Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Moneorenak

2018ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Bodegas y Viñedos La Mejorada gunea Olmedo hiritik (Valladolid, Espainia) bost kilometrora dago.

XV. mendean, gaur egun upategia dagoen tokian, monasterio bat eraiki zuen Jeronimotar fraideen komunitate batek. XIX. mende amaieran, Filipinetako domingotarrek erosi, eta eraberritze lan handia egin zuten. Gero, 1984an, saldu egin zuten, eta nekazaritza ustiategi bilakatu zen. 1999an, Bodegas y Viñedos La Mejorada sozietateak erosi zuen monasterioa, eta hari atxikita zeuden 140 hektareako lursaila. Orduantxe hasi ziren mahasti landaketak, baita monasterioaren zaharberritze lanak ere. 2004an, monasterioko klaustroaren inguruan upategia jarri zuten, eta, 2007an, Rafael Moneo arkitekto nafarraren familia sozietatearen esku geratu zen.

Moneo Tuteran jaio zen, eta sona handiko arkitektoa da; besteak beste, Donostiako Kursaala, Madrilgo Prado museoa handitzeko lanak, Stockholmeko Arte Modernoaren Museoa eta beste egin ditu; eta, duela oso gutxi, adibidez, Bierzoko Alvaro Palaciosen upategi berria ere egin du.

Lau ardo egiten dituzte La Mejorada upategian, denak beltzak: Villalar, Las Norias, Las Cercas eta Tiento. Ardo guztiek daramate Vino de la Tierra de Castilla y Leon sor-marka.

Tiento da upategiko izarra, eta urte bakoitzean upategiak dituen mahatsik bikainenak erabiltzen dituzte ardo hori egiteko: caberneta sauvignon, tempranillo eta syrah. Baina, urtearen arabera, proportzioak aldatu egiten dira; beraz, erabat desberdina izan daiteke, eta izaten da, uztaldi bakoitzak eskaintzen dituen ezaugarrien arabera.

Villalar ardoa tempranillo eta cabernet sauvignon mahatsez egina dago. Upategiko oinarrizko ardoa da, baina benetan ederra. Monasterioak eta komuneroek izan zuten harreman estuari omenaldia egin nahi dio izenak.

Las Norias tempranilloz egina dago. Izena lursailak ematen dio; silizez osatutako lurrek zein saileko mikroklimak mahatsari zein ardoari izaera berezia ematen diote, eta mineraltasun eta freskotasun bikainak erakutsi.

Ardo horrek dituen ezaugarri guztietatik, ahoan erakusten duen oreka nabarmenduko nuke: potentziaren eta leuntasunaren arteko oreka, hain zuzen ere. Zahartzeko gaitasun handiko ardoa dela ere gehitu nahi nuke, ardoa dotoretuz eta konplexutasunean irabaziz joango delako urteekin.

Las Cercas ardoari ere lursailak ematen dio izena, eta syrah eta tempranillo mahatsez egina dago. Syrahren fintasun eta dotoreziak eta tempranilloaren indarrak eta botereak bat egiten dute.

La Mejoradan modu ezin hobean uztartzen dira lurra, baldintza naturalak eta klima, eta denak batera eta mahastizaintza oso zainduarekin batera ematen dituzten emaitzak dira ardook.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.