Manuel Ordas. Baionako jokalaria

«Giroagatik aukeratu nuen Baiona»

Ordasek uste du ezen, koronabirusak gogor astindu bazituen ere, garaiz indarberritu direla mailari eusteko borroka esturako. Taldeko jokalari garrantzitsuetako bat bilakatu da.

STEPH V. PHOTOS / AIVORN.
Iñaki Berastegi.
2021eko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Lau urterekin hasi zen Manuel Ordas (Baiona, 1998) errugbian jokatzen, eta aurtengoa laugarren denboraldia du Baionako lehen taldean.Top14an jarraitzea eta taldeko erreferente bilakatzea dira haren asmoak. Ez da ausartu elkarrizketa euskaraz egitera, nahiz eta «pixka bat» hitz egiten duen.

Angelun hasi zinen errugbian, eta bertan hamar urte egin ostean, Baionara joatea erabaki zenuen. Zerk bultzatuta?

14 urte izango nituen Baionaren deia jaso nuenean: nire lagun batzuk klubeko jokalari ziren. Euskal Herrian bizi bazara, eta errugbia gustatzen bazaizu, Baiona eta Miarritzeren artean aukeratu behar duzu. Nik harmailetako giroagatik aukeratu nuen Baiona. Jean Dauger bete egiten zen, jendeak asko abesten zuen, eta hori gustatzen zitzaidan gehienbat: giroa. Derbi bat galtzen genuenean, astea luzea izaten zen eskolan [kar, kar, kar].

Polita litzateke Top14an derbi hori jokatzea, ezta?

Bai, noski. Euskal Herriarentzat polita litzateke partida berezi hori berreskuratzea, are gehiago gorengo mailan bada.

Horretarako, Baionak salbazioa lortu, eta Miarritze mailaz igo beharko litzateke. Aurreko asteburuan Toulon mendean hartu izana urrats handia izan da mailari eusteko duzuen borrokan?

Clermonten aurka porrot gogorra jaso ostean, beste itxura bat ematea ezinbestekoa zen. Aurkariei erakutsi nahi genien mailari eusteko borrokan bizirik gaudela. 14-16 irabazi genuen. Sailkapeneko azken-aurreko postuan gaude, eta partida guztiak dira zailak.

Hamasei puntu horietatik zortzi zuk lortu zenituen, entsegu osteko jaurtiketa bat eta bi penalti baliatuta. Laugarren denboraldia duzu lehen taldean, bigarrena Top14an, eta badirudi Yannick Bru entrenatzailearentzat jokalari garrantzitsua zarela. Hala sentitzen duzu zuk ere?

Zortea izan dut, nire postuan aritzen diren gainontzeko jokalariek lesio ugari izan dituztelako. Esaterako, egun ni bakarrik nago jokatzeko moduan nire postuan. Partida onak jokatzen ari naiz, entrenatzaileak niregan konfiantza dauka, eta, horregatik, oso ondo sentitzen naiz zelaian. Aurreko denboraldian gutxi jokatu eta gero, bigarren denboraldi honi begira, teknikoki eta fisikoki hobeto prestatu naiz.

Denboraldiko mugarrietako bat Ingalaterran Leicester Tigers taldearen aurkako Europako Challengeko partida izan da. Partida haren ostean, taldean hainbat COVID-19 kasu atzeman ziren. Hilabete luze eman zenuten jokatu gabe. Nola eragin zizuen horrek?

Egoerari buelta ematea ez da erraza izan. Behartutako eten horren aurretik taldea ondo zegoen, partida batzuk irabazi genituelako. Itzulera ez zen samurra izan, lehenengo partida Paue aurkari zuzenaren kontra 22-23 galdu genuelako. Erritmo eta entrenamendu falta nabaritu genituen.

Paueren aurka jokatu geroztik, sei partidatan bi garaipen erdietsi dituzue. Jaitsierako kanporaketa jokatzeko postuan zaudete, nahiz eta goitik dauden taldeak nahiko gertu dituzuen. Zein hausnarketa egiten duzu?

Lan handia dugu aurretik, zalantzarik gabe. Zortzi partida falta dira liga amaitzeko, eta horietatik bost etxean jokatuko ditugu. Beraz, abantaila txiki hori badugu. Ez hori bakarrik, Agen azken sailkatuaren aurka atzeratutako partida ere oraindik jokatzeko daukagu. Hala, bederatzi neurketa garrantzitsu falta zaizkigu jokatzeko.

Agen azken sailkatuak ligako neurketa guztiak galdu ditu. Partida horretan ezin da huts egin, ezta?

Aurkari guztiek irabazi dituzte Agenen aurkako partidak, bai. Dena den, ezin dugu jokatu aurretik partida irabazia dugula pentsatuz. Lehia serioa jokatu beharko dugu irabazi nahi badugu. Berriki Toulon eta Briven aurka irabazi duzue. Zertan egin du hobera taldeak garaipen horiek lortzeko?

Defentsan lan hobea egin dugu, eta erasoan ere gehiago estutzeko gai izan gara. Baina, gehienbat, talde moduan gehiago jokatzea izan da gakoa. Hori falta izan zaigu hainbat neurketatan, eta horregatik jaso ditugu hainbeste puntu porrot batzuetan. Azkeneko bi garaipen horietan beste talde bat ikusi da, partidak amaierara arte lehiatu, eta sekula amore ematen ez duen talde bat.

Kontratua 2022an amaituko zaizu. Zein da zure asmoa etorkizunari begira?

Ez dut oraingoz horri buruz klubarekin hitz egin, baina jarraitzeko gogoa daukat. Jean Dauger estadioa berritzeko egitasmoak asko emango dio klubari, eta hemen jarraitzeko beste arrazoi bat da. Top14an egonkortzea da klubaren helburu nagusia, eta nik bide horretan taldeko jokalari erreferenteetako bat izan nahi dut. Klub berezia eta polita da Baiona: zale asko ditugu atzetik, eta kluba oso identifikatuta dago lurraldearekin. Hemen gozatzen jarraitu nahiko nuke aurrerantzean ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.