G7koen goi bilera Miarritzen. Ondorena

Etxegaraik eskatu du kalte-ordainak Lapurdiko kosta osora hedatzeko

Euskal Elkargoko buruak dio askok Hendaiatik Baionara babestu behar izan zituztela euren saltokiak. Michel Veunac Miarritzeko auzapezak bilan baikorra egin du

Miarritzeko karriken itxura, herenegun, goi bilerako azken egunean. GILLAUME FAUVEAU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2019ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Saltokien egurrezko babesak eta hiri hutsak. Horrelakoa izan da giroa asteburu honetan Lapurdiko kostaldeko hiri nagusietan. G7koen bilera baino egun batzuk lehenago, dendariek «ezjakintasuna» eta «informazio eskasa» salatu zituzten, bai Miarritzen eta bai Baionan, eta kezkatuak agertu ziren goi bileraren ondorioz jasan zitzaketen kalte ekonomikoez. Azken hilabeteetako diskurtsoan, tokiko erakundeek saltokiak zabalik uzteko deia egin dute, erranez munduko kazetari, delegazio eta turistak Miarritzen kontsumitzera sartuko zirela. Goi bilera bukatuta, kontuak ateratzeko tenorea iritsi da.

Christophe Castaner Frantziako Barne Ministroak iragarri duenez, Pirinio Atlantikoetako Prefeturak kalte-ordainak jasotzeko prozedura abiatuko du hemendik bi astera. Era berean, Michel Veunac Miarritzeko auzapezak France Bleu Pays Basque irratian azaldu du kalte-ordainak izanen direla saltokientzat. Ez du zehaztu miarriztarrentzat bakarrik izanen ote diren, baina adierazi du «G7koen bileraren eragina pairatu duten guziei» emanen zaizkiela kalte-ordainak. Esplikatu du Emmanuel Macron Frantziako presidenteak bere aitzinean eman zizkiola aginduak Eric Spitz Pirinio Atlantikoetako prefetari, zera esanez: «Goi bilerak ez ditu tokiko saltokiak zigortu behar». Auzapezaren hitzetan, hiria laguntza horiei gehituko zaie, «garai horietan sufritu duten saltokiei hiriak ematen ahal dizkien erraztasunekin». Hala ere, bilan baikorra atxikitzen du: «Miarritzerentzat ona dena saltokientzat ona da».

Aldiz, Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakariak adierazi du Hendaiatik Baionara arte G7koen bileraren garaian haien saltegia babestu behar izan dutenei eta goi bileragatik kalteak jasan dituzten guztiei eman beharko zaizkiela kalte-ordainak.

Iker Elizalde Hendaiako lehen axuantak ere eskatu du Frantziako Estatuak «bere ardurak har ditzala». Azaldu duenez, «estatuak sortu nahi izan duen beldurra hor egon bada ere, Hendaiak eman duen irudia oso baikorra izan da». Saltegien galeraren balorazioa oraindik egin beharra dute, eta Hendaiako Turismo eta Komertzioaren Bulegoari galdetuko diote hori. Kontragailurretako egunak «oso baikorrak» izan direla adierazi du, eta nabarmendu du jendea karrikara atera dela «okupazio polizialaren gainetik». Erran du irekiak egon diren ostatuak «oso pozik» direla, eta azpimarratu du erronka «beldurragatik itxiak» egon diren dendekin izango dela, kalte-ordainak eskura ditzaten.

Kontragailurra aitzin, Hendaiako Herriko Etxeak hainbat bilkura egin zituen Frantziako Estatuko zerbitzuekin. Tresna berezi batzuen bidez kalte-ordainak lortzea posible dela iragarri zuten orduan, baina baita irekiak egon diren saltegiek baizik ez dituztela eskuratuko ere. Gailurra aitzin, Miarritzeko langile batzuek adierazi zuten, 2011n Frantziako Dauville herrian izan zen G8aren ondotik, hango saltzaile batzuek kalte-ordainen zain segitzen dutela.

Manifestatzera deitu dute

Goi bileraren kalteak ez dira ekonomikoak bakarrik izan; Euskal Herriak izugarrizko polizia operazioa ezagutu du egun horietan. Castaner Barne ministroak jakinarazi du 164 interpelazio egon direla, eta bost pertsona kartzelan dira protestetan parte hartu izana egotzita. Atxilotuekiko elkartasunez, G7 Ez plataformak manifestazio batera deitu du, gaurko, Donostian (19:00).

Joseba Alvarez Sortuko eta G7 Ez plataformako kidea izan zenatxilotu zutenetako bat. Poliziak jakinarazi zion bostehun izeneko zerrenda bat daukala eskura, horrelakoetan Ipar Euskal Herrira joan ezin duen jendearena. EH Bilduk kontuak galdegin zizkion atzo Espainiako Gobernuari zerrenda horren inguruan, eta «eskubideen urraketa» bat dela salatu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.