Koronabirusa

Milioi bat lagun baino gehiago hil dira COVID-19aren ondorioz

AEBetan erregistratu dituzte positibo eta heriotza gehien. Egoerak okerrera egin ostean, neurri murriztaileak ezarri dituzte hainbat herrialdek; Errusiak eta Herbehereek, kasurako

Gizon bat COVID-19aren proba egiten, Indian. Hura da munduan kasu gehien atzeman dituzten herrialdeetan bigarrena. SANJEEV GUPTA / EFE.
Iosu Alberdi - Jone Bastida Alzuru
2020ko irailaren 30a
00:00
Entzun
COVID-19ak ez du etenik, eta denera 33 milioi lagun baino gehiago kutsatu dira munduan. Atzoko daturik esanguratsuena, ordea, hildako kopuruarena da. Johns Hopkins Unibertsitatearen zenbaketaren arabera, milioi bat baino gehiago hil dira koronabirusaren eraginez. Datu «beldurgarria» da, Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusi Antonio Guterresen esanetan: «Gure munduak kopuru krudel bat deitoratu behar du, eta akatsetatik ikasi». Horretarako, lidergo arduratsu bat galdegin zuen, zientziaren eta kooperazioaren garrantzia azpimarratu, eta desinformazioak «hiltzen» duela salatu. Halaber, OME Osasunaren Mundu Erakundeak adierazi zuen garai zailak direla hauek, baina badaudela esperantza izateko arrazoiak ere. Tedros Adhanom Ghebreyesus OMEko zuzendaria: «Ez du axola herrialde bat epidemiaren zer fasetan dagoen: inoiz ez da berandu egoera iraultzeko».

Atzemandako 33 milioi kasuen erdiak baino gehiago eta heriotzen parte handi bat hiru herrialdetan banatuta daude. AEBetan 7,15 milioi lagun kutsatu dira, eta 205.268 hil. New York da estaturik kaltetuena, 33.140 hildakorekin. Harekin batera, New Jerseyk, Texasek, Kaliforniak eta Floridak ere 10.000 hildakoren langa igaro dute, eta guztietan 14.000 heriotza baino gehiago izan dira. Horiek dira kasu gehien erregistratu dituztenak ere.

Munduko beste bi lurralderik kaltetuenak India eta Brasil dira. Lehenengoan, 6,14 milioi kasu eta 96.300 hildakotik gora hauteman dituzte; eta bigarrenean, 4,74 milioi kasu eta 142.000 heriotza. Horiekin batera, Errusia da milioi bat kasu baino gehiago dituzten herrialdeetan laugarrena: 1,16 milioi positibo baieztatu dituzte han, eta 20.400 heriotza baino gehiago. Asteotan egoerak okerrera egin ostean, atzo neurri murriztaile gehiagoren berri eman zuen herrialdeak. Sergei Sobianin Moskuko alkateak adierazi zuen hiriko ikastetxeak itxita egongo direla gutxienez bi astetan: urriaren 5etik 18ra, hain zuzen. Errusiako hiriburuan, irailaren 21ean 915 kasu atzeman zituzten, eta astebete geroago, berriz, 2.217.

Horien atzetik, Hego Amerikako herrialdeak ageri dira kaltetuenen artean. Kolonbian 818.000 kasu atzeman dituzte, eta 25.600 hildako zenbatu; Perun, 808.700 kasu eta 32.300 hildako; Mexikon, 733.700 kasu eta 76.600 hildako; eta Argentinan, 723.100 kasu eta 16.100 hildako. Hala, atzemandako positiboekin alderatuta, atentzioa ematen du Mexikon erregistratutako hildakoen kopuruak. Era berean, Latinoamerika da pandemiak gehien jo duen eskualdea. Mundu osoan hildakoen %33,8 eremu horretan jazo dira, eta osasun sistema gainezka egitekotan dute hainbat lurraldetan. Badaude, baina, itxaropenari bidea ematen dioten faktore batzuk ere. Esaterako, Kolonbian herenegun azken bi hilabeteetan erregistratutako kopururik baxuenak zenbatu zituzten, eta ia jarduera ekonomiko guztiei berrekin diete. Ekuadorrek, berriz, egoera egonkortzea lortu du, joan den abuztuan kasuek berriro goia jo ondoren. Han, aste honetan hasi dira jatetxeak irekitzen eta beste zenbait jarduera baimentzen.

Afrikan kasu gehien atzeman duten herrialdea, berriz, Hegoafrika da; eta Frantzia da Europako Batasuneko lurralderik kaltetuena, 552.800 kasu baino gehiago atzemanda. Haren atzetik dago Espainia, 514.200 kasurekin. Alemanian ere egoerak okerrera egin du, eta Angela Merkel herrialdeko kantzilerra kezkatuta agertu da gaitzaren bilakaerarekin: «Tokiko agerraldiak berehala eten behar dira». Horiek horrela, gobernua estatu federaletako agintaritzekin bildu zen atzo, neurri berriak adosteko. Herbehereetan ere murrizketak zorroztu dituzte: besteak beste, kirol ekitaldiak publikoekin egitea debekatu, telelana inposatu, eta ostalaritza gaueko hamarretarako ixteko agindua eman dute. Maskararen derrigorrezko erabilera ez dute ezarri, baina bai aholkatu.

Bestalde, Israelen konfinamendua luzatzeko aukeraz aritu zen atzo Yuli Edelstein Osasun ministroa, egungo baldintzek itxialdia amaitzeko nahikoa berme ematen ez dutela iritzita. Txinan, berriz, pandemiaren lehen epizentroan, 90.509 kasu baieztatu dituzte orain arte. Kutsatu gehien dituzten Asiako herrialdeak Iran eta Bangladesh dira, Indiaren atzetik.

Zenbaki osoetatik harago

Kasu kopuru osoak dira aurrez aipatutakoak, baina heriotza tasek bestelako zerrenda bat uzten dute. San Marino da 100.000 biztanleko hildako gehien erregistratu dituen herrialdea: 123,78. Atzetik, Peru (99,2) eta Belgika (86,17) daude. Laugarrena, berriz, Euskal Herria da: 100.000 biztanleko 77,71 heriotza erregistratu dira, 2.464 guztira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.