Laborantza eta elikaduraren erakunde publikoa eskatu du ELBk

Laborantza politikan Euskal Elkargoaren partaide izan nahi duela aldarrikatu du sindikatuak. «Pazientzia» eskatu die Etxegaraik, jadanik lanean hasi direlako

ELBko kideak, atzo goizeko aurkezpenean, Ainhize-Monjolosen. BOB EDME.
Joanes Etxebarria.
Ainhize-Monjolose
2018ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Euskal Elkargoak jada badaki ELB Ipar Euskal Herriko laborarien sindikatu nagusiak zer nahi duen: laborantza egiturak bilduko lituzkeen laborantzaren eta elikaduraren erakunde publiko bat. Horren bidez, elkargoak laborantza herrikoia eta iraunkorra sustatzeko tresna izango lukeela uste du ELBk.

Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakariak zuzeneanentzun ahal izan zuen ELBren eskaera, atzo Euskal Herriko Laborantza Ganberak Ainhize-Monjolosen (Nafarroa Beherea) duen egoitzan egin zen ekitaldian. Haren alboan ziren Mixel Etxebeste laborantzako lehendakariordea eta Martine Bisauta trantsizio ekologikorako lehendakariordea.

Panpi Sainte Marie ELBko kideak elkarlana eskatu zien Euskal Elkargoko buruei, Europako Batasuna, Akitania eskualdea eta Pirinio Atlantikoak ez bezala, laborantzako politikak finkatzen ahal dituzten instituzioetan hurbilena duten egitura delakoan. «Guk partaideak izan nahi dugu, zinez», adierazi zuen laborariak. «Pazientzia» eskatu zien Etxegaraik, jadanik lanean hasiak direla segurtaturik.

Beñat Molimos EHLGko lehendakarietako batek azaldu zuenez, laborantzaren eta elikaduraren erakunde publikoak hiru biltzar izango lituzke: batetik, ordezkaritza instituzionala eta profesionala, bertan bilduta Frantziako Estatua, elkargoak, laborantza sindikatuak, prestakuntza eta ikerkuntza erakundeak, departamenduko laborantza ganbera ofiziala eta EHLG; bestetik, etxaldeekin loturan diren ordezkariak, eta, azkenik, gizarte zibilaren ordezkaritza. Laborantza eta elikadurarekin lotura duten gai guzietan kontzertazio eta aholkularitza gunea izatea nahiko lukete.

Lurrarekin kezkatuta

Lur funtsen kudeaketa publikoa lehentasuntzat jo zuten Etxegaraik, Etxebestek eta Bisautak, eta onartu, orain arte instituzioen artean abiatu badira ere, gerora sindikatuak eta kontsumitzaileak ere sartuko direla gogoetan.

Gai hori izan zuen Maryse Cachenault laborariak ere bere hitzaldian, Kanboko Marienia eremuan laborantza lurrak kenduko dituen hirigintza plana, eta beste herrietan garatzen ari diren gisa bereko proiektuak salatuta. Ohar garbia egin zien arduradun politikoei: «Ez da onargarria, eta espero dugu Euskal Elkargoak ez duela pasatzen utziko».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.