Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Verum, benetakoa

2020ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Lopez Montero familiak ardoa eta destilatuekin duen harremana 1788tik dator, urte horretan agertzen baita familiaren lehen upategiaren erregistroa, Tomellosoko (Gaztela-Mantxa, Espainia) udal erregistroan, hain zuzen ere.

1963an, Juan Antonio Lopez Ramirezek eta Maria Victoria Monterok Altosa upategia eta destilategia sortu zuten, eta gaur egun ere, ardoak eta destilatuak ekoizten eta merkaturatzen jarraitzen dute.

2005ean, Maria Victoriak eta bere seme-alabek (Mari Belen, Juan Antonio, Pedro Jose eta Eliasek) Verum upategia sortu zuten, familiaren ardoei marka edo izena emanez; haien esanetan, «mahasti onenetan eta lurrik onenetan dute jatorria».

Verum hitzak latinez benetakoa esan nahi du, eta, haiek esaten duten moduan, ondo adierazten du ardoekin adierazi nahi dutena: lurraren benetakotasuna, lurrik eta mahastirik onenak berreskuratuz; familiaren benetakotasuna, lur horiek landu zituzten arbasoengandik ikasiz; eta ardoaren benetakotasuna, lurralde eta familiaren benetako isla.

Elias Lopez Montero da enologoa, eta upategiaren arrakastaren errua harena da, neurri handi batean. Verum proiektua abiatu aurretik, Duero Erriberako Aalto upategian eta Hegoafrikako Bergkelder upategietan aritu zen lanean.

Verum upategia abiatzeak inguruko upategiek jarraitzen zuten filosofia goitik behera aldatzea ekarri zuen: barietatearen bikaintasunaren alde lan egiten du Eliasek, lurraren izaera benetan erakustearen alde, eta hori guztia mahastizaintza ekologikoak dituen neurri zurrunei jarraikiz.

2016an hego hemisferiora itzuli zen, Argentinako Patagoniara hain zuzen ere, ardoa egiten den munduko lekurik hegoaldekoenera. Urte horretatik aurrera, bi mahats bilketa egingo ditu urtean: bata Mantxan eta bestea Argentinan.

Argentinako ardoekin izugarrizko arrakasta lortu bazuen ere puntuazio aldetik-eta, gaur, Mantxako Ulterior proiektuan sortutako ardoak nabarmendu nahi ditut.

2007an abiatutako proiektua da. «Ezagutzen ez dugun tokira eginiko bidaia, lur honen ezagueratik eta diogun maitasunetik abiatuz». «Verumek klima aldaketari ematen dio erantzuna, gure filosofia erakustea bermatuko duten mahats motak erabiliz, gure jatorria errespetatuz, baina lurralde berriak aurkitzeko beharrarekin...».

Verum proiektua abiatuaz bat, Eliasek eta haren anai-arrebek upategiaren etorkizuna marraztu zuten El Romeral lursailetik, eta klima aldaketara egokitzeko gaitasuna erakutsi duten mahats motak landatu: Malvasia usaintsua, mazuelo, graciano mahatsak, baina baita berreskuratu nahi duten moravia garratza, albillo real eta tinto Velasco, besteak beste. Lursail honetatik eta mahats mota horiek erabiliz sortzen da Ulterior proiektua, 2018an. Bost ardo desberdin egiten dituzte: lau beltz eta zuri bat. Denak monobarietalak. Albillo real mahatsez egindako zuria bikaina da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.