Albistea entzun

EH Bilduren enpresa eredua: langileen parte hartzeari eta lurraldeari lotua

Uste du Confebasken hegemoniak eragotzi egiten dituela halako ereduen aldeko ahotsak. Koalizioak asteartean aurkeztuko du industria politikarako bere proposamena
Artxiboko irudian, bi langile, makina batean lanean Basauriko Sidenor altzairutegian.
Artxiboko irudian, bi langile, makina batean lanean Basauriko Sidenor altzairutegian. LUIS TEJIDO / EFE Tamaina handiagoan ikusi

Irune Lasa -

2023ko martxoak 24

Industria politikaz hitz egitea modan dago. Izango da, beharbada, azken krisiekin oso agerian gelditu delako nolako pitzadurak eragiten dituen orain arteko ereduak, zeinak erakunde publikoetatik ekonomian esku hartzea txarresten zuen. Berriz itzuli da arlo publikoak ekonomian izan behar duen garrantziaren mezua, adibidez, ekonomia berderako jauzian.

Eta EH Bilduk ere badu industria politikarako bere proposamena. Haren zantzu batzuk jada hil hasieran aurreratu zituen Arnaldo Otegik, Nueva Economia foroan egindako hitzaldian. Eta Industria politika ekintzailea eta euskal enpresa eredua agiriaren aurkezpen handia asteartean izango da Bilboko Euskalduna jauregian. Hara gonbidatu dituzte euskal ekonomian nor direnak, erakusteko ere, koalizioak badituela euskal ekonomiari buruzko ikuspegi eta irizpide landuak, besteak beste, enpresa munduarekin kontrastatuak.

ZERGATIK ORAIN?
2008ko krisiari eta pandemiari emandako erantzunak

Nazioarteko debate ekonomikoan gaur egun bi alde ikusten ditu EH Bilduk. Batetik, 2008ko krisiari austeritatearekin erantzun zion eredu neoliberala; gaur egun ere inflazioari eskaria murriztuz —interes tasak igoz —erantzuten diona.

Eta, bestetik, keynesianismo pandemikoa dago, COVID-19aren osteko pentsaera, zeinak autonomia estrategikoaren beharraz hitz egiten duen, gastu publikoaren alde egiten duen, eta lotura duen jada abian zen trantsizio energetikoarekin. Testuinguru horretan, EH Bilduren ustez, «jauzi bat behar da, industria politika jarri behar da erdigunean», austeritatearen ondoriozko ekonomiaren finantzarizazioa, «kasinoko ekonomia» eragozteko.

EUSKAL EKONOMIA EGUN
Galerak eta inertziak, gihar publikoaren falta

Koalizioak dio euskal ekonomiaren egungo egoerak ere badakarrela industria politika berri baterako beharra. Galerak izan dira industria sarean, galerak enpresa sarean. Eta, EH Bilduren aburuz, Europako funtsekin gertatzen ari denak erakusten du egun indarrean dagoen industria politikak ez duela koherentziarik eta norabide argirik, eta ez dagoela gasturako eta trakziorako ahalmenik. «Ez dago gihar publikorik».

POLITIKA EKINTZAILEA
Lidergo publikoa, eskumenak, 32 orduko lanastea

EH Bilduk proposatutako industria politika ekintzaileak lau lan esparru aurreikusten ditu: lidergo publikoarentzako lan arloak, hala nola kudeaketa aurreratua, erabakiguneen errotzea eta industriaren deskarbonizazioa. Bigarren esparrua eskumenena litzateke, lan harremanen euskal esparrua. Hirugarren arloa zehatzagoa da: EH Bilduk 32 orduko lanastearen bidea jorratu nahi du. Beste lan esparrua euskal enpresa ereduarena da. Astearteko ekitaldian, azken hori gehiago xehatzeko asmoa dute.

EUSKAL ENPRESA EREDUA
Ez da nahikoa aberastasuna sortzea

«Herri honetan egon da mugimendu endogeno bat, lurraldera oso lotua dagoen ekonomia bat ekarri duena. Galduz joan da, baina beste tokietan baino gutxiago. Eta ez gara soilik kooperatibez ari: hor daude familia enpresak ere». Funtsean, EH Bilduren euskal enpresa eredua «bulkada endogeno hori garai berrietara egokitzea da».

Gobernantza ireki eta gardeneko enpresak ikusten ditu EH Bilduk eredu horretan, langileen parte hartzea izango dutenak bai kudeaketan, bai irabazietan eta baita kapitalean ere. Pertsonekin konprometituak egongo diren enpresak, besteak beste, kontziliazioarekin eta langileen enplegagarritasunarekin.

Koalizioak uste du badagoela korronte bat zeinak uste duen enpresak baduela ardura soziala, ardura ingurumenarekin, euskararekin... «Ez da nahikoa aberastasuna sortzea».

CONFEBASK
Confebasken ahots bakarra

Halako enpresen erreferentzialtasuna sustatuko duen elkarte bat osatzea litzateke, EH Bilduren ustez, administrazio publikoen zereginetako bat. Koalizioaren arabera, badago masa kritiko bat halako enpresa ereduen alde, baina ahots horiek ez dira entzuten. Confebaskena delako ahots hegemonikoa, garaiz kanpoko diskurtso neoliberal batekin. «Eta, berez, Confebaskek ez du inor ordezkatzen».

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

Onnera Groupen erakusmahai bat, industria azoka batean. ©BERRIA

Onnera Groupek lantegi berria zabalduko du Oñatin, 17 milioi euroko inbertsioa eginda

Aitor Biain

Garbigailu industrialak fabrikatuko dituzte, egungo ekoizpen gaitasuna handituta. Kooperatibak inoizko salmenta handienak lortu zituen iaz: 380 milioi euro denera.

Langile bat Haizea Winden lantegian, artxiboko irudi batean. ©Marisol Ramirez / Foku

Industriak ekonomiari bultzada eman dio urtearen hasieran

Iker Aranburu

Eustaten arabera, jardunaldi osoko baliokideak diren 3.400 enplegu sortu ziren lehen hiruhilekoan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan.

 ©Joxean Apeztegia

Enpleguak indarrez egin du gora maiatzean: 8.000 kotizatzaile gehiago

Iker Aranburu

Hego Euskal Herrian, apirilean baino 1.558 langabe gutxiago zeuden. Hirugarren hilabetez jarraian marka hautsi du afiliatuen kopuruak, eta dagoeneko 1,3 milioitik gora dira.

Fagor Ederlaneko langile bat, Bergarako fabrikan. ©ANDONI CANELLADA / FOKU

Azkenean, legean jaso gabe geratu da kooperatibisten kotizazio eredua

Aitor Biain

Pentsioen erreformaren tramitazioa baliatu nahi zuten eredu mistoa testuari eransteko, baina ezbaian geratu da legealdia eten denez. Bazkideek Gizarte Segurantzan eta Lagun Aron kotizatzen dute

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...