EHZ uztailaren 1etik 3ra iraganen da

Euskal Herria Zuzenean festibalaren 26. aldia Irisarrin eginen da. Aitzinetik, martxoaren 26an, Amets Arzallusek eta Marc Parramonek zuzendutako 'Altsasu (gau hura)' dokumentalaren emanaldia izanen da, Miarritzen

Azken urteetan bezala, Irisarrin eginen da EHZ aurten. RAPHAEL QUESADA.
Ainize Madariaga
2022ko martxoaren 1a
00:00
Entzun
Euskal Herria Zuzenean festibalaren 26. aldiari Irisarrik (Nafarroa Beherea) eginen dio batzarri, hirugarrenez, uztailaren 1ean, 2an eta 3an. Aitzinetik, neguaren partitzea eta udaberriaren jitea ospatzeko, festibalariak eta laguntzaileak martxoaren 26an elkartuko dira, Miarritzen (Lapurdi).

«Azkenean, gibelean utziko dugu berriz negua, eta udaberriari gogotsu eginen diogu harrera. Hartza esnatu den bezala, EHZko laguntzaileak ere jaiki gara, eta lanean hasi», iragarri dute antolatzaileek. Hala, dozena bat batzordeetako kideak hasi dira mende laurden pasa beteko duen aldi «ahaztezinaren» prestatzen: «Nazioarteko eta Euskal Herriko artistak, partaidetza berriak, ikusgarriak, mintzaldiak...», izanen direla erran dute.

Kari horretara, Marc Parramon eta Amets Arzallusek zuzenduriko Altsasu (gau hura) dokumentalaren ikusteko parada izanen da martxoaren 26an, Le Royal zinema aretoan, 17:00etan. Hala, «festibala Miarritzen loratuko» da. Ondotik, egileekin solas egiteko tartea izanen da. Miarritzeko karriketan barrena joateko gonbita egin dute, «poteo alaituan», eta, azkenik, Mizanbu gaztetxean bururatuko da gaualdia. Aitzinatu dute «arratsean zenbait sorpresa izanen» direla.

Iazko jaialdia berezia izan zen, koronabirusak eragindako murrizketekin antolatu behar izan baitzuten. Hala ere, arrakastatsua izan zen, antolatzaileen arabera, Irisarrin izan ziren ehunka laguntzaileei eta jaialdian parte hartu zuten milaka pertsonei esker. «Festibalaren mende laurdena behar den bezala ospatu genuen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.