Txirrindularitza. Espainiako Vuelta

Erakustaldia lanbropean

Remco Evenepoelek hankaz gora jarri du Vuelta Enric Masekin batera, eta lider da orain. Gainerako faboritoek minutu bat baino gehiago galdu dute. Jay Vinek irabazi du etapa

Erakustaldia lanbropean.
Beñat Mujika Telleria.
2022ko abuztuaren 26a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Donostiako Klasikoan birritan erakutsi du Remco Evenepoelek (Quick-Step) zertarako gai den.Hala ere, txirrindularitzaren harribitxirik preziatuenak ez du itzuli handietan lehiatzeko aukerarik izan orain arte. 2020an, lesio larri bat sendatu berritan aritu zen Italiako Giroan, eta erretiratu egin zen. Atzo ez zuen etapa irabazi Espainiako Vueltan, baina onenen pare aritzeko gai dela erakutsi zuen. Flandriarrak maillot gorria soinean dauka jada, eta datozen asteetan ikusiko da bitxikeria hutsa baino zerbait gehiago den.

Jay Vinek (Alpecin) irabazi zuen seigarren etapa. Liderren arteko lehia hasi aurretik egin zuen saiakera australiarrak, eta inork ez zuen harrapatu. Evenepoel eta Enric Mas (Movistar) iritsi zirenatzetik, eta Primoz Roglicek (Jumbo-Visma) eta gainerako taldeburuek minutu bat baino gehiago galdu zuten.

Bilbotik abiatu ziren txirrindulariak, San Mames ingurutik. Etapa hasi eta berehala aldendu ziren hamar txirrindulari, eta horrela sortu zen eguneko ihesaldia. Hamar horien artean izan zen Xabier Mikel Azparren (Euskaltel-Euskadi), eta taldetxoak bost minutu pasatxoren aldea ere izan zuen. Eguraldi zakarra izan zuten txirrindulariek. Bilbotik eguzkipean irten baziren ere, Kantabrian (Espainia) sartzean zeharo aldatu zen giroa. Gogotik egin zuen euria, eta zenbait txirrindulari lurrera jausi ziren.

45 kilometro gelditzen zirenean, beste eroriko bat izan zen tropelean. Ineos erritmoa bizitzen ari zen, eta, bihurgune batean, hamar bat lagun erori ziren. Tropela bi zatitan banatu zen orduan, eta Rudy Molard (FDJ), maillot gorria, atzean gelditu zen. Taldekideak bigarren taldetik tiraka aritu ziren, eta tropela berriro elkartzea lortu zuten.

Collada de Brenes (6,8 km luze eta %8,2ko pendiza) minutu eta erdiren aldearekin hasi zuen ihesean zebilen taldeak, eta, tropelean, Quick-Stepek abiadura bizitu zuen, Evenepoelen mesedetan. Erritmo horretan, 30 bat txirrindulari besterik ez zen gelditu tropelean, eta Mark Padun (Education First) bakarrik gelditu zen buruan. Erruz egin zuen euria igoeran, eta, zaleek horrelako eguraldia eskertzen badute ere, txirrindularien sufrimendua nabarmena izan zen.

Minutu baten aldearekin amaitu zuen jaitsiera Padunek, baina tropelak argi utzi zuen ez zeukatela garaipena ukrainarraren eskuetan uzteko asmorik. Hamar kilometro inguruko sasiordeka igaro zuten txirrindulariek eguneko azken mendatera iritsi arte, eta tarte berari eutsi zion Padunek. Julian Alaphilippek (Quick-Step) ezarri zuen erritmoa orduan, eta maldan gora hasi bezain pronto baztertu zen.

Pico Janon piztu zen sua

Frantziarra tropelaren burutik baztertu zenean hasi zen festa Pico Janon (12,6 km eta %6,6). Zenbait txirrindulari saiatu ziren erasoren bat jotzen, baina Vinek bakarrik lortu zuen aurrera egitea. Liderren artean, Evenepoelek egin zuen aurrerapausoa. Erritmo aldaketa bortitza egin zuen Quick-Stepeko gazteak, eta Masekin batera alde egin zuen beste faboritoen ondotik.

Roglicek ezin izan zion jarraitu haien erritmoari, eta taldeburu asko zeuden taldetxo batetik tiraka aritu zen esloveniarra, ahalik eta denbora gutxien galtzeko. Vinek atzera begiratu gabe jarraitu zuen Pico Janon gora, eta, Padun atzean utzi eta gero, hark irabazi zuen etapa, lanbropean. Atzetik sartu ziren Evenepoel eta Mas, garailearengandik hamasei segundora. Saiatu ziren arren, ez ziren Vineren ondora iritsi, baina atzeko taldeari alde handia ateratzea lortu zuten. Nahiz eta etapa ez irabazi, oso pozik agertu zen flandriarra helmugan. «Ahal dudan ondoen egingo dut. Oraindik etapa gogorrak daude aurretik, etaezin dut esan faborito argia naizenik», adierazi zuen.

Garailearengandik 1.37ra sartu zen gainerako faboritoen taldetxoa, eta Evenepoelek jantzi zuen maillot gorria. Richard Carapaz (Ineos) izan zen gehien sufritu zuen faboritoa, 2.59 galdu baitzituen helmugan. Mikel Bizkarra (Euskaltel-Euskadi) izan zen azkarrena euskal txirrindularien artean. 5.46ra iritsi zen.

Asturiasera iritsi aurretik, Espainiako Vueltak Kantabriatik Gaztela eta Leonerako bidea egingo du gaur. 200 kilometro inguru egingo dituzte Camargotik Cisternara, eta ihesaldian egonda etapa irabazteko egun aproposa izan daiteke. San Glorio (24,2 km eta %5) izango da eguneko mendatea, eta taldeburuek indarrak gorde beharko dituzte asteburu gogor baten aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.