Erik Jaka. Baikoko pilotaria

«Ilusioa piztu zait berriro»

Jaka eta Aranguren Lasori eta Imazi irabaztear egon ziren lehen partidan. «Bikote gogorra» osatu nahi dute. Lizartzarrak argi du: «Ondo arituz gero, edozeini irabaz diezaiokegu».

OSKAR MATXIN EDESA / FOKU.
Julen Etxeberria.
2022ko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Laugarrenez ari da Erik Jaka (Lizartza, Gipuzkoa, 1994) binakako nagusian, laugarrenez jarraian. «Balio handia» eman dio horri.

Tanto bakar batengatik galdu zenuten lehen partida, Unai Lasoren eta Ander Imazen aurka. Zer hausnarketa egin duzue?

Detaile txikiengatik galdu genuela. Agian, une jakinetan gehixeago asmatu zuten haiek. Aitorrek eta biok bagenekien ondo arituz gero irabaz geniezaiekeela; erakutsi genuen. Aitorrek sekulako partida egin zuen. Konfiantza handia izan nuen harekin arituta. Baina kontuan hartu behar da nor ziren aurkariak: txapeldunordeak. Batzuek diote haiek ez zutela partida ona egin, baina ni ez nago ados. Ez ziren beste batzuetan bezainbeste nabarmendu, baina oso egonkorrak izan ziren; ez zuten askorik oparitu. Gu ondo aritu ginen, baina zerbait falta izan zitzaigun.

Indarra eman dizue ikusteak ondo arituz gero edozeini lan handia eman diezaiokezuela?

Ez genuen horren beharrik. Aitorrek eta biok badakigu ondo arituz gero edozeini irabazteko gai garela. Izenez, beste bikote guztiak dira faborito gure aurka jokatzen dutenean, baina guk geure aukeretan eta dohainetan sinetsi behar dugu, eta haiei eutsi. Partida guztietan borrokatu behar dugu. Denak ez dira partida onak izango, asko baitira, baina gogor saiatu behar dugu onak direnak irabazteko.

Bikoteen berri eman zutenean, uste bat zabaldu zen: zuena da apalena. Zer iritzi duzu?

Norberak oso ondo daki zer egiteko gai den, eta guk oso ondo dakigu zenbat eman dezakegun. Kanpotik oso erraz hitz egiten da, baina kirolariok alde batera utzi behar ditugu kanpoko esanak. Gertukoek esaten dutenari erreparatu behar diozu. Guk ezin dugu kontrolatu zer esaten duen jendeak. Bakoitzak bere iritzia eta gustua izango du, baina guk ez dugu eraginik horretan, eta horrek ez digu eragin behar. Gure lana ahalik eta ondoena egiteak axola behar digu. Horretaz hitz genuen Aitorrek eta biok aurkezpenean: saiatu behar dugu partidak ahalik eta ondoena prestatzen, eta kantxan ahalik eta ondoena moldatzen.

Nolako bikotea zarete, eta nolakoa izan nahi duzue?

Ez da erraza gure bikotea nolakoa den zehaztea. Nire ustez, askotan jendeak gutxietsi egiten du Aitor; ez zait batere gustatzen hori. Kontuan hartu behar da hura dela txapelketako gazteena: 22 urte bakarrik ditu. Zerbait esan nahi du adin horrekin hirugarrenez binakakoa jokatzeak: hori ez du egiten pilotari eskas batek. Gora egin du urtez urte, eta oso ondo ari da entrenatzen. Gustatuko litzaidake bikote sendoa egitea; halako txapelketetan, sendoek aukera gehiago dute. Badakigu kolpez ez garela beste batzuk bezain indartsuak, eta jotzaile handien aurka sufritu egingo dugula. Baina sendo aritu behar dugu, eta aukerak aprobetxatu. Ziurrenik, gutxixeago izango ditugu, baina horrek ez du esan nahi partidak galdutzat joko ditugunik. Erakutsi dugu min egin dezakegula. Bikote sendoa eta aukerak aprobetxatzen dituena: hori izan nahi dugu. Orain zer garen? Goizegi da hori esateko.

Lehia gogorra duzue bihar, Peña II.a eta Mariezkurrena II.aren aurka. Zer itxura hartzen diozu?

Normalena litzateke guk sufritzea eta Mariezkurrena gailentzea. Sufritzen jakin behar dugu, eta sufrituz gozatu; defentsan aritzeak edo lan zikina egiteak ez du esan nahi lan eskasagoa egiten ari zarenik. Gure aukerak aprobetxatzen saiatu behar dugu, eta argi izan agintzen badugu min egin diezaiekegula. Konfiantza itsua dut Aitorrengan.

Zu zer moduz zaude? «Itzalita nago», esan zenuen lau eta erdikotik kanpo geratu zinenean.

Dezente hobeto nago. Buruz gaizki iritsi nintzen, gainezka, eta burua ez dabilenean, gorputza ere ez. Ez nuen nire maila eman, baina kontuan hartu behar da noren aurka galdu nuen: sekulako txapelketa egin zuen Aitorrek [Elordi]. Ez dut horretan pentsatu behar. Saiatu naiz reset egiten: lehenbizi, deskonektatzen ahalegindu nintzen eta, gero, berriro ekin nion entrenatzeari, baita egunerokoari ere. Pixkana-pixkana, ilusioa piztu zait berriz. Hobeto nago; hori da garrantzitsuena. Sentipen onei eutsi nahi diet; egiten badut, hobeto ariko naiz.

Zerbait aldatu duzu?

Ez. Nik garbi nuen nahiz eta lau eta erdikoan emaitza ona ez lortu ez zegoela lan txarra atzean. Gaizki pasatu nuen kantxan, ez nengoelako ondo jokoz, baina ez zen izan inon arazoren bat nuelako edo zerbait ez nuelako egin. Beti saiatzen naiz profesionala izaten, neure burua zaintzen dut, eta kontrolpean izan ditzakedan gauzak ahalik eta ondoena egiten ahalegintzen naiz, bai orain, bai lehen. Baina uda amaieran kontu bat baino gehiago elkartu zitzaizkidan: ez nenbilen gustura, emaitzak ez ziren onak... eta gaizki bukatu nuen. Ez dut ezer aldatu, baina entrenatzeko denbora izan dut; udan, asko jokatu nahi dugu denok, eta nik inoiz baino gehiago jokatu nuen. Baina zenbat eta gehiago jokatu, orduan eta denbora gutxiago duzu entrenatzeko. Uda ez zitzaidan nahi bezala joan, baina, berriz ohiko egunerokoari helduta, ilusioa piztu zait. Binakakoa jokatzea pizgarri izan da.

Zuk, zalantzarik gabe, piztuta egon behar duzu onena emateko. Halakoa da zure jokamoldea, baita izaera ere.

Denok egon behar dugu piztuta gure onena emateko; energia eta animoa falta bazaizkizu, bizitzaren arlo guztietan sumatzen da. Baina egia da nik partida gutxi aterako ditudala aurrera defentsan bakarrik arituta; ez da ez nire izaera, ezta nire jokamoldea ere. Nire jokamoldeak alaitasuna eta ausardia eskatzen du; horregatik, baliteke garai batean animo eta ilusio apalagoa izateak gehiago eragin izana nire jokoari. Baina aztertu beharrekoak aztertu ditut aztertu beharrekoekin. Orain, hobeto nago; entrenamenduez eta partidez gozatu nahi dut.

Eskertu egin duzu binakakoa jokatzea. Hotz egiten du kanpoan?

Nik oso ondo dakit zer den kanpoan geratzea; gogorra da. Oso polita da binakakoa jokatzea, eta horregatik, oso pozik nago; badut maila horretarako, kanpoan geratu diren beste batzuek bezala. Azken urteetan, alde ona tokatzen ari zait, baina, kanpoan geratu naizenean, orain bezala, ahalik eta profesionalena izaten saiatu naiz. Kirol ibilbide batean, denetik bizi beharra dago, eta zenbat eta hobeto egokitu, orduan eta hobeto.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.