Uri Barrutieta. Eibarreko jokalaria

«Finalerdiak jokatzea sari handia da»

Eibarrek ligako finalerdia jokatuko du bihar Majadahondaren zelaian. Haien aurka jokatu dituzten bi norgehiagokak galdu badituzte ere, Barrutietak uste du garaipena lor dezaketela.

JON URBE / FOKU.
Iñaki Berastegi.
2021eko maiatzaren 29a
00:00
Entzun
Finalaurrekoen atarian, Uri Barrutieta Eibarreko jokalariak (Durango, Bizkaia, 1997) «ilusio handiarekin» ikusten du taldea. Mailari eutsita urteko helburu nagusia bete badute ere, «politena» orain datorrela uste du. Ez da erraza izango finalerako sailkatzea, Majadahonda talde indartsua delako, baina bere taldea garaipena lortzeko gai ikusten du, defentsako lana hobetzen badute.

Bihar jokatuko duzue ligako finalerdietako bat. Nolakoak izan dira prestaketako azken aste hauek?

Nahiko gogorrak izan dira, finalerdietako ligaxkako hiru partida jokatu ditugulako. Guretzat ia dena erabakita zegoenez, minutu gutxiago jokatu dutenek aukera gehiago izan dituzte, eta jokalari batzuk postu ezberdinetan probatzen ere aritu dira.

Nola ikusten duzu taldea?

Ilusio handiarekin. Finalerdiak jokatzea sari itzela da, eta polita litzateke Ohorezko Mailan jokatutako lehen denboraldian liga irabaztea. Taldean zeuden jokalariek dute meritua. Kanpotik etorritakoak laguntzera etorri gara, baina, igoera, aurrez taldean zeudenek lortu zuten. Partida jokatu eta irabazteko motibatuta gaude.

Majadahonda izango duzue arerio. Haien aurka jokatutako bi partidak galdu dituzue. Zein traza hartzen diozu partidari?

Majadahondak esperientzia handia dauka, liga asko jokatu eta irabazi ditu, eta zaila izango da horrelako talde indartsu baten aurka aritzea. Gutxienez, badakigu nola jokatzen duten, haien indarguneak eta ahuleziak zeintzuk diren.

Haien aurka jokatu dituzuen bi partidak oso ezberdinak izan dira.

Bai. Lehenengo partidan, Espainiako selekzioarekin jokatzeko deitu ziguten bi taldeetako jokalari askori, eta, horrenbestez, bi taldeek ez zuten euren benetako jokoa erakutsi. Bigarrenean, berriz, eurek guk baino gehiago zuten jokoan: oso indartsu atera ziren, eta markagailuan alde handiagoa lortu bazuten ere, errugbi maila altuagoa ikusi zen. Guk ez genuen gure partida onena jokatu; ea finalerdietan itxura ona eman eta beste emaitza bat lortzen dugun.

Bi aurrekari horiek aztertuta, zer aldatu behar duzue hirugarren partida irabazteko?

Defentsan arreta gehiago jarri behar dugu, lurreko lanarekin min handia egin zigutelako. Era berean, oso garrantzitsua da baloi gutxiago galtzea, partida zaila delako, eta dauzkazun jabetza guztiak aprobetxatu behar direlako. Gakoak horiek lirateke.

Ligako fase erregularra ondo amaitu ostean, finalerdietako ligaxkako hiru partidak galdu dituzue. Kalterik egin dizue horrek?

Hiru partidetan antzeko zerbait gertatu zaigu: lehen zatian ondo eutsi dugu, baina bigarrenean ikusi da oraindik ere landu beharreko akatsak egiten ditugula. Sevillaren aurka, adibidez, ez da aitzakiak jartzeagatik, baina bero handia egiten zuen, eta guk jokalari garrantzitsuak falta genituen. Tentsioa apur bat igo dela nabaritu dugu, eta hiru partidetan emandako irudia aldatzeko erantzukizuna hartu du taldeak.

Irabazteko asko eta galtzeko gutxi duzuela sentitzen duzue?

Helburu nagusia bete dugu, baina oraindik politena falta da. Mailari eusteko helburua bete arren, helburu txiki batzuk jarri behar ditugu orain, eta horiek betetzen ahaleginduko gara.

Zer gerta ere, denboraldia bikaina, oso ona edo nolakoa izan da?

Denboraldia oso arraroa izan da. Ligako partida guztiak jokatu ditugu, disfrutatu dugu eta emaitzak onak izan dira. Denboraldi polita izan da, eta ea askoz hobeto amaitzen den.

Majadahonda eta Cisnerosen aurka jokatutako partida guztiak galdu dituzue. Bi talde horiek, egun, koxka bat gorago daude?

Bai. Urte asko daramate maila honetan lehiatzen, eta goi mailako jokalari oso formatuak dituzte. Guk dinamika hori hartu nahi dugu. Orain badakigu zer den Ohorezko Mailan jokatzea, eta ea pixkanaka gora egiten dugun.

Hortaz, datorren denboraldian, taldeak aurrerapauso bat eman beharko luke?

Bai, edo gutxienez aurten egindako lanari eutsi, eta pixkanaka hazten jarraitu. Pausoak ematen jarraitu behar dugu, arlo pertsonalean eta kirol arloan. Hemendik gorantza egin behar dugu.

Zein arlotan egin dezake hobera taldeak?

Jokoari dagokionez, gakoa izan daiteke partida hasierako mailari amaieran ere eustea. Horrez gain, garrantzitsua da taldeko jokalari kopurua handitzea eta maila igotzea. Goi maila homogeneoagoa behar dugu. Orain 23 jokalari gaude taldean; ez da erraza hainbeste neska batzea, baina geroz eta gehiago izan orduan eta hobeto.

Zure lehendabiziko sasoia da taldean. Pozik zaude Eibarrera etortzeko erabakiarekin?

Asko gustatu zait hemen jokatzea. Etxean jokatzeak beste xarma bat dauka: hemengo jokalariekin aritzea eta zelaian euskaraz hitz egitea berezia da. Goi mailan jokatzeko Madrilera joatea ondo dago, baina etxean jokatzea askoz hobea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.