Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

XII. Durango Ardo Saltsan

2019ko martxoaren 30a
00:00
Entzun
Gaur ospatuko da Durango Ardo Saltsan ardo eta delicatessen feria hamabigarrenez. 2008an martxan jarri zuten hiru lagunek, eta hor mantentzen da gaur egun egonkortuta, eta askorentzat ezinbesteko hitzordua bilakatu da. Ardoa eta delicatessen kultura uztartzea eta ezagutzera ematea, eta lan didaktikoa egitea izan dira hasieratik haien helburu nagusietarikoak.

Aurten ere hainbat upategik hartuko dute parte, eta haien ardoak, ostrak, izokina, sushia, mota ugariko gaztak, urdaiazpikoa, baratxuri beltza, algak eta beste hainbat gutiziarekin uztartzeko aukera bikaina izango dute Landako Gunera biltzen direnek.

Aurten, gainera, Saltsan Katerinek hogeita bost urte betetzen ditu, eta Iñaki Uribek gidatutakotaldeak mota askotako pintxoak eta jaki bereziak prestatuko ditu; beste sorpresa batzuk ere ekarriko ditu.

Upategien artean, Ximénez Spínola, Solabal, Finca Allende,Vegamar, Bodega Pinedo, Malaparte Altos del Terral, Celler de la Muntanya, Murillo Viteri, San Esteban, Alvaro Palacios, Fermí Bohigas, Succés Vinícola, Recaredo, Can Feixes, Mas García Muret, La Triada, Hesvera, Del Monge Garbati, Care... egongo dira. Bestetik, honako hauek azpimarratu nahi nituzke, gureak baitira: Bizkaiko Txakolina sor-markapean, Butroi, Itsasmendi, Magalarte, Lapazaran eta Mendraka; eta Arabako Errioxako Launa eta Luis Alegre.

Berritasun moduan, aurten lehen aldiz egongo da sagardoa Landakon, Euskal Sagardoak ere mahai bat jarriko baitu, eta egunari ekiteko lehenengo aurkezpena egingo dute dastatze gunean.

Azken urteotan bezalaxe, egunean zehar hainbat ardo dastatze eta aurkezpen egongo dira. Sagardoaren ostean, Paco Casasek Altos del Terral upategiko ardoenaurkezpena egingo du, eta kata gidatua ere izango da. Geroxeago, Celler de la Muntanya upategiko Iron Bridge Wine eta Faranna ardoak ezagutzeko eta dastatzeko aukera izango da.

Arratsaldean, berriz, Vegamar upategiaren txanda izango da eta Ancestral gorria, aparduna, Huella de Merseguera, Huella de Garnacha eta Vegamar Gozoa ezagutu eta dastatuko dituzte bisitariek.

Amaitu aurretik, ez dut ahaztu nahi martxoaren 20an Durangoko Elkartegian Gari Riosen eskutik gozatu genuen kata bikaina. Itsasmendiren Parcelario 7.1, 7.6 eta 7.7 dastatu genituen, baita Itsasmendi 7 ere, laurak 2017 uztaldikoak. Horiei tartea eman ondoren, Artizar 2012, 2013, 2014 eta 2016 ere gozatu genituen, kontzeptu desberdinak, bikainak eta ardoak ezagutzeko Garik emandako azalpen zoragarriak. Ardoaz gozatzen dugunontzat paradisua!

Gozatu, bada, Durango Ardo Saltsan eta egin dezagun topa!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.