Amaia Erbina. Eibar taldeko errugbilaria

«Nire onena ematera etorri naiz Eibarrera»

Eibarrek denboraldiko bigarren partida jokatuko du bihar, etxean, Majadahondaren aurka. Azken fitxaketak, Amaia Erbina ordiziarrak, estreinakoa egingo du. Taldeari lehen garaipena lortzen lagunduz hasi nahi du.

GORKA RUBIO / @FOKU.
Iñaki Berastegi.
Ordizia
2021eko urtarrilaren 9a
00:00
Entzun
Aurrerantzean Madril, Ordizia eta Eibar (Gipuzkoa) artean kilometro asko egingo baditu ere, euskal talde batekin maila gorenean jokatzeko «oso motibatuta» dago Amaia Erbina (Ordizia, Gipuzkoa, 1997). Lehenengo jardunaldian Eibarrek Cisnerosen aurka jokatu zuenean, Erbinak ez zuen ez batarekin ez bestearekin jokatu, erabakia hartu gabe zuelako. Lide ahizparekin eta Espainiako selekzioan taldekide dituen hainbat euskal jokalarirekin bat egin du berriro Eibarren: «Talde polita osatuko dugu».

Espainiako selekzioaren txapelketak eta Cisnerosen ligako egutegiak bateragarriak ez zirenez, klubarekin jokatzeari uko egin zenion aurreko denboraldian. Zer aldatu da orain?

Koronabirusa dela-eta, nazioarteko lehiaketa ia guztiak atzeratu edo bertan behera geratu dira, eta badirudi liga dela jokatuko den lehiaketa bakarrenetakoa: otsailean eta maiatzean izango dira, ustez, Espainiako selekzioarekin jokatuko ditudan txapelketak. Hortaz, klubarekin jokatzeko askoz ere denbora gehiago daukat orain.

Zergatik erabaki zenuen Eibarrera etortzea? Beste eskaintzaren bat izan duzu?

Frantziako hainbat taldek egin zidaten eskaintza. Baina bizi dugun egoeragatik, gehiegi arriskatzea zela iruditu zitzaidan. Nire lehendabiziko aukera Cisnerosen jarraitzea zen, baina Eibar Ohorezko Mailara igo zenean, beste era batera pentsatzen hasi nintzen. Ilusio handia egiten dit euskal talde batekin maila gorenean jokatzeak. Eibarrekin hitz egin ostean, akordio on batera iritsi ginen, ni Madrilen bizi naizelako. Oso motibatuta nago.

Beraz, Madril, Ordizia eta Eibar artean ibiliko zara.

Egoera hain aldakorra denez, epe laburrera begiratzen dut. Urtarrilean, bederen, astelehenetik asteazkenera Madrilen izango naiz, eta ostegunean etorriko naiz Euskal Herrira. Bi egunez entrenatuko naiz Eibarrekin, asteburuan partida jokatzeko. Ni nahiko ohituta nago alde batetik bestera asko mugitzera. Aukera guztiak aztertu ostean, Eibarren jokatzea erabaki genuen. Cisnerosen oso gustura nengoen, baina ilusio handiagoa egiten dit euskal talde batean jokatzeak. Disfrutatzera eta Eibarri nire onena ematera etorri naiz. Ordizian, etxean, hasi nintzen errugbian jokatzen, Euskal Herrian egin naiz jokalari, baina nire mailarik onena hemendik kanpo eman dut, ibilbide guztia ia kanpoan egin dudalako. Jaso dudana bueltatzeko modu bat da orain Eibarren aritzea. Bihotz- bihotzetik, ilusioz gainezka nago.

Pluralean hitz egiten duzu. Lide ahizparekin batera hartutako erabakia izan da, ezta?

Bai. Ez hori bakarrik, Espainiako selekzioarekin jokatzen dugun ia euskal jokalari guztiek erabaki berbera hartu dugu. Ez dut sekula euskal talde batekin maila gorenean jokatzeko aukera izan, eta hainbat lagunekin hori egiteko aukera izango dut orain. Talde polita osatuko dugu.

Hain justu, Cisneros zure talde ohiaren kontra 41-24 galdu zuen Eibarrek lehenengo jardunaldian. Zer ondorio atera daiteke porrot horretatik?

Erraz konpon daitezkeen akatsak egin ziren. Esaterako, Euskal Ligan, ohituta zeuden defentsan baloia lapurtzen ez duten taldeen aurka jokatzera, eta Ohorezko Mailan talde asko dira hori egiteko gai. Euskal Ligan detaile horiek ez dira erabakigarriak partidak irabazteko, baina orain oso garrantzitsua da xehetasun guztiak kontuan hartzea.

Partida horretatik haratago, nolako taldea duzue?

Ohorezko Mailara jauzi oso handia dago. Erritmo handian jokatzen da, eta exijentzia fisikoa ere oso altua da. Ilusioz gainezka daude neskak, baina era berean duten erronkaren zailtasunaz oso jakitun dira. Taldean kalitate handia dago, eta orain, talde bezala gehiago jokatzea falta zaigu: erasoan zein defentsan, egitura eta sistema landua izatea ezinbestekoa da. Partidatik partidara asko ikasiko dugu, eta lehenengo jardunaldiko taldeak zerikusi gutxi izango du denboraldi amaierakoarekin. Azken finean, taldea profesionalagoa izatea lortu behar dugu.

Bigarren jardunaldian, Majadahonda izango duzue aurkari, bihar, Unben (12:00). Hura ere talde indartsua da.

Liga irabazteko faboritoetako bat da. Aurrealdean zein atzealdean oso talde ona dute, esperientzia handikoa, urte mordoa daramatelako elkarrekin jokatzen. Ahal dugun guztia egin eta disfrutatzen ahaleginduko gara. Beti da posible irabaztea, baina partida oso zaila izango dela argi dago.

Talde igo berria izaki, helburua mailari eustea da. Hala ere, egin dituzuen fitxaketekin pentsa daiteke gorago amaitzeko taldea duzuela, ezta?

Aurreikuspen asko egin daitezke, baina egiari zor, ez dakit nola ibiliko garen. Printzipioz, bai, helburua mailari eustea da, baina batek daki zer gerta daitekeen. Liga polita izango dela uste dut.

Eibar egitasmo sendoa dela iruditzen zaizu?

Bai. Etxeko neskekin maila gorenera igotzeko apustua egin zuten eta lortu dute, eta orain kanpoko jokalarien laguntzarekin osatu dute taldea. Etxeko neskek esperientzia gehiago lortzen dutenean are gehiago sendotuko da egitasmoa. Neska gazteentzat garrantzitsua da horrelako talde erreferente bat izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.