Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Soriako haran txiki batekoak

2018ko azaroaren 10a
00:00
Entzun
Dominio de Atauta upategia 2000. urtean sortu zuten. Soriako (Espainia) Atauta haranean dago upategia, eta haranak ematen dio, beraz,izena. Izan ere, balio etnografiko handiko harana da, eta ardogintzan izugarrizko tradizioa duena.

Mila metroko altueran daude mahastiak, eta upategiaren helburua tinto fino (tempranilloa) mahasti prefiloxerikoek duten ahalmena erakustea da. Ardogintzarako izugarrizko baldintza latzak daude paraje horietan, altitudeagatik, euri gutxi egiten duelako, eta oszilazio termikoengatik.

Bostehundik gora mikrolursailetan sakabanatuak dituzte mahatsak; gehienak, tinto fino motakoak.

Haran oso txikia izanagatik, lurzoru mota ugari eskaintzen ditu konposizioari zein sakontasunari dagokionez, baina denek dute batzen dituen gauza bat: kareharrizko harkaitzak.

Haraneko baldintzak latzak diren arren, esango nuke ardogintzarako ezin egokiagoak direla: alde batetik, kareharriak ardoari ematen dion mineraltasunagatik; beste aldetik, garaierak eta tenperatura oszilazio handiak mahatsaren heldutasun bikaina ahalbidetzen dutelako; eta, azkenik, frutaren egoera osasuntsua ahalbidetzen duen inguruko haize boteretsuagatik.

Elkarrekin bizi dira mahasti txikiak, arrano, erbi, orkatz, basurde zein arte, haritz eta belar aromatikoekin, harmonia ederrean.

Mahastietako lanen oinarria nekazaritza organikoa eta biodinamika dira, ingurumenarekiko errespetua mugaraino eramanda, eta lan guztiak eskuz eginda.

Erabiltzen den ongarri bakarra konposta da, animalia zein landare jatorrikoa.

Lehengaia bereziki zaintzea, mimatzea eta upategian ahalik eta gutxien eragitea; hori da upategiaren helburua.

Lursail bakoitzaren izaera berezi eta bakana ahalik eta gehien errespetatzeko, hainbat material erabiltzen dira upategian; besteak beste, egurra, hormigoia eta altzairua.

Ahalik eta gutxien eragiten da ardoan: legamia autoktonoek lana egin dezaten uzten da, ardoa hotzaren bitartez egonkortzea saihesten da, eta baita iragazketak egitea ere.

Hartziduraren ostean, ardo guztiak pasatzen dira upeletatik, aldizka aldatzen diren upel frantziarretatik, hain zuzen ere.

Parada de Atauta eta Domino de Atauta dira oinarrizko ardoak, inguruko potentzialtasuna erakusten dutenak, eta beste hiru ardo ere badituzte, denak ere lursail bakarreko ardoak: La Mala, Valdegatiles eta Llanos del Almendro. Hirurak dira bikainak eta bakanak, desberdinak.

Nik La Mala nabarmenduko nuke gaur hemen. Mahastiaren lurzoruak oso sakonera txikia du, eta, horregatik, mahatsondo bakoitzaren ekoizpena izugarri txikia da. Horrek eta lurraren ezaugarri bereziak bihurtzen dute ardo hori upategiko interesgarrienetako bat, Ribera del Dueroko ardoen ezaugarrietatik urruti: dotorea eta luzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.