Hizkuntzen ofizialtasuna sustatzea eskatu du Espainiako Kongresuak

Espainiako Gobernuari egin dio eskaera, baina, Kontseiluaren ustez, Nafarroara ere iritsiko da eztabaida. Asturierari eta aragoierari ere eragin diezaioke neurriak

Lander Muñagorri Garmendia.
2021eko martxoaren 12a
00:00
Entzun
Berezko hizkuntzak ofizial egiteko estatutu erreformak bultzatzeko eskaera egin zuen atzo Espainiako Kongresuak. Hizkuntza gutxituak babesteko legez besteko proposamena eztabaidatu zuten asteartean, eta atzo egin zuten bozketa. Testua ez zuten osotasunean bozkatu, puntuka baizik, eta zazpi neurritatik hiru onartu zituen Kongresuak, tartean hizkuntzen ofizialtasunaren aldekoa. Puntu horren alde egin zuen PSOEk, eta, beraz, ikusteko dago horrek zer eragin izango duen Nafarroako zonifikazioan.

Estatutuen erreformak bideratzea erkidego bakoitzari dagokion zeregina da, baina Kongresuak Espainiako Gobernuari egin dionez eskaera, pilota Madrilgo teilatuan dagoela esan du Paul Bilbao Kontseiluko idazkari nagusiak. Kongresuak egindako eskaerari gobernuak emango dion erantzunaren zain egongo den arren, «Nafarroako Parlamentuak jakin behar du auzi hori badatorkiola». Bilbaok ohartarazi du sozialistek ofizialtasuna sustatzearen alde bozkatu dutela, eta Espainiako eta Nafarroako gobernuetan daudela. «Ez luke logikarik izango Madrilen babestutakoa Nafarroan baztertzeak». Euskararen zonifikazioan eragin dezake neurriak, baina baita asturieraren eta aragoieraren ofizialtasunean ere.

Puntu horrekin batera, beste bi neurri ere onartu zituzten. Horietako batek eskaera hau egiten dio Espainiako Gobernuari: «Eremu linguistiko bereko lurraldeen arteko hizkuntzen administrazio erabilera ahalbidetu dezala, muga administratiboen barruan eta kanpoan, oztoporik gabe, eta eremu linguistiko horien barruan hedabideak hartzeko akordioak sinatuz». Hirugarrenak, azkenik, gobernuari dei egin dio hizkuntzak «benetan» errespetatzera, «eskubideetan eta betebeharretan», eta estatuko botere guztien konpromisoa galdegin du.

Proposamenaren sustatzaileetako bat izan da Kontseilua, aragoieraren, asturieraren, katalanaren eta galegoaren aldeko eragileekin batera. Ofizialtasunaren puntuak atea zabaltzeko balio izan badu ere, Bilbaok aitortu du testuak zituen «egiturazko eskaerak kanpoan geratu direla». Horregatik dio egoera oraindik urrun dagoela eragileek eskatzen duten «askatasunetik, demokraziatik eta berdintasunetik».

Asteartean, legez besteko proposamenaren aurkako jarrera azaldu zuten sozialistek, hainbat neurri Espainiako Konstituzioaren aurkakoak direla esanez. Hiru puntuak onartu izana gizarte eragileen presioari esker izan dela dio Bilbaok. «Gizarteak ez luke ulertuko beste eremu batzuetan berdintasunaren alde dagoen alderdiak jarrera hain itxia izatea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.