Donostiako Nazioarteko 64. Zinemaldia. KRITIKA. Zuzendari Berriak

Beldurra

Beñat Eizagirre Indo.
2016ko irailaren 22a
00:00
Entzun

'Yeon-ae-dam / Our Love Story'

Zuzendaria: Lee Hyun-ju. Herrialdea: Hego Korea.Iraupena: 99 minutu.

Lee Hyun-ju zuzendariaren lehendabiziko film luzea da Yeon-ae-dam / Our Love Story. Ingelesezko tituluak aditzera ematen duen moduan, maitasun istorio baten narrazioa da. Sinplea eta xumea den arren, zintzotasun handiz egina dagoela aitortu behar da, eta, beraz, bikote harremanek dakartzaten buruhausteak primeran islatzen ditu.

Ezin da inolaz ere Kim Ki-duk edo Lee Chang-dong maisuen maitasun istorio liluragarriekin alderatu, autorearen helburua bestelakoa baita, hau da, lesbianen arteko bikote harremanak gizarteari ikusaraztea. Horrenbestez, interesgarria da zinez, eta, jakina denez, bi emakumeren arteko maitasun harremana pantailara eramatea ez da erraza suertatzen Hego Korean. Emakumeek ezkontzeko eta familia eratzeko duten presioa ez da nolanahikoa, eta horregatik egilearen ausardia gorestea baino ezin dezakegu egin, nahiz eta film borobila ez izan.

Istorioak ez du ezer berririk plazaratzen, baina errealismo handiz landuta dago. Homosexualen istorioetan gertatu ohi den moduan, bikotekideetako batek ez du oraindik homosexuala dela onartzeko indarrik batu, eta, hortaz, barruko gatazka etengabeak eta horrek dakarren nahasmenak harremanaren egonkortasuna kolokan ipiniko du. Bietan ausartena da Young-eun, eta badirudi ez zaiola axola lesbiana gisa agertzea leku publikoetan, baina gauzak ez dira diruditen bezalakoak. Horrez gain, Yoon-yuk ere antzeko jarrera dauka, bere lagunei ez baitie neska-laguna aurkeztu nahi izan. Biak ala biak beldurrak preso dauzkala baiezta daiteke, beraz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.