Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Haizearen eta itsasoaren artean

2021eko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Emporda Kataluniako eskualde bat da, Gironako probintzian dagoena.

Pirinioek babestuta, eta Mediterraneo itsasoaren gaineko anfiteatro bat balitz bezala.

Espelt da familiaren abizena. Familiaren arbaso guztiek mahastiak eta olibondoak landu omen dituzte Gironako (Katalunia) terraprims deritzon lurralde honetako altxorretan.

«Ardoa mahastian egiten da, haizearen eta itsasoaren artean», esaldiak definitzen du haien filosofia.

Bi milagarren urtean Lluis eta Quimetak upategia eraikitzea erabaki zuten, baina ordurako baziren benetako mahastizainak. Damianek, haien semeak, bultzada handia eman zion upategiari, eta erabaki garrantzitsuak hartu zituen, gaur egun upategi horri oinarri bat eman diotenak.

Annak —biologoa eta enologoa da— mahastizaintza eta enologia lanak egingo zituela erabaki zuen, eta gaur egun hark gidatzen ditu upategiko lanik garrantzitsuenak.

Lehen, haizea aipatu dut, eta mahastiak astintzen dituzten haize guztietatik boteretsuena tramontana da; barnealdetik jotzen duen haizea, bortitza, ekina, latza da, eta, batzuetan, astebeteko iraupena izan dezake. «Gure ardoek tramontanaren ukitua dute. Mahastiak haizea maite du euriaren ostean lehortzen duenean, eta gorrotatzen du mahats mordoak, hostoak eta kimuak apurtzen dituenean».

Lurrak arbelezkoak dira, baina granito txatalez beteak. Hareaz osatutako lurrak ere badira. Espeltekoek bi motatako lurretan dituzte mahastiak: hareazko lurretatik datozen ardoak freskoak, dotoreak eta erraz edatekoak izaten dira. Arbelak ardo helduagoak, tanino ugarikoak eta boteretsuak ematen ditu.

Berto-bertoko mahatsak lantzen dituzte gehienbat: garnatxak (lledoner blanc, lledoner gris), cariñena, monastrell, syrah, macabeu (viura) eta moskatela.

Ardo desberdin ugari egiten dituzte, 25etik gora: zuriak, beltzak eta apardunak.

Denentzako tokirik ez dagoenez, hiru nabarmenduko ditut gaur: La Vella, Les Elies eta L'Escumos de Anna Espelt.

La Vella zuria da, cariñena zuriz eginikoa, eta horregatik da bitxia eta bakana. Ekologikoa da, eta partzela bakarreko mahasti oso zahar bateko mahatsetatik dator.

Les Elies beltza da. Annaren aitona-amonen lehen mahastia zen Les Elies. Esan daiteke upategiaren jatorria, sorlekua dela mahasti hau. Garnatxa beltzez egina, zintzoa, zuzena eta orekatua.

Eta, amaitzeko, L'Escumos de Anna Espelt, aparduna. Mahats beltzekin eginiko apardun zuria. Monastrell mahatsez egina ehuneko ehunean. Annaren proiekturik pertsonalena da ardo hori. Hiru urtez ontzen da, lau hilabetez bere ligekin, eta 38 hilabete gehiago botilan. Sotila eta konplexua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.