Emakumeek indartu dute pentsioen erreformaren aurkako martxa

Bi hilabete bete ditu erretreten erreformaren kontrako mugimenduak. Frantziako Asanblean eztabaida parlamentarioa hasi da, oposizioaren oztopoak oztopo

Emakume grebalariek flashmob-a egin zuten atzoko manifestazioan. GUILLAUME FAUVEAU.
Oihana Teyseyre Koskarat.
Baiona
2020ko otsailaren 7a
00:00
Entzun
Bigarren hilabetea bete du erretreten erreformaren kontrako mugimenduak. Atzo, ehunka pertsona ibili ziren Baionako karriketan, eta emakume langileak jarri ziren lehen lerroan. Laneko jantzia soinean, erreformaren kontrako flashmob bat egin zuten puntukako sistemarekin «galtzaile» aterako direla salatzeko. Sindikatuen kalkuluen arabera, pentsio are txikiagoak izango dituzte emakumeek: postu prekarioagoak dauzkatelakoeta amatasun baimenaren denboran ez luketelako gaur egun bezainbat kotizatuko.

Trenbideetako langileek bultzatu zuten flashmob-aren ideia, eta, horiez gain, irakasleek eta pentsiodunek ere parte hartu zuten. PAF! talde feministako kide da Lola Garcia, eta Baionako Oihana ikastolako andereñoa, greba bat baino gehiago egin ditu abenduaren 5az geroztik: «Kalkuluak egin ditugu, eta argi dago puntukako sistemarekin emakumeak galtzaile aterako garela. Guk ditugu hilabete sari apalenak; beraz, pentsioak are apalagoak izanen dira».

Frantziako Gobernuak, ordea, kontrakoa dio: erreformaren bidez emakumeen egoera hobetuko dela dio proiektua aurkeztu duenetik. Arantxa Lassalle trenbideetako langileak komunikazio operazioa gezurtatu du. «Emakumeen egoera ez da hobetuko erreformarekin. Erreforma okerragoa da guretzat, ez baitugu hein berean kotizatuko. Gobernuak gezurrak asmatzen ditu bakea erosteko. Ez dute lortuko, eta mobilizatzen segituko dugu». Gehitu duenez, «amatasun baimen bat edo gehiago hartuz gero, erretretarako adina gibelatzen da».

Grebaren oihartzuna

Irakaskuntza arloan ere mobilizazioak saretzen segitzen du. Ipar Euskal Herriko hainbat ikastetxe hetsirik egon ziren atzo. Baionako Paul Bert lizeoko hamar bat irakasle grebara batu ziren. Laure Testemale greban egon zen, eta honela mintzatu zen: «Erretreten erreforma justizia gabekoa da. Irakasleok gogorki pairatuko dugu erreforma, eta emakumeek okerrago. Zigor bikoitza jasanen dugu. Ez da onargarria!».

Irakaskuntzan ez ezik, garraioen sektorean ere izan zuen oihartzuna atzoko grebak. Miarritzeko aireportuko (Lapurdi) kontrolatzaileak grebara batu ziren, eta egun osoan ez zen hegazkinik aireratu eta lurreratu. Denera, hamar hegaldik atera behar zuten Miarritzetik, eta beste hainbatek iritsi behar zuten.

Mobilizazio denboran sindikatukideek jasan duten «errepresioa» salatu zuten manifestatzaileek. Tren bat oztopatzeagatik sei pertsonak beren burua aurkeztu behar dute gaur goizean Baionako Polizia Etxean. Elkartasuna helarazteko elkarretaratzea eginen dute aurrean sindikatu eta Jaka Horiek.

Anartean, Frantziako Asanblea erreforma ikertzen hasi zen iragan astean. Oposizioak salatu du erreforma finkatu gabe dagoela, eta prest agertu zen bataila parlamentarioa hasteko. Frantziako Gobernuaren egutegiak epe laburregiak eskaintzen zituela ere salatu zuten Emmanuel Macron Frantziako presidentearen aurkariek.

Azterketa atzeratu eta oztopatzeko asmoz, oposiziokoek 22.000 zuzenketa aurkeztu zituzten; horietarik 19.000, Frantzia Intsumisoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.