Roberto Sarriugarte
ARDOXKA

Mahasti bildumagileak

2020ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Rodriguez de Vera familiak sortutako upategi taldeak daukan logoak atentzioa eman dit: «Rodriguez de Vera, mahasti bildumagileak».

Sorburua, familiak abiatutako lehen upategia, Almansa sor-markapean dago, eta familiaren izena darama, hau da, Bodega Rodriguez de Vera.

Zazpi belaunaldi mahastizaintzan aritu ondoren, eta haien mahastiak ematen zituzten mahatsak inguruko bikainenak zirela konturatuta, proiektu propioa abiatzea erabaki zuten: ordura arte saltzen zituzten mahatsekin ardo propioak egitea, alegia.

Alde batetik, mahastian eginiko lan bikainagatik, eta bestetik, Finca Casaltako mahastiek eskaintzen zuten baldintzengatik, mahatsaren kalitatea bikaina da.

Ordura arte, besteek ardoztatzen zuten mahatsarekin ardo propioa egitea: hori zen erronka.

Etxeko garajean hasi ziren ardoa egiten, kopuru txikietan, eta, haien esanetan, «emaitza tamalgarria izan zen, deskalabru itzela»; baina Pepe Rodriguez de Vera upategiren buru jarri, eta, lagun eta senideen laguntzarekin eta lanari buru-belarri ekinez, 2010ean lehen uztaldia merkaturatzeko aukera izan zuten. Esan daiteke hortxe abiatu zela Rodriguez de Vera upategia eta haren inguruan pixkanaka-pixkanaka sortuz joan den upategi taldea.

Almansako upategiari jarraika, Jumilla sor-markapean, Pituco Viticultor upategia sortu zuten, monastrell mahatsa oinarri hartuta.

Baina mahasti bildumagileak izaki, beste proiektu batzuk ere jarri dituzte abian: esaterako, Sopla Levante Alacanten, Sopla Poniente Kordobako (Andaluzia, Espainia) Montilla- Moriles sor-markapean, Ruedan Viñadores de Madrigal, nola ez, verdejo mahatsarekin, eta gaur azpimarratu eta nabarmendu nahi dudan Atalaque. Atalaquen, Toledoko (Espainia) Mentrida sor-markapean merkaturatzen diren ardoak egiten dituzte.

Fuensalidan (Toledo, Espainia) sortutako upategia da. Pepe Rodriguez de Verak Santi Peña ezagutu zuen, eta bien artean daramate aurrera proiektu bikain hori. Hiru partzela kudeatzen dituzte, eta mahasti batzuk 110 urtetik gorakoak dira. Hamabi hektareatan hedatzen dira, batez ere, garnatxa mahatsa, eta ale txikiko moskatel pixka bat ere bai. Altzairuzko depositu txikietan egiten dute hartzidura alkoholikoa, eta, bitxikeria moduan, zenbaitetan txorten eta guzti. Gehienetan erabilitako upelak erabiltzen dituzte ontzeko, inoiz ere ez upel berririk, frutaren izaera zaintzeko.

Atalaque Garnacha, Atalaque Garnacha El Horcajo beltzetan, eta Atalque Moscatel dira egiten dituzten ardoak. El Horcajo azpimarratuko nuke denetatik. Fruta ugariko ardoa eta ukitu mineralekoa. Alkohol ugariduna izanagatik, oreka bikain mantentzen du, neurri handi batean azidotasunak eskaintzen dion izaeragatik. Ez da luzeegia, baina bai amaiera bikainekoa, ukitu mingotsa eta fruta gorria berriz ere agertuz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.