Martxoak 8: greba feminista

Bizkaia. Zaintzaileak zaintzea noren lana den galdetu diete instituzioei

Mugimendu feministako kideek eta etxeko langileek eskaera egin diete erakundeei: aitor dezatela zaintza lanen erantzukizuna dutela eta jar ditzatela horretarako bitartekoak. Bideoa albistearen amaieran.

Manifestazioak herriko kaleak bete zituen. A. ALKORTA / HITZA.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2019ko martxoaren 9a
00:00
Entzun
«Pentsa zaintzaren benetako greba bat egingo bagenu. Zer gertatuko litzateke? Oso ikusgarria izango litzateke, eta agerian geratuko litzateke nork zaintzen duen nor. Kaleak zaindu beharreko haur eta adineko pertsonez beteko lirateke. Pentsatu al dugu inoiz horretan?». Berta Malvarez mugimendu feministako kideak horrela hitz egin zuen atzo Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean. Etxeko langilez inguratuta, zaintzen inguruko protesta bat egin baitute han. «Nekatuta gaude beti gu aritzeaz zaintzen, beti emakumeek zaindu behar izateaz ingurukoak». Eta neke hori garbi geratu da etxeko langile batzuek daramatzaten karteletan: «Nork zaintzen gaitu?». Argi baitago zaintza emakumeen gain geratzen dela, baina ez baitago hain argi nor arduratzen den zaintzaileak zaintzeaz.

Adineko pertsona batzuen panpina batzuk ere egin dituzte protestarako, eta foru aldundiaren jauregiaren atarian jarri. Bi kale-argiren artean soka bat lotu dute gero, eta handik zintzilikatu dituzte lanerako eskularruak, trapuak eta mantalak. Horrela adierazi dute ez dutela lan egingo Martxoaren 8an, eta, bide batez, irudikatu dute zaintzen ardura erakunde publikoena dela. Etxeko langileek diputazio paretik alde egin dutenean, panpinak han geratu dira: erantzukizunaren irudia aldundiaren atarian.



Goizean goizetik atera dira kalera etxeko langileak eta zaintzaren inguruan gogoeta egin duten emakume taldeak. Aldarrikapen horiek ezinbestekoak izan baitira greba feministaren harira, eta erdigunean jarri behar baitira, Silvia Rugamaz etxeko langilearen arabera: «Zaintzarik gabe ez dago bizitzarik; hori garbi utzi behar dugu». Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzara joan aurretik, Bilboko udaletxearen aurrean egin dute lehen geldialdia, eta eskaera bat aurkeztu dute bertan. «Interpelazio bat egin nahi izan diogu udalari, ikusgarri bihurtzeko emakumeek egiten duten lana eta ohartarazteko eurek ere lan egin behar dutela zaintzaren arloan».

Gainera, eskaera zehatzak egin dizkiote Bilboko Udalari: esaterako, gizartea antolatu ahal izateko aukerak eskaini ditzala zaintzen ardura hartzeaz aparte. Izan ere, Malvarezek salatu du zaintza gero eta indibidualagoa dela, eta ohartarazi du horrek negozio bihurtzen duela pertsonen zaintza. «Zaintza negozio bat baldin bada, nork zaindu ahal izango ditu bere inguruko pertsonak? Dirua daukatenek bakarrik. Horregatik, erakundeek esku hartu beharko lukete arlo horretan».



Gainera, zaintza hori emakume etorkinen bizkar geratzen da gehienetan, Rugamazek zehaztu duenez: «Egun indarrean dauden legeek horretara bideratzen gaituzte. Paperak lortzeko, hiru urtez egon behar dugu lanean, eta ikusezin bihurtzen gara. Horrek esklabotzara bideratzen ditu emakume asko». Horregatik, gizarteari ere egin dio eskaera, gogorarazteko ardura denena dela, ez soilik kanpotik datozen emakumeena: «Askotan, langileak 24 orduz daude etxe barruan, pertsonak zaintzen, eta hori ez dago behar bezala banatuta. Pentsatu dugu etxeko langileek egiten duten lan hori familiako kideek euren gain hartzea? Edo beste modu batean antolatzea?». Beraz, esan du gizarteak lehenbizi «begiak zabaldu» behar dituela sistema justuago bat lortzeko.

Malvarezek aldarrikatu du bide horretan erakundeek gizartearekin batera lan egin behar dutela, eta udalak bere gain hartu dezakeen beste neurri bat aipatu du: «Kiroldegietan zaintzarako guneak jar ditzakete, adibidez. Gaur egun kirola egiten dutenen perfila bera izaten baita askotan: familia zaintzeko lanik ez duten pertsonak». Malvezen ustez, kirola egiteko aukera jende gehiagorengana zabaltzeko bide bat izango litzateke. Adibideak balio dio esplikatzeko badirela politikak aldatzeko aukerak, eta posible direla, borondatea izanez gero.

[youtube]https://youtu.be/ZdTgpmZjg_s[/youtube]
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.