ELAk ez du nahi inor kaleratzea «mila milioi irabazi duten enpresetan»

Tubacexeko, ITPko eta Aernnovako kaleratzeei aurre egiteko, ez du «ezer» baztertzen sindikatuak. Egungo egoera langileen «bizkarrean» jarri nahi dutela dio

Iñaki Lopez Gandasegi Aernnovako presidentea eta Arantxa Tapia sailburua. JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
xabier martin
2020ko uztailaren 30a
00:00
Entzun
ELA ez dago prest besterik gabe onartzeko euskal enpresa estrategikoetan ehunka langile kaleratzea. Ordezkaritza handieneko sindikatuak gogor salatu ditu Tubacex, ITP eta Aernnova enpresek astebetean langileak kaleratzeko hartu dituzten erabakiak. Enpresa horiek Eusko Jaurlaritzaren eskumeneko lurraldeetan sortu direla dio sindikatuak, baina uste du «multinazional arrunten funtzionamendu eredua» aplikatzen dutela. Halaber, uste du «zinismoa» dariola Ekonomiaren Garapenerako sailburu Arantxa Tapiak kaleratze horien harira esandakoari. Soldatak murriztea enpleguari eusteko baliabide bat dela esan du berriki Tapiak.

ELAko Negoziazio Kolektiboko arduradun Pello Igeregik atzo esan zuen hiru enpresa horiek «izugarrizko irabaziak» izan dituztela azken urteotan: «2009tik, Tubacexek, ITPk eta Aernnovak 1.027,4 milioi euro irabazi dituzte. Enpresa horiek arrakasta handia lortu zuten koronabirusaren krisia hasi baino lehen, eta, beraz, onartezina da hainbesteko etekinaren ondoren lantaldeei eskatzea egungo egoera gainditzeko ahalegin guztia».

Igeregik gogorarazi zuen Itzarri BGAEa Tubacexen %3,21en jabe dela, eta salatu zuen parte hartze txiki horiek direla, hain zuzen, gizarteak enpresa horien gainean duen «kontrol ahalmen bakarra». Sindikatuan uste dute azaleratu egin dela enpresa handi horiek «errotze eskasa» dutela Euskal Herrian.

Tapiaren «zinismoa»

Tapia sailburuaren formulak zer ekarriko lukeen argi dauka ELAk: «Soldatak murriztuta ez da kaleratzerik saihestuko; ekoizpen maila murriztuta dagoen bitartean, langileen kopurua beti egongo da zalantzan». Sindikatuaren arabera, erabaki horrekin lortuko litzatekeena da enpresa horiek diru gehiago irabaztea etorkizunean, «ez beste ezer». Tubacexen, ITPn eta Aernnovan lan kostuak enpresen kostu osoaren %25 baino gutxiago direla helarazi zuen ELAko kideak, eta abisu argia eman zuen: kaleratze posibleei aurre egiteko neurrien artean, ez du «ezer» baztertu sindikatuak.

Igeregik argi baitauka Tapia sailburuaren proposamena «eskandalua» dela, langileen bizkar jarri nahi duelako presio guztia. «Merkaturik gabe, inbertsiorik gabe edo eraldaketa industrialik gabe, arduragabekeria da enpresen zuzendaritzei esatea soldatak jaitsiz etorriko dela irtenbidea». Beraz, sindikatuak kaleratze kolektibo horien aurka egingo du, badakielako «Jaurlaritzak beste jarrera bat hartzen ez badu» beste batzuk etor daitezkeela luze gabe. «Gure herriak industria politika berritzailea behar du gizartearen beharrei, genero berdintasunari eta naturaren aukerei erantzungo dien industria ereduranzko trantsizioa egiteko».

Horiek horrela, ELAko zuzendaritzako kideak Jaurlaritzari orain aste batzuk egindako proposamena jarri zion mahai gainean berriro: 2.300 milioi euroko funts bat eratzea enpresa estrategikoak kontrolatzeko edo inbertsio publikoaren bidez industria enpresa berritzaileak abian jartzeko. «Inbertsio horiek gizartearen, naturaren eta langileen beharrei erantzun behar diete». Gainera, erregulazio espedienteak osatzeko sistema bat ezarri nahi du sindikatuak, sozietateen gaineko zergaren bidez finantzatuak.

«Politika arduratsuaren garaia» dela uste du ELAk, eta«hitz egiteko prest» dago, baina argi du, halaber, mobilizazioa sustatuko duela «langileei konponbide zuzena ematen ez zaien bitartean».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.