Oihana Zaldua. Txuri Urdineko jokalaria

«Pazientziarekin, berriz iritsiko dira emaitza onak, ziur gaude»

Txuri Urdin izotz-hockey taldeak ez du partidarik irabazi denboraldi honetan. Zalduak azaldu du multzoa gaztea dela, eta egokitzen ari dela.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
Zuriñe Iglesias Sarasola.
2022ko azaroaren 19a
00:00
Entzun
Iaz Liga eta Espainiako Kopa irabazi ostean, Txuri Urdin izotz-hockey taldea eraberritze prozesu batean murgilduta dago, eta emaitzei begira «pazientzia» eskatu du Oihana Zaldua jokalariak(Zarautz, Gipuzkoa, 1998). Ligako lehen itzulia bukatu dute, eta ez dute partida bat bera ere irabazi. Zalduak sumatu du partidetako lehen minutuetan «kontzentrazioa falta» zaiela, eta uste du horretan hobetu behar dutela.

Nola dago taldea?

Denboraldi honetan, gauzak asko aldatu dira; izan ere, taldea nahiko berria eta gaztea da. Animoz igartzen da oso motibatuta gaudela, nahiz eta oraindik ez dugun partidarik irabazi. Sasoi honetan, ikasketan ari gara jartzen arreta.

Hasiera zaila izan duzue, ezta?

Bai, guztiz. Alde batetik, klubaren zuzendaritza aldatu da, eta, beste aldetik, iaz taldeko beterano gehienek taldea utzi zuten, edo ez zuten jarraitu. Guretzat, aldaketa oso handia izan da, eta, horrez gain, entrenatzailea ere aldatu dugu. Beraz, egokitzapen fase batean gaude.

Belaunaldirik gazteenei lekua egiten ari zarete. Pazientzia izateko garaia al da?

Bai, duela zortzi-bederatzi urte jokatzen hasi ginenean, egoera bera izan genuen taldean. Barneratuta daukagu pazientziarekin berriz ere iritsiko direla emaitzak.

Emaitzek islatzen al dute pistan gertatutakoa?

Partida batzuetan, beste batzuetan baino gehiago. Hala ere, orokorrean, esango nuke ezetz. Ondo jokatu dugunean, neurketak galdu arren, aurkariak baino hobeto aritu gara partidetako azken minutuetan. Pare bat neurketatan, gure ustez, merezi izan dugu irabaztea. Beste batzuetan, ordea, onartzen dugu ez dugula ondo jokatu, eta irabazi egin digutela aurkariak hobeto jokatu duelako.

Zer esaten dizue Irene Senac entrenatzaileak?

Gauza asko [barreak]... Irene, prestatzailea izateaz gain, psikologoa ere bada, eta alor horretan lanketa handia egiten ari da gurekin; batez ere, segurtasun eta konfiantza faltan laguntzen ari da. Bereziki jokalari gazteenei ematen die laguntza emozionala. Alor horretan igartzen da Ireneren eskua, asko hazi baikara, nik uste.

Liga hasieratik hobekuntza sumatu duzu taldean orain arte ?

Bai, batez erekonfiantzan. Esaterako, diskoaren jabetza dugunean, edota gauza berriak probatzerako garaian. Gainera, mentalki indartsuagoak izateaz gain, erresilientzia handiagoa dugu.

Zertan ari zarete huts egiten denboraldi honetan?

Partidetako lehen minutuetan, kostatzen ari zaigu arretari eustea eta neurketetan bete-betean sartzea. Lehen minutuak pasatuta, eta partida igaro ahala, askoz hobeto aritzen gara. Bestalde, partidak fisikoki oso gogorrak dira, eta bete-betean sartu behar duzu, jakinda ordubete bizi jokatu behar duzula. Izan ere, denboraldi honetan multzoa askoz ere mugatuagoa da.

Bestalde, zer egiten ari da ondo taldea?

Entrenatzeko mentalitatea ona da, eta guregan konfiantza gehiago izaten ikasten ari gara; baita lehiaketa aurreko antsietatea hobeto kontrolatzen ere.

Kapitain moduan, taldekideak estutzea egokitzen zaizu. Nola daramazu?

Ez da erraza. Azkenean, taldeko gehienak oso gazteak dira, eta alde psikologikoan behar dute laguntzarik handiena. Kapitainak oso erne gaude taldea estutzeko garaian. Hala ere, orokorrean jarrera oso ona da, eta, alde horretatik, erraza da serio entrenatzea.Zailena da asmatzea emozionalki nola bultzatu taldekide bakoitza, eta horretan gabiltza.

Jakaren kontra arituko zarete, eta joaneko neurketan 5-1 galdu zenuten. Zer egin behar duzue irabaztetik gertu egoteko?

Batez ere, oso adi atera behar dugu, eta konfiantza osoz. Gero, era berean, kontziente izan behar dugu taldea berria dela, eta lehenengo itzulia egin eta gero asko hazi garela. Egindako talde lanari eutsi behar diogu.

Bigarren itzuliari begira, espero duzue emaitzak hobetzea?

Bai, lehen itzuli honetan asko ikasi dugu; neurketa guztiak berriro ikusten ditugu, eta berriz ere errepasatu. Alde horretatik, Irenek garrantzi handia ematen dio egin ditugun partidetatik ikasteari.

Liga bakarra da; beraz, ez dago jaitsierarik.Hori kontuan izanda, lasaiago hartu dezakezue aipatu duzun egokitzapen fase hori?

Agian, talderen bat jaistekoa balitz, urduriago egongo ginateke. Argi daukagu datozen urteak hazteko izango direla, eta hemendik urte batzuetara bai, egongo gara berriz maila onean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.