LIBURU AURRERAPENA

Basa

Estereotipoetatik kanpoko emakume adineko bat du protagonista 'Basa'-k, Miren Amurizaren (Berriz, Bizkaia, 1990) lehen nobelak, eta mundu ikuskera baten akabera kontatzen du. Datorren asteazkenean aurkeztuko du.

2019ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Sabinaaa!

... itzarrarazi du Henryren urruma zakarrak. Begiak zabaltzerako igarri du burkoaren umela matrailapean: itogin madarikatua! Eta loak hartzen ahalegindu da atzera ere.

Sabinaaa, etooorri!

... tiratu dio mantari belarria estali guran. Ordea, doi-doi iritsi zaio sudurperaino, esku txindurritu batekin arrastatzeko baino astunagoa baita katu nabarra; hantxe dago, ohe gainean, ugazabandrearen bizkarraren arrimura bil-bil eginda.

Non daude katakumeak? galdetu zion Martzelek eskailerapeko otzara hutsik topatu zuen batean.

Saldu egin ditut.

Lantzean etxekotzeko hautatzen duenen bat ez beste guztiak pentsu-zakuetan sartu eta zirt-zart akabatzen baititu hormaren kontra jota.

Sabinaaa!

Eta mesanotxeko lanparatxoa piztu du azkenean. Goizeko zazpiak hamar gutxiago, argi biren arteko ordua; eguna zabaltzen hasita egonik ere, ilargia agerian. Ohazala erneguz erretiratu, bata jantzi, eta han joan da, itsumustuan, koinatuaren gelara:

Zer! sakatu dio atosteko interruptoreari. Zer behar duzu?

Gaur ze egun da?

E?

Ea gaur ze egun den…

Eguena.

A.

...

Argia itzali eta ateari danbateko bat gogoz emango liokeenak, ukabilarekin hormari kolpeka egin du Henryren koartotik bererainokoa, hura ezinduta dagoenez geroztik zabal-zabalik uzten baititu etxeko ate guztiak. Badaezpada. Kauen! egin du estropezu itoginaren azpiko palankanarekin. Eta bere behatz zapalei esku biekin helduta oheratu da.

Sabinaaa!

...

Sabinaaa!

Eta handik ordu laurdenera, non topatu duen zaharra tapakia hortz artean duela dardarka; leihoa ondo ixteko eta ixteko, zirritutik euri langarra sartzen zaiola-eta. Horratio, mantei ere haginka egiten hastea baino ez nuen behar! itzuli da marmarrean bere gelara: honezkero alferrik sartuko naiz ohera!

Bata eta kamisoia erantzi eta paparretik belaunetarainoko botoi zerrenda duen amantal azulkara bat jantzi du azpiko soinekoaren gainetik; artilezko jertse marroixka eta etxeko zapatila koadrodunak, galtzerdirik barik; galtzerdiak okasioetarako arropekin baizik ez baititu ipintzen Sabinak: igandeetan eta medikuarenera joan beharra daukanean.

Artean esku bat begiak igurzten darabilela, komodaren ertzean pausatu du bestea: mendazko karameluak, kokotseko bizarrak kentzeko pintzatxoa, belarritakoak eta botoi mordo bat dauzka zeramikazko platertxo batean; asmarentzako inhalagailua eta betaurrekoak tapete zuriaren gainean. Arasaren erdian, bankuan erregalatutako erloju hautseztatua, bere kristalezko kupula eta ardatz birakari, penduluaren bueltan ezker-eskuma jiratzen diren lau bolatxorekin; erne bai erne, eguna hasi orduko Sabinari minutu batzuetako aldea ateratzeko.

Zuztarrak egin beharko ditut... hurreratu da ispilura. Atzamar puntekin bekokiko mataza grisa kaskezurrerantz atzeratu eta eskuan ile mordoa duela geratu da istant batez; udagoienak gorputzean honenbeste eragin dezakeenik ere! Hantxe bere kopeta orbanduari begira; bere bekain bilotsu, begi horitu eta betzulo markatuei. Harik eta, sabelaldea erabat ezin estalita, jertsearen barrenari tiraka hasi den arte: puztuta zer nago ba! Betaurrekoak jantzi eta katu nabarra atzetik doakiola abiatu da eskaileran behera.

Banator! isilarazi du txakurra.

Ezkaratzera sartu eta sua egin du lehen-lehenik; bera etxean dagoen bitartean, txapa epel beti, nahinoiz enplegatua izateko prest, gainean ontzi erdi beteren bat eta alboetan trapu zulaturen batzuk zintzilik dituela. Epeltasuna hainbat arinen hedatzeko labearen tapa zabalik utzi eta askaurrerantz jarraitu du.

Banatorrela! pausatu da kortako ataurrean.

Maratilari eragin eta bi, hiru, lau sakadatxo egin behar izan dizkio zapatila ate-oinaren kontra eta eskua Ruben Belokiren aurpegiaren gainean bermatuta; atearen erdi-erdian dauka noiz edo noiz Josebak Eibartik ekarritako poster kolorgea.

Ai, nire mutila... miazkatu dizkio atzamarrak txakurrak.

Katu nabarrari eta biei ontzi bete pentsu utzi eta eskuak sabelpean-da irten da kortatik zelairantz: euria dakar... tentetu ditu belarriak haizeak aldaroka darabiltzan arbolei so. Kuleroak arrapataka jaitsi eta garotzan makurtu orduko igarri ditu aluan belar punten kilimak; zipriztinak orkatiletan, lurruna, hustasuna... Plazera. Eta azken tantatxoak astinduta zutuntzear dagoela, non begiztatu duen txakurra orkatz baten atzetik arin-arinka.

Tyson! jo dio txistu. Ty-son!

Ordea, hark patariari adausika jarraitu:

Popatik! biratu da azkenean. Egizu zeuk nahi duzun bat!

Eta atzamarrak, titiburuak, ezpainak hozminduta itzuli da etxera.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.