Beterano azalberrituak

Xabier Montoiaren 'Gorraizea', Rafa Ruedaren 'Hiri kristalezkoa' eta Kaskezurren 'Azpisugeak' diskoak nabarmendu dituzte Inaxio Esnaola, Andoni Tolosa, Ihintza Orbegozo eta Julen Azpitarte BERRIAko kritikariek 2017ko musika uztan

mikel lizarralde
2018ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Neurri batean beren burua berrasmatu dute Xabier Montoiak eta Rafa Ruedak beren azkeneko diskoetan, eta azal berri hori nabarmendu dute BERRIAko musika kritikariek urteko uztari gainbegiratua egitean. Kaskezur taldeak, berriz, lan isila egin du urteetan, eta Azpisugeak azken lanak oso kritika onak izan ditu.

INAXIO ESNAOLA ARANZADI

Musika kritikaria

EUSKAL HERRIKOAK

Urte ona izan da Euskal Herriko musikagintzarentzat. Bereziki ona euskaraz abesten duten talde zein bakarlariei esker. Argitalpenen poltsa handia da zinez, oparoa eta askotarikoa. Ohikoa bihurtu da hori gurean. Argitalpen asko infrasoinu gisara igaro dira irrati eta hedabide orokorretatik. Ohikoa da hori ere.

Kaskezur. Azpisugeak (Autoekoizpena).

Berriz ere istorio bera. Duela lau urte gertatu bezala, euskarazko rock disko onena argitaratu du Kaskezur talde nafarrak. Badirudi laugarren lana ez dela oharkabean pasatu, zorionez. Laukotea berritu arren, Iñigo Iturriak eta Ion Mindegiak berretsi dute zein sortzaile finak diren. Gitarra jotzeko eta kantatzeko ere bai. Lore sorta eta Azpisugeak kantuak ez dira klasiko bihurtuko, ez dira karaokeetara iritsiko, baina hain dira ederrak. Diskoa bezainbeste.

Pet Fennec. Mount Pleasent (Milagros a LOUR).

Londres utzi eta Donostiara itzuli zen Urko Eizmendi. Asko ekarri zuen atzerriko egonalditik, eta asko da Mount Pleasent estreinako lanetik gozatu daitekeena. Poparen unibertso zabalaren altzotik melodia gozo eta biziak sortu ditu. Entzunaldiekin, diskoak gordetzen dituen zirrarak askatzen dira, eta merezi du horiei tartea eskaintzea. Richmond kantua da laneko altxorretako bat, eta ez da bakarra. Itzulera magikoa.

Rafa Rueda. Hiri kristalezkoa (Elkar).

Eskuzabala da beste musikariekin, eta esker ona bueltan jaso ohi du Rafa Rueda bizkaitarrak. Hiri kristalezkoa lan kontzeptuala osatzeko bildutako hitzak ondo baino hobeto musikatu ditu. Panoramika ederra jaso du kantu batetik bestera. Atzera begira jarri dira sintetizadoreen melodiei eta instrumentuei lanketa berezia eskaintzeko. Little Cowboy kantuaren bideoklipak sortu zuen harridura ez da ezer lanak eragiten duenarekin.

NAZIOARTEKOAK

Metal doinuei begira bizi direnek erreferentzia gehiegi dituzte bakarra aukeratzeko. Lerro hauetan besterik ez denez ausartuko, ohikoak egin beharko du lana.

Voyager. Ghost Mile (Autoekoizpena).

Urruti bizi dira munduari bira emateko, eta horrela ere oihartzuna izan dute. Voyager australiarrek eboluzioari saldu diote arima. Maiatzean egunkari honetan irakurri zitekeen moduan, teknika eta abilezia garatu ahala, melodiaren mesedetan jarri dira. Progresiboaren berritzaileak dira, egituraz egitura, metala zein rocka erabilita. Ascension abestiak duen mezuak eta indarrak bizitzaren kantutegira darama.

ANDONI TOLOSA

Musika kritikaria

EUSKAL HERRIKOAK

Xabier Montoia. Gorraizea(Gaztelupeko Hotsak).

Azkenean kaleratu du Montoiak bere ganberako diskoa. Urte batzuen ondoren, gauzatu du bere proiektu musikalik bereziena, eta emaitza ederra da, sendoa, heldua. Urteko diskorik borobilenetakoa, zalantzarik gabe. Pentsa zitekeen baino hobeto egiten dute bat gasteiztarraren pop munduak eta musika klasikoak, gehiegizko sinfonismoaren beste muturrean jarrita, eta noski, Ibon Rodriguezen lan bikaina tartean.

Beñat Axiari, Joseba Irazoki, Julen Axiari. Bas(h)oan (Elkar).

Disko hau zubi bat da, 1970eko belaunalditik datorren esperimentaziotik mende berriarekin sortutakora. Axiaritik Irazokira doana. Hemen dena da deskubrimendu, jolas, intuizio eta amets. Diskoa osatzen duten hamabi kantuetan zuberotar kantuetatik, Ipar Amerikako folk-rock garaikidera jo daiteke, ardien ezkilak eta slide gitarrak kantu bakarrean lotuz. Baina ez izutu: esperimentazioak ere melodia eder asko utzi ditu disko honen larruan, hobe esanda basoan.

Oso Fan.21'44 (Autoekoizpena).

Ez da makala Bassmatti donostiarrak eta Oriol Flores kataluniarrak disko honetan lortu dutena; hamaika aldiz entzunda ere aspertzen ez duen pop disko bat ondu baitute. Bere laburrean gehiagotan entzunda ere dirdirarik galtzen ez duena, eta kontuan hartu adjektiborik behar ez duen pop musika dela hau. Ez folk, ez rock, ez esperimental, ez klasiko... Hau pop musika da, melodia eder eta kantu laburrekoa, lelo erakargarri eta ahots joko sotilez betea. Bai, euskal pop musikak badu esperantzarik, oraindik.

Nazioartekoak

Les Amazones D'Afrique.Republique Amazone (Real World).

Afrika mendebaleko supertalde honek dozena bat emakumezko kantari biltzen ditu, tartean Anjelique Kidjo, Mamani Keita, Marian Doumbia eta Nekka ezagunak. Afro poparen berpizte moduko bat ere izan daiteke, askotariko estilo eta joera topa daitezke-eta emakumeen gainean egindako kantu sorta honetan. Nahiz eta ez den izan saiakera bakarra fama txarreko genero horri lotutakoen artean, arreta gehien eskuratu duena da.

Magin Diaz.El Orisha de la rosa (Noname).

Badira urte batzuk Kolonbia bilakatu zela munduko biodibertsitate musikalaren ikurretako bat, ia-ia Brasil adina. Magin Diazena izan daiteke horren adibideetako bat. Bizitza osoan herri musikari gisara arituta, 93 urterekin lortu du bakarkako lehenengo diskoa kaleratzea eta hamarkadetan izkin egin dion arrakasta lortzea, nahiz eta, tartean, beste batzuk haren kantuak arrakastatsu bilakatu (Carlos Vives, Joe Arroyo...). Kolonbiako herri musikaren memoria bizia dela diote, eta diskoa, haren lekukotasun nagusia.

IHINTZA ORBEGOZO

Musika kritikaria

EUSKAL HERRIKOAK

Glaukoma.Kalima (Bonberenea).

Era berri bat hastekotan argitaratu zuten Kalima Glaukomako mutilek, eta lehendik ere Euskal Herri osoan sona lortzen ari baziren ere, lan hau izan da gaur egungo arrakastaraino eraman dituena. Jende gaztearen artean hip hopa eta reggaea modan dagoen garaian nahi gabean eta nahi dutena eginez formularekin bete-betean asmatzen jakin dute, publikoa erritmo horiekin dantzan jarri eta hitz zuzen bezain gordinekin publikoaren pentsaeran eraginez, gizarte hobe baten bila.

MICE.Mice (Autoekoizpena).

Miren Narbaizaren bakarkako lehen lana ahots propioa ezagutzeko ibilbidearen hasiera da, haren esanetan. Ez dakit aurkitu duen, edo inoiz aurkituko duen, baina argi dago bidea ederra izango dela, horrelako lehen pauso batekin ezin baitu besterik izan. Iluna bezain argia, garratza bezain gozoa, melodia eta distortsioa nahasten dira MICEren lehen lanean, eta tentuz jarraituko dugu, estreinako lana horrelakoa izanik etorriko direnek itxura ederra baitaukate.

Berri Txarrak.Infrasoinuak (Only in Dreams).

Ibilbide hasieratik Euskal Herrian eboluziorik handienetakoa izan duen taldea izango da agian Berri Txarrak, baina inoiz Berri Txarrak-en berezko zera hori alde batera utzi gabe, nortasun handiko taldea dela erakutsiz. Hardcore doinuak ageri zaizkigu, melodiaz bustiak guztiak, eta batzuetan gogorragoetara joz, aurreko disko hirukoitz hartatik pauso bat harago joan eta norabidea garbi dutela erakutsiz.

Nazioartekoak

Crystal Fairy.Crystal Fairy (Ipecac).

Le Butcherettes, Melvins, At The Drive In eta The Mars Voltako kideez osatutako supertaldea izanik, bere soinu propioa garatu du. Lehen disko borobila kaleratu zuten urte hasieran. Teri Gender Benderren ahotsak lehen momentutik lotzen zaitu, Omar Rodriguez-Lopezen baxuak, Buzz Osborneren gitarrak eta Dale Croverren bateriak bezala. Merezi baino oihartzun txikiagoa izan badu ere, altxor bat da rock, hardcore eta psikodelia zaleontzat.

Queens Of The Stone Age.Villains (Matador).

Aurrerapen abestiak jende asko beldurtu bazuen ere, diskoa, bere osotasunean, izugarrizko lana da. Aurrekoaren iluntasuna alde batera utzi badu ere, betiko Queens Of The Stone Age ageri zaigu, melodia itsaskorrekin, abesti bizkor eta gogorrak lasaiagoekin nahastuz, baina osotasunean diskoari zentzua emanez. Stonerra eta rocka nahastuz, gaur egungo talderik esanguratsuenetako bat izatera heldu da, eta horrelako lanak eginda ez da harritzekoa.

JULEN AZPITARTE

Musika kritikaria

Aukeratu ditudan diskoak aztertzen hasi baino lehen, 2017ak emandako disko-uzta aberatsa azpimarratu nahi dut, askotarikoa eta kalitate handikoa izan baita. Izan ere, Euskal Herrian egindako hiru disko nabarmentzea lan zaila izan da, iaz makina bat lan eder iritsi baitzaizkigu. Hala, zerrendan beste hauek ere egon zitezkeen: Balerdi Balerdi, Oso Fan, Vulk, Zazkel, Oki Moki, Melenas...

Euskal Herrikoak

Kaskezur.Azpisugeak(Autoekoizpena).

Kaskezurren lana lehenengo seihilekoan gehien entzun dudan euskal diskoa izan da. 1990eko hamarkadako indie-rock-etik edaten duen grabazioa da, gitarra zaratatsuekin eta melodia sendoekin josia, Ibai Gogortzak (Borrokan eta Joseba Irazoki eta Lagunak) estudioan egindako lana ahaztu gabe. Dinosaur Jr., Sonic Youth eta Sebadoh taldeen ondarea bere egin, txikitu eta nortasunez erakusten jakin dute nafarrek. Hala, taldeak koska bat egin du gora diskotzar honekin.

Rafa Rueda.Hiri kristalezkoa (Elkar).

Ruedak bere estiloa berritzen jakin du gaztetako garaietara itzuliz; alegia, iraganera bidaiatu du pop elektronikoan bustitako doinu eztiak egiteko. Atzera begiratzen duen bidaia horretan Jon Agirrezabalaga (WAS) ekoizlea izan du bidaide, eta bien arteko elkarlanaren emaitza gozagarria, itsaskorra eta tarteka dantzagarria da. Rafa bere estiloaren heldutasunera iritsi da intuizioari jarraikiz, eta intuizio horren ondorioz gaztetako kemena berreskuratu du.

Xabier Montoia.Gorraizea(Gaztelupeko Hotsak).

2011n grabatutako Montoiaren mundu miresgarria (Bidehuts) diskoan bildutako bertuteak eta nobedade estilistikoak apur bat harago eraman ditu disko honetan Montoiak, betiere Ibon RG musikariaren ezinbesteko laguntzarekin. Hala, gasteiztarraren ohiko groove popzalea gordetzen duten kantuak soka-laukote baten konponketekin jantzi eta berritu ditu bikoteak, abesti minimalak baina intentsuak sortzeko. Montoiak inoiz baino hobeto abestu eta idatzi du disko honetan, eta kantuen hitzak berez genero bat direla erakutsi du.

Nazioartekoak

Glaciers.Living Right (Meritori Records).

Melbourne hiriko taldearen diskoa melodiekin eraikitako monumentu poperoa da; izan ere, osagai klasikoak biltzen dituen lana da: Zeelanda Berriko Flying Nun diskoetxearen grabazioak, jangle gitarrak, The Smiths britainiarren oihartzunak, herrikide dituzten Go-Betweens… Horrek guztiak, bere sinpletasunean —eta ez sinplekerian—, erabat harrapatu nau, eta aurten entzun dudan disko kitzikagarriena dela baiezta dezaket.

The Rubs.Impossible Dream (Hozac Records).

Udan etxean gehien entzun dudan diskoa da, eta gehienetan, udako diskoa delakoa urte osorako gelditzen zait memorian itsatsia. Bada, estatubatuarrek power-pop klasikoaren inguruan ardazten den ariketa egin dute. Hala, gitarra akustiko eta elektrikoekin sortutako kantu dirdiratsuak bildu dituzte, pop ahaltsuko heroien manerak barneratuz eta agertuz: The Real Kids, The Records edo Elvis Costello, besteak beste.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.