Arrauna

Orain arteko onenaren etxean

Gaur izango da Eusko Label ligako bederatzigarren jardunaldiko estropada, Orion, sailkapeneko buruaren eremuan. Itsasoan da estropada, aurreko urtean bezala, eta ez da espero naturaren oldarraldirik

Orioko arraunlariek etxean lortu zuten iazko bandera bakarra. Gaur berriz herrian ariko dira, baina jada bost irabaziak dituzte. JUAN CARLOS RUIZ /FOKU.
Aitor Manterola Garate.
2019ko uztailaren 20a
00:00
Entzun
Orio dabil indartsuen aurtengo udan, eta Eusko Label ligan lau bandera dauzka irabaziak zazpitik. Hori gutxi ez, eta asteon Gipuzkoako Txapelketa ere bereganatu du. Gaur, etxean hartuko ditu ligako hamaika aurkariak (18:30, ETB 1), bederatzigarren jardunaldian. Garaipen zerrenda handi horrekin egingo die harrera. Edonor beldurtzeko modukoa da alde batetik, baina, bestetik, erabat motibagarria da besteentzat, liderrari etxean irabazteko aukera baitute. Oriori ere aparteko grina emango dio zaleen aurrean irabazteko aukera izateak.

Badaki zer den hori egitea, gainera. Oso urrutira joan gabe, iaz irabazi zuelako udan eskuratutako bi banderetako bat, non eta zaleen aurrean. Hutsagatik menderatu zuen Zierbena, hemezortzi ehunen bakarrik izan baitziren bien artean. Lehia estua izan zen talde askoren artean, sei traineru sartu baitziren hamaika segundoren barruan.

Estropada hura igande eguerdian jokatu zen, eta gaurkoa larunbat arratsean izanik, baldintzak aldatu egingo dira. Haizea indarra galduz joango da txandak jokatu ahala, eta hori mesedegarri izango da azkeneko txandakoentzat. Egun hauetan bigarren txandan joango den talde bateko entrenatzaileak esan duenez, dena izango dute alde ligako lau talde onenek. Gerta daiteke, baina bigarren txandakoren batek bandera irabaztea ezuste handi samarra litzateke.

Ohorezko txandan elkartuko dira Orio, Zierbena, Hondarribia eta Santurtzi. Etxeko taldeak hamar puntuko aldea du Zierbenarekiko, hamabikoa Hondarribiarekiko eta hamabostekoa Santurtzirekiko. Badira aldeak, baina ez erabakigarriak; halere, bihar ligak erdia egingo duela kontuan izanda, gaur Oriok aldea handitzea lortzen badu atzekoekin, liga lehen aldiz eskuratzeko nahia betetzetik gertuago egongo da.

Txanda handienean, asteon kolpea hartuta azalduko dira etxekoa ez beste hirurak. Gogoa zuten herrialdeko txapelketa irabazteko, baina aurkari hobe bat azaldu zitzaien: Orio Gipuzkoan, eta Urdaibai Bizkaian. Nahiko dute hirurek ere asteko zapore gazia gozatu, eta gaia dutenik ezin da ezkutatu. Ez dira alferrik aurtengo ligan Orioz gain trapua astintzea lortu duten beste hiru taldeak. Bandera bana daukate hirurek.

Bigarren txandak ere badu mamia, Donostiarra eta Urdaibai baitaude. Nahiko lukete ohorezko txandan lehiatu, baina irabazi egin behar dute aukera hori. Donostiarrak lau puntura baino ez du, eta Urdaibaik bederatzira.

Bi horien arteko lehia handia espero da gaur, eta, konfiantza aldetik, Urdaibaik beste aldarte bat erakutsiko du, Bizkaiko Txapelketan uda honetako lehen bandera irabazi eta gero. Badator Bou Bizkaia bere onera, eta, konfiantza berreskuratuta, bide onean dela erakutsi behar du gaur ere. Donostiarra ere ondo dabil, berea ematen, eta txandako lehian izateko gaia soberan du. Erronka polita du gaur: Urdaibaitik gertu ibiltzea, eta, aukera badu, gainditzea. Txandako beste bi traineruen arteko lehia ere erakargarria izango da, puntutan parean baitira Cabo eta Kaiku.

Bigarren txandakoek jakingo dute eremuaren berri lanean hasterako, emakumezkoen Euskotren ligan eta Eusko Label ligako aurreneko txandakoak lanean ikusiak izango dituztelako:zer kale den hobea, nondik joatea eta nondik etortzea komeni den, eta abar. Jakinaren gainean joango dira talde guztiak itsasoa ez dela oldartuko gaur, metro erdi pasatxoko olatua ibiliko dela, haize pixka batekin.

San Pedro, kinka estuan

Baldintza ezezagunenak lehen txandakoek izango dituzte, aurrenekoak izango baitira lehian gizonezkoen artean; horretara ohituta badaude ere, kezka ale bat gehituko die berez ere kezkatuta dabiltzan San Pedro eta Astillerori. Pasaitarrak dira azken, eta bi puntu goitik dute Astillero.

Hemezortzigarren jardunaldian azkena dena joango da KAE 1 ligara, eta azken-aurrenak mailari eusteko kanporaketa jokatuko du. Erdia eginda dutela esan nahi du horrek, eta Isuntzak beste urrats bat eman nahi du gaur, lasaitasunera begira. Ondarroak, aldiz, bigarren txandan lekua egitea du helburutzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.