«Iruzurra» frogatu arren, legezkotzat jo dute kaleratze bat

2019ko azaroaren 6a
00:00
Entzun
Bilboko auzitegi batek ebatzi du legezkoa dela Artiach enpresak egindako sei kaleratzeetako bat, emakume langile batena. LABek zazpi kasugatik salatu zuen Orozkoko (Bizkaia) enpresa hori, aldi baterako kontratatutako langileen kopuru handiagatik. Horietako batean, epaileek argudiatu dute aldi baterako enpresen bidez ari diren beharginak lan egoera «pasiboan» geratzen direla gehienezko 180 egunak bete ondoren, eta, beraz, ez dagokiela kontratu mugagaberik. Alegia, urteetan Artiachentzat aritu den arren, enpresak ez diela kontratu mugagaberik egin beharrik egoera horretan daudenei.

Frogatutako gertaeren atalean jaso dute epaileek argudio hori. LABen hitzetan, «frogatutako gertaera da langileek lanik egin gabeko denboraldiak egiten dituztela, enpresak lege mugei izkin egin eta kontratu mugagabeak saihesteko, nahiz eta egiturazko lanpostuak izan». Hau da, 180 eguneko muga hori berez «iruzurra eragozteko» neurri bat izan arren, «justu arau horrek» uzten dituela beharginak babesik gabe.

Bigarren kaleratzea, aldiz, legez kanpokotzat jo dute epaileek. «Egoera berean dauden bi langileek ez dute trataera berbera jaso, eta iruzurra gauzatzeko erabiltzen den forma bera da arrazoia», salatu du LABek.

Emakumeak dira kaleratutako langileak: «Ez dugu onartuko kaleratze mehatxuarekin erantzutea eskubideak aldarrikatzen ditugun bakoitzean». Hilaren 14an manifestazioa egingo dute: 19:00etan, Laudion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.