Turkia. Presidentetzarako eta Parlamenturako bozak

Batera edo bestera egiteko ordua

Lehen itzulian edo bigarrengoan botoen %50 lortzen baldin baditu, Erdoganek sistema presidentzialista guztiz ezarri eta botere osoa bereganatuko du. Parlamentuan gehiengoa aterata eragotzi nahi du oposizioak

Muharrem Ince CHP Herriaren Alderdi Errepublikanoaren presidentegaia, herenegun Izmirren egindako kanpainako ekitaldi batean. SEDAT SUNA / EFE.
Igor Susaeta.
2018ko ekainaren 23a
00:00
Entzun
«Ohiko» presidente bat ez zela izango adierazi zuen Recep Tayyip Erdogan Turkiako presidenteak 2014an, hauteskundeak irabazi zituenean. Eta orduan ahoratutakoa hitzetik hortzera ari da betetzen. Izan ere, presidenteari ia erabateko boterea emate aldera parlamentuaren ahalmena gutxituz, agintari kontserbadore bezain neoliberalak konstituzioaren erreforma bultzatu zuen. Jazarpen giro batean, baina erreferendum bidez onartu zuten herritarrek erreforma, iazko apirilean (%51,4). Bihar, beraz, bidegurutzean batera edo bestera egiteko ordua iritsiko zaie herritarrei.

Aldaketa horrek proposatutako sistema presidentzialista guztiz ezartzeko, ordea, botoen %50 bereganatu beharra dauka presidentetzarako hauteskundeetan. Bihar du lehen aukera. Inkestek diote baietz, nabarmen irabaziko dituela bozak, baina, gutxigatik bada ere, ziurrenik ez duela %50aren langa gaindituko. Hala gertatuko balitz, uztailaren 8an egingo dute bigarren itzulia. Berez, 2019ko azaroan ziren bozak egitekoak, baina Erdoganen AKP Justizia eta Garapena Alderdiak parlamentuan lagun duen MHP Mugimendu Nazionalistaren Alderdia erreforma bere osotasunean berehala ezartzearen aldekoa da, eta horregatik aurreratu dituzte.

Presidenteaz gain, parlamentuko 600 diputatuak ere aukeratuko dituzte gaur. Eta, hain zuzen, ganbera horretan gehiengoa lortuz eragotzi nahi du oposizioak Erdoganen asmoa. Inkesten arabera, baliteke AKPk eta MHPk osatutako koalizioak parlamentuko eserlekuen %49 bereganatzea.

Oposizioa ere koalizioan aurkeztuko da. CHP Herriaren Alderdi Errepublikanoa dago koalizioaren buruan; hamarkada askotan Turkiako alderdi nagusia izan zen, eta joera sozialdemokrata du. Inkestek botoen %39 ematen dizkiote. HDP Herriaren Alderdi Demokratikoa ezkerreko alderdien koalizioa —kurduak dira nagusi—, bestetik, bakarrik aurkeztuko da. Botoen %10 gainditzen baditu—%13 lortu zituen aurreko bozetan—, ordezkaritza izango du parlamentuan, eta, oposizioarekin bat eginez, Erdoganen koalizioa gaindituko lukete ia ziur. Kurduen botoa, hortaz, erabakigarria izango da Erdogan boteretik kentzeko. Selahattin Demirtas da haien presidentegaia, baina kartzelan dago, PKK Kurdistango Langileen Alderdiarekin lotura duelakoan —Turkiak talde «terroristatzat» du PKK—.

Izan ere, Erdoganek presidente izaten jarraitzen badu, estatuburua eta gobernuburua, biak batera, izango litzateke. Horrek dekretu bidez gobernatzeko aukera emango lioke, kontrol mekanismorik gabe apenas. Eta, bide batez, botere banaketa ere hautsiko litzateke sistema berriarekin. Erdoganek ia-ia sultanerri bat du helburu; inoiz esan izan duen bezala, Turkia «berri bat», hain zuzen ere. Kanpainako haren leloetako bat izan da presidente indartsu bat, parlamentu indartsu bat.

Hori ikusita, oposizioak Tamam aldarrikatu du kanpainan; hau da, nahikoa dela. Erdoganen aholkularien ustez, aurreneko itzulian gehiengo osoa lortzeaoso zaila izango da —AKPk eta MHPk %62 lortu zuten 2015eko bozetan —, baina presidentetzarako bozak bigarrenean irabaziko dituztelakoan dago.

Eta oposizioak dio nahikoa dela, Erdoganen joera gero eta errepresiboagoa izan baita 2016ko uztailean haren kontra izandako estatu-kolpe saiakeraz geroztik. Ordutik, larrialdi egoera dago indarrean herrialde osoan, eta, oposizioa isilarazteko, 50.000 bat lagun atxilotu ditu; beste 100.000 ikerketapean daude, eta 150.000 lan publikoetatik kanporatu dituzte.

Halere, giza eskubideei egindako eraso sistematikoek baino gehiago, ekonomiak kezkatzen ditu herritarrak. Hango enpresa demoskopiko batek egindako ikerketa batek dioenez, herritarren %65ek pentsatzen dute ekonomia «negatiboki» garatuko dela Erdoganek presidentetzan jarraituz gero. Turkiako txanpona, lira turkiarra, %20 debaluatu da euroaren eta dolarraren aldean. Edozein inportazio askoz ere garestiagoa da, eta prezioak, beraz, %11 igo dira azken urtean. Erdoganen jokabidea ikusita, gainera, inbertitzaileek errezeloak dituzte Turkian inbertitzeko. Erdogan, bien bitartean, kexu da, ez duelako jaso EB Europako Batasunetik espero zuen diru guztia. Izan ere, Bruselak eta Ankarak akordioa egin zuten 2016ko martxoan, eta Turkia 3.000 milioi euro jasotzekoa zen Siriatik ihes egindako errefuxiatuak hartzearen truke. Presidenteak dio horren herena ere ez dutela jaso.

Erdoganek presidente jarraitzen badu ekonomia «hondoratu» egingo dela adierazi du CHPko Muharrem Incek, oposizioaren presidentegaiak. «Mundu guztiarekin borrokatzen baita». Klase ertainaren alderdia da CHP, intelektualena. Harrigarria bada ere, IYI eskuineko alderdi nazionalistarekin doa koalizioan. Iaz MHP eskuin muturrekotik bereizitako alderdia da. Bera gobernura helduz gero, CHPko Incek IYIkoei hitzeman die rol garrantzitsua jokatuko dutela aurrerantzean. Bide batez, Incek ziurtatuta dauka HDPko kurduen botoa, bigarren itzuli bat egotekotan.

Erdoganentzat, horiek guztiak berak sortutako «herriaren aliantzaren» kontrakoak dira. «Politika porrotera eraman dutenak dira, eta ingeniaritza politikoa egin nahi dute, demokraziari eta herriaren borondateari traizio eginez». Oposizioak salatu zuen iruzurra egon zela joan den urteko apirileko erreferendumean.

EBko ateak itxita

Bien bitartean, giza eskubideen kontrako praktikak direla eta, Turkia gero eta bakartuago dago nazioartean. Erdogan kexu da EBk Turkiari klubeko kide izateko jartzen dizkion baldintzengatik —«ezin dugu etengabe erregutu onar gaitzaten», adierazi izan du—, baina Bruselak ateak itxi izan dizkio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.