Paula Ghiorzi. Eibarreko jokalaria

«Luzerako egon nahiko nuke hemen»

Denbora gutxian «ondo» egokitu da Ghiorzi Euskal Herrira. Eibar egitasmo «polita» dela uste du, eta atzera ere kanporaketetarako sailkatzeko gai ikusten du taldea sasoi honetan.

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Iñaki Berastegi.
2022ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Duela hilabete eskas iritsi zen Paula Ghiorzi (La Plata, Argentina 1997) Euskal Herrira. Eibarren errugbian jokatzen du, eta Bilbon ikasi. «Errugbi jokalari gisa haztera etorri naiz». Argentinako La Plata taldean eta selekzioan zazpiko errugbira jokatu eta gero, hamabostekora moldatzen ari da orain. «Oso ezberdina da, baina uste dut ondo egokitzen ari naizela». Ligako lehen partidan, Majadahondaren aurka, neurketa osoa jokatu zuen. Sevillaren aurka jokatuko dute igandean eibartarrek (13:00) ligako bigarren partida, Unben.

Ikasketak egitera eta errugbian jokatzera etorri zara Euskal Herrira?

Bi gauzak egin nahi nituen, bai. Argentinan, ikus-entzunezko komunikazioko ikasketak egin nituen, eta, orain, webguneko programazio eta diseinu ikasketak egiten ari naiz Bilbon; urtebeteko ikastaro bat da. Hemengo errugbia ere probatu nahi nuen. Hainbat talderekin harremanetan jarri ostean, behin ikasketak Bilbon egingo nituela erabakita, Eibarren jokatzea aukera ona zela iruditu zitzaidan. Klubeko ordezkari batek, Cristinak [Guntin, taldeko entrenatzailea], lan egiten duen jokalarien bitartekariarekin harremanetan jarri ninduen, eta hala fitxatu ninduten. Eibar Bilbotik gertu dago, baita itsasotik nahiko gertu ere bai, eta klubak hazten ari den egitasmo polita dauka.

Eibarren edo Bilbon bizi zara?

Eibarren, hainbat taldekiderekin batera. Klubak etxea jartzen digu, eta otorduak ordaintzeko laguntza bat ere badugu. Astean behin edo bitan joaten naiz Bilbora. Saquia Asse nire lagunik onena ere taldean dago. Aspaldi da Euskal Herrira etorri zela; Gasteizen bizi da. Denbora gutxian ondo egokitu naiz, eta oso eroso nago.

Euskal herritarrak eta argentinarrak oso ezberdinak dira?

Nire ustez, argentinarren aldean, hemengoak, hasieran, hotzagoak dira. Halere, argentinarren artean ere bada aldea, Buenos Airesko jendea, adibidez, mesfidatia baita. Euskal herritarrak hotzak izan daitezke hasieran, baina gero edozertan laguntzeko prest daude. Jende atsegina da.

Abentura bat da, edo luzerako hemen segitzea duzu buruan?

Gustatuko litzaidake hemen sustraiak botatzea; luzerako egon nahiko nuke hemen. Errugbi jokalari gisa haztera etorri naiz, eta errugbia hobeto ezagutzera. Nire ametsa errugbitik bizitzea litzateke, baina badakit egun oso zaila dela. Argentinan, adibidez, hori pentsaezina da. Beraz, ikasketak ere oso garrantzitsuak dira, baina egia da ehuneko ehunean errugbian aritu nahiko nukeela. Gainera, emakumezkoen ibilbideak ere ez dira oso luzeak izaten.

Zazpiko errugbian jokatzen zenuen zure klubean eta Argentinako selekzioan. Nola egokitzen ari zara hamabosteko errugbira?

Oso ezberdina da; espazio falta nabaritzen dut gehien. Fisikoki ongi prestatua nentorren, eta horrek asko lagundu ninduen lehen jardunaldian. Kontaktuei dagokienez, nabari da liga indartsua dela. Gustatzen zait joko mota hori, eta, beraz, ondo egokituko naizela uste dut. Iritsi berritan, informazio asko jaso nuen, taldearen joko sistemara ahalik eta hobekien eta lasterren egokitzeko. Eroso ari naiz, nahiz eta hobetzeko gauzak badauzkadan, normala den moduan. Argentinan ez da hamabosteko errugbian jokatzen: zazpikoan, hamarrekoan edo hamabikoan aritu ohi gara.

Zer postutan sentitzen zara erosoen?

Sei postuan jokatzen hasi naiz, nahiz eta lehen partidan zortzi postuan ere tarte bat jokatu nuen. Erasoko sistema hobeto barneratu eta taldekideen jokatzeko modua hobeto ulertzea falta zait oraindik.

Majadahondaren aurka 36-17 galdu zenuten lehendabiziko jardunaldian. Zer ikusi zenuen partida horretan?

Niri dagokidanez, lehen minutuak kenduta, oso eroso sentitu nintzen. Taldeak ere ondo jokatu zuen, baina, lesioak direla eta, ia aldaketarik gabe geratu ginen, eta azken minutuetan nabaritu genuen. Lehen zatia berdindua izan zen. Defentsan hobetu behar dugu bereziki, erasotik defentsarako trantsizioan hobeto eta azkarrago birkokatzen ikasi behar dugu. Alta, talde indartsua gara, uztartze astuna dugu, eta aurrelariek lan ona egin dezaketela uste dut.

Sevillaren aurka jokatuko duzue asteburuan. Zer dakizu aurkariari buruz?

Esan didatenagatik, talde indartsua da, aurrelari indartsuak dituzte, baina atzealdean ez da Majadahonda bezain azkarra. Gure antzeko talde bat denez, kontaktu handiko partida izango da. Lehenengo lerroan egongo da partida irabazteko gakoa.

Taldearen hirugarren denboraldia da Espainiako Ohorezko Mailan. Zein da helburu nagusia?

Duela bi denboraldi bezala, kanporaketetarako sailkatzea da daukagun helburua. Aurreko sasoian ezin izan zen lortu. Aurkarien inguruko bideoak-eta ikusi ostean, horretarako gai ikusten dut taldea.

Errugbi zertxobait profesionalagoarekin topo egin duzu hemen?

Bai, zalantzarik gabe. Hemen Argentinan baino barneratuago dago emakumeak errugbian aritzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.