Trigueros, Alpeetako erraldoia

Silvia Trigueros korrikalariak Italiako Tor des Geants ultratraila (330 kilometro, +24.000 metro) irabazi du bigarren urtez jarraian, eta marka berria ere jarri du: 85 ordu eta 23 minutu. Seigarren izan da sailkapen nagusian
Silvia Trigueros, atzo goizaldean Courmayeurreko helmugara iritsi zenean.
Silvia Trigueros, atzo goizaldean Courmayeurreko helmugara iritsi zenean. NADIR BALMA - GIACOMO BUZIO / TOR DES GEANTS

Jakes Goikoetxea -

2019ko irailak 13
Bukatu, irabazi eta marka jarri. Irabazi, bigarrenez, iaz ere irabazi baitzuen. Silvia Trigueros mendi korrikalariak (Barakaldo, Bizkaia, 1976) goitik behera menderatu ditu Tor des Geantsen ibilbide luze eta malkartsua (330 kilometro, +24.000 metro), eta baita lehiakideak ere. Aurre egin die lehen eguneko elurrari eta hotzari, nekeari, sabeleko minari eta lo faltari. Triguerosek egindako lasterketaren maila erakusten dute bai garaipenak, bai marka jarri izanak, bai sailkapen nagusian seigarren izateak. Tor des Geants da sona eta oihartzun handienetakoa duen ehun miliatik gorako ultratraila. Ibilbidea eta lasterketa ondo ezagutzen ditu Triguerosek: aurtengoa laugarren parte hartzea izan du jarraian —2016an bosgarren izan zen eta 2017an bigarren—.

Igande eguerdian abiatu ziren Courmayeurretik (Italia), eta atzo 01:23an iritsi zen Trigueros. 85 ordu, 23 minutu eta 15 segundo behar izan zituen. Hiru egun eta erdi pasatxo. Francesca Canepak, aurreko markaren egileak, 2013an egindako denbora baino hamar minutu gutxiago. Triguerosek berak 109 orduan egin zuen 2016an.

Nabarmentzekoa da Patxi Arbizu nafarrak egindako lasterketa ere, zortzigarren izan baita, 85 ordu eta 13 minutuan.

Pozik eta nekatuta dago Trigueros. Ultratrailetan ohikoak diren arazoak kudeatu behar izan ditu: nekea, lo falta eta urdailean sortu ohi den nahas-mahasa. «Gustura» egin du korrika, eta indartsu sentitu da.

Iaz ordu eta erdiko bi lo kuluxka egin zituen 88 orduan. Aurten hori ere ez. Ez du lorik egin ibilbidean pasatu dituzten aterpetxeetan. Bi atsedenaldi luze baino ez, bata ordu eta laurdenekoa eta bestea ordu eta erdikoa; baina lo kuluxkarik ez. Hala egitea erabaki zuen lasterketaren aurretik, eta halaxe egin du lasterketan. Uste du uneren batean zutik zegoela lo hartu zuela, eta ia erori zela. Loari aurre egiteko freskagarriak edan ditu, besteak beste. Urdaileko arazoek jateko gogoa kendu zioten, baina horiek ere gainditu zituen, urte luzeko eskarmentuan eta bere gorputzaren ezagutzan oinarrituta.

Aurten, ohiko zailtasunei lehen eguneko hotza, haizea eta elurra gehitu behar zaizkie. Korrikalariek asko sufritu zuten, eta zenbaitek bertan behera utzi zuten lasterketa.

Lasterketaren aurretik Lisa Borzani italiarrak zirudien Triguerosen aurkari gogorrena. Bi aldiz irabazia du Tor des Geants. Borzanik, baina, azkar utzi zuen lasterketa, hogei bat kilometro egin eta gero, belaun bateko minagatik.

Sonia Furtado frantziarra izan zen lehena aurreneko kilometroetan, baina gero atzera geratu zen, eta Jocelyne Pauly frantziarra izan da Triguerosengandik gertuen ibili den korrikalaria. Urrun, hala ere. Paulyk bigarren amaitu zuen atzo —94 ordu eta 22 minutu—, Triguerosek baino bederatzi ordu gehiago egin eta gero. Chiara Baggio izan da hirugarren (96.00.55).

Garaipen asko

Urteko helburu nagusia bete du Triguerosek. Tor des Geants prestatzeko bidean, baina, hilabetez hilabete hainbat garaipen garrantzitsu lortu ditu: besteak beste, Nafarroa Xtreme, Basque Ultra Trail Serieseko Bilbo eta Gasteiz artekoa, Ronda dels Cims eta Travesera Integral de Picos de Europa. Bigarren izan da Euskal Herria Mendi Erronkan, eta hirugarren Trail des Citadellesen.

Sailkapen nagusiko irabazleak ere, Oliviero Bosatelli italiarrak, Triguerosen moduan, bigarrenez irabazi du aurten Tor des Geants: 72 ordu, 37 minutu eta 13 segundo behar izan ditu. Hiru egun. Javi Dominguez gasteiztarrarena da marka, 2017. urtean irabazi zuenean jarria: 67 ordu eta 52 minutu. Iker Karrerak ere irabazia du Tor des Geants. 2013an egin zuen, 70 ordu eta lau minutuan —ordura arteko marka bost orduz hobetu zuen—. Dominguez eta Bosatelli dira lasterketa 70 ordu baino gutxiagoan egin duten korrikalari bakarrak, biek 2017an.

Tor des Glaciers

Luzea da Tor des Geants. Ez da, ordea, egunotan Tor izenarekin Aosta haranean jokatzen ari den lasterketa luzeena. Tor des Glaciers lasterketa berriak —aurtengoa du lehen aldia—, esaterako, 450 kilometro eta 32.000 metroko desnibel positiboa ditu. 190 ordu dituzte, gehienez, bukatzeko. Ia zortzi egun. Bertan parte hartzen ari da euskal herritar bat: Santi Perez. Lehen sailkatua atzo iritsi zen, Luca Papi italiarra, distantzia luzeetan eskarmentu handiko korrikalaria. 134 ordu eta hamar minutu behar izan ditu.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna

Izan zaitez BERRIAlaguna

Irakurtzen ari zaren edukia libre ematen jarraitu nahi dugu. Euskaraz informatzea da gure eginkizuna, zure eskubidea. Sareko irakurlea bazara, konprometitu zaitez irakurtzen ari zarenarekin. Geroa zugan.

Izan zaitez BERRIAlaguna
S: