Bost bankuri 1.100 milioi euroko isuna jarri diete kartelak osatzeagatik

Interneteko solasguneak erabiliz dibisa merkatuak manipulatzen aritu ziren ia sei urtez. Bruselak dio ez duela onartuko kolusio jokaerarik

Margrethe Vestager Europako Lehiarako komisarioa. STEPHANIE LECOCQ / EFE.
Irune Lasa.
2019ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Elkar ezagutzen zuten; batek izan ezik, guztiek egunero tren bera hartzen zuten Essex-en (Ingalaterra), Londresko Cityra lanera joateko. Lanaldian zehar ere, harremanetan jarraitzen zuten, Interneteko solasguneen bidez. Dibisa merkatuetako trukalariak guztiak, ohiko txantxa eta txutxu-mutxuetarako erabiltzen zituzten txatak —Gizon zahar erdi marmartiak izena zuen solasguneetako batek—, eta balio zien baita bakoitzaren jardunari buruzko informazioa trukatzeko ere, elkar laguntzeko, elkar ez oztopatzeko... Hori bai, bakoitzak banku desberdin —teorian lehiakide— batentzat egiten zuen lan.

Banku horiek —Citigroup, Royal Bank of Scotland, JPMorgan,Barclays eta Mitshubishi UFG— 2007. urtetik 2013ra artean dibisa merkatua manipulatzeko kartel bat osatu zutela ebatzi dute orainEuropako Batasuneko lehia agintariek. Zehazki, bi kartel,trukalariek bi txat egin zituztelako, erreferentzia izango ziren truke tasak kontrolatzeko, bezero handien erosketa aginduak nahierara txandakatzeko... 11 dibisekin ibili ziren horrela; besteak beste, euroarekin eta dolarrarekin.

Hor zegoen UBS bankua ere, baina, bera izan zenez agintariei kolusioaren berri eman ziena, ez du zigorrik jasoko. Beste bost bankuek, bai, guztien artean 1.100 milioi euroko isuna ordaindu beharko dute, Lehia agintariekin akordioa eta %10eko beherapena adostu ostean.

«Dibisen trukeena munduko merkaturik handienetakoa da, milaka miloi euroko balioa mugitzen du», azpimarratu zuen atzo Europako Batzordeko Lehiarako komisarioak, Margrethe Vestagerrek. Haren arabera, isunak erakutsi du Batzordeak ez duela onartuko inolako kolusio jokaerarik finantza merkatuetan.

Ez da lehen aldia Europako lehia agintariek bankuei isuna jartzen dietela halako manipulazioengatik. Hala egin zuten, adibidez, Euriborra manipulatu zutenekin. Dena den, isun gehiago etor daitezke Europan. Adibidez, Credit Suisse auzibidean dago, beste txat baten kontura. Hori bai, Credit Suissek ukatu egin du bere langileek inolako araurik urratu dutela».

Isuna jaso duten bankuek jakinarazi dute diru bat gordea zutela hura ordaintzeko. JP Morganek esan du pozik dagoela bukatu delako «soilik langile ohi batekin zerikusia zuen auzia», eta orain kontrol zorrotzagoak dituela.

Dibisa merkatuetako kolusioengatik 15 banku zigortu dituzte azkenaldian AEBetan, Erresuma Batuan, Suitzan eta Singapurren. Horiei lotuta, milaka milioi euroren auzi zibilak aurkeztu dituzte kaltetuek. Halakoak ere espero dira orain Europan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.