onenean zaude?

Kirolari lotuta, argi dago baietz. Tira, onenean, oraingoz, espero dut. Zenbakiak hor daude. Ez naiz inoiz izan zenbakiei begiratu dien jokalari bat, askotan ez dutelako islatzen egin duzun lan guztia. Logikoki, gauzak ondo egiten badituzu, ikusten dira. Baina azken finean, lan asko dago atzean, eta hori zenbakien gainetik dago. Sasoi honetan, ordea, partida guztiak onak izaten ari dira. Egun, ligako saskiratzaile onena naiz, eta hori lan onaren isla da. Egindako lana funtzionatzen ari da.

Zer helburu dituzu?

Egunero hobea izatea da asmoa, eta denboraldiz denboraldi hobetuz joatea. Selekzioarekin debuta egitea, talde handi batera joatea eta Euroliga jokatzea, helburu moduan bainoago, amets moduan ikusten ditut. Bestela, frustrazio fase batean sar naiteke. Asko sinesten dut prozesuan eta amets horiek lortu arteko bidean. Uste dut gakoa bide horretaz disfrutatzen jakitea dela, eta zure onena ateratzen asmatzea.

Zure kirol garai aparta bat dator taldearen bolada onarekin. Zein da gakoa?

Alde batetik, taldearen alor humanoa dago. Jokalarien jarrera eta lana ere oso onak dira. Egia da gauzak ondo doazenean guztia errazagoa dela. Baina, orain, taldea oso ondo ari da funtzionatzen. Aurreko sasoitik gaudenak ondo ezagutzen dugu Bernat, badakigu zein den jokatzeko modua, eta oso ondo integratu ditugu kanpotik etorri diren jokalariak. Entzuten jakin dute, eta jarrera egokia izan dute haiei zuzendu eta erakutsi ahal izateko. Badakigu denok garela jokalari garrantzitsuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.