Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Don Angel, Felixin... eta Moli (I)

2021eko maiatzaren 8a
00:00
Entzun
Upategi guztiek, ardo guztiek, daukate atzetik historia bat. Batzuetan historia horiek arruntak izaten dira, interes handirik gabeak, baina beste batzuetan historia ederrak egoten dira zenbait ardoren atzean.

Ardoak handiak direnean, eta atzean dagoen historia ederra denean, gozamena izugarria izaten da, ardo zurrutada bakoitzaren atzean historia datorkizulako gogora, eta benetan zoragarria izaten da hori.

Gaurko upategiaren historia ez da luzea, baina atzean dagoen historia benetan ederra da, eta urte batzuk atzera jo beharra dago ardoa bera ere hobeto ulertzeko eta ezagutzeko.

Angel Rodriguez de Pinedo Briñasko apaiza zen. Don Angelek itzelezko karisma omen zuen, gaztea, ederra, sinpatikoa, saltseroa, gitarra, akordeoia eta pianoa jotzen zituen eta gizatasun handiko gizona zen, bihotz handikoa. Gainera, ospakizunetan maisua omen zen elizan, eta, batez ere, elizatik kanpo.

Felixin gizon bikaina zen, Briñasko mahastirik zainduenak eta bikainenak omen zituen. Felixin ez zen elizazalea, baina apaizaren lagun handia egin zen. Aparteko gizona omen zen Felixin, adimentsua, sakona, sentibera... bihotz handiduna. Don Angel lehendabizi, Angel geroxeago, eta Pinedo gero, anaiak bezalakoak bilakatu ziren.

Angelek apaiz izateari utzi, eta familia bat osatu zuen. Felixinek egiten zuen Angelen (Pinedoren) etxean edaten zen ardoa. Beratze karbonikoz eginiko ardo gaztearekin hazi ziren Pinedoren etxean. Baina Angelen emazteak, Molik, ez zuenez oso gogoko ardo mota hori, urtero upel bat egiten zuen bereziki harentzat. Upel horrek ematen dio izena gaur egun upategiko ardorik bikainenari, Viña Moli, alegia.

Urte askoz Angelen eta haren seme-alaben artean botilaratzen zuten ardoa, eskuz banan-banan. Argi dago, beraz, ardoa beti egon dela presente familian.

Pinedo, Felixin... eta Isaac Muga, falta zen hirugarren atala. Isaac Bordelen zegoen enologia ikasketak egiten, eta Harorako (Errioxa, Espainia) bidean tartetxo bat egiten zuen Durangon (Bizkaia) geratzeko, eta pinedotarrei bisita egiteko. Moliri hain gogoko zituen Arcachoneko ostra batzuk eman, eta ardoaren inguruko zenbat irakaspen eta gozamen izango zituzten mahai baten inguruan!

Bordele, Borgoinia, Australia, Hego Afrika, Rodano... ezagutzeko parada izan zuten Isaacen eskutik.

Angel 2006an hil zen, eta haren arreba Carmenek Angucianan zuen familia upategiaz jabetzeko aukera izan zuten. Angelen seme-alaben esanetan, «aita omentzeko eta geure haragizko, emoziozko eta sentitze historiari jarraituz eta gure errioxar jatorriari jarraituz, ardoa serio egiteko erronkari aurre egitea erabaki genuen». Hiru ardo egiten dituzte eta laugarren bat egiteko asmoa ere badute... baina hori hamabost egun barru kontatuko dizuet.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.