Albistea entzun

Beste mugarri bat ezarri nahi dute

Realak Txapeldunen Ligako atariko kanporaketako joaneko partida jokatuko du gaur, Bayern Munichen aurka, Anoetan. Txuri-urdinak estreinakoz arituko dira txapelketan, eta «gogotsu eta ilusioz» helduko diote lehiari
Realeko jokalarien taldeko argazkia, atzo, Zubietan. Txuri-urdinek Anoetan jokatuko dute gaur Txapeldunen Ligako partida.
Realeko jokalarien taldeko argazkia, atzo, Zubietan. Txuri-urdinek Anoetan jokatuko dute gaur Txapeldunen Ligako partida. REALA Tamaina handiagoan ikusi

Ainara Arratibel Gascon -

2022ko irailak 20

Sorrera izan zen aurrena, 2004an. Hori izan zen lehen mugarria. Denboraldi horretan bertan lortu zuen Realak Bigarren Mailara igotzea, eta hurrengoan Lehenengora. 2019an lehen titulu garrantzitsua iritsi zen: Granadan Espainiako Kopa Atletico Madrili irabaztea: 2-1. Aurreko sasoian lortu zuen Europan jokatzeko sailkapena. Eta gaur, 18 urteko ibilbide honetan beste mugarri bat ezartzeko lehen urratsa egin nahi du Natalia Arroyok zuzentzen duen taldeak. Txapeldunen Ligako multzoen fasea jokatzea izango da mugarri horri. Horretarako, atariko kanporaketako joaneko partida jokatuko du gaur, Anoetan, Bayern Munichen aurka.

Aintzane Encinas, Larraitz Lucas, Maite Lizaso, Sandra Ramajo eta enparauak ez dira zelaian izango. Baina haiek 2000ko hamarkadan ezarritako haziak loratzen jarraituko du. Ez nolanahiko agertokian, gainera: Anoetan. Egun handietako giroa espero da, balentria handia baita taldearen ibilbidean eta bilakaeran estreinakoz Europan jokatzea. Aurkaria ere luxuzkoa da, Bayern Munich Alemaniako talderik indartsuena baita, Wolfsburgen atzetik. Lautan irabazi du liga: 1975-76an, 2014-15ean, 2015-16an eta 2020-21ean. Txapeldunen Ligan ere kontuan hartzeko moduko emaitzak lortu ditu. Azken denboraldietan, adibidez, bi aldiz iritsi zen finalerdietara: 2018-2019koan eta 2020-2021ekoan. Beste bitan final-laurdenetara ailegatu ziren: 2019-2020koan eta aurreko sasoian. Lina Magull, Lea Schuller, Klara Buhl, Giulia Gwin eta halako jokalariak ditu.

Natalia Arroyo Realeko teknikariak aitortu zuen faboritoak alemaniarrak direla. «Baina horrek ez du esan nahi aurrera egingo dutenik. Bayerni min egiteko eta deseroso sentiarazteko baliabideak eta indarguneak ditugu, eta gure aukerak izango ditugu. Sinetsita gaude horretaz. Partida handia izango da, sufritzeko adina gozatzeko. Taldea ondo ikusten dut».

Taldearen indargune horien artean hauek nabarmendu zituen: «Gol aukerak sortzen dituen talde bat gara, eta halako kanporaketa bat gainditzeko garrantzitsua da hori. Atzean ere talde sendoa gara, eta ondo moldatzen gara jokatzeko era desberdinetara. Bayernek horretara behartuko gaitu. Baina prest gaude. Aurreko denboraldiko taldea izatera gerturatzea garrantzitsua litzateke».

Aurkaria honela aztertu zuen: «Talde osoa da. Guri bezala baloia izatea gustatzen zaio, eta oso joko dinamikoa egiten du. Kontraerasoan indartsuak dira, eta lerro artean jokatzen trebeak. Guk ere ezaugarri horietako asko ditugu. Partidako momentu diferenteak ondo irakurtzen dakien taldeak eta erritmoak ezartzen dituenak asko izango du irabazita».

Multzoaren sentipena bi hitzetan definitu zuen Nerea Eizagirre kapitainak: gogoa eta ilusioa. «Pertsona lasaia naiz, baina, nigatik balitz, gaur bertan [atzo] jokatuko nuke. Gogoan eta ilusioan ez gaituzte irabaziko». Taldea «prest eta indartsu» ikusten du neurketarako. «Guretzat erronka handia da; anbiziotsuak gara, irabazi egin nahi dugu beti, eta halako partidak jokatzea gustatzen zaigu. Ikusi nahi dugu halako txapelketa handi batean nola moldatzen garen. Ziur nago gauza politak egiteko aukera dugula. Kanporaketa parekatua espero dut».

Arroyok jokatzeko moduan ditu lehen taldeko jokalari guztiak, eta denak daude deialdian. Talde txuri-urdinaren antzera, alemaniarrek asteburuan hasi zuten liga. 0-0 berdindu zuten Eintracht Frankfurten zelaian.

REALA-BAYERN MUNICH
Reala. Lete; Le Guilly, Vanegas, Spetch, Bernabe; Gaby, Iris Arnaiz, Gemma Gili, Nerea Eizagirre, Amaiur eta Franssi.
Bayern Munich. Grohs; Tainara, Viggosdottir, Kumagai; Gwinn; Simon, Stanway, Zadrazil; Magull, Shuller eta Buhl.
Epailea. Maria Sole Caputi (Italia).
Lekua. Anoeta.
Ordua. 19:00 (ETB1 eta Realaren Youtube kanala).

Sareko BERRIAzalea:

Irakurri berri duzun edukia eta antzekoak zure interesekoak badira, eskari bat egin nahi dizugu: Berria diruz babestea.

Zuk eta zure gisako sareko milaka irakurlek egindako ekarpenarekin, eduki gehiago eta hobeak sortuko ditugu. Eta, zuekin osatutako komunitateari esker, publizitateak eta erakundeen laguntzek bermatzen ez diguten bideragarritasuna lortuko dugu.

Euskarazko kazetaritza libre, ireki eta konprometitua eskaini nahi dizugu egunero; bizi zaren munduaren eta garaiaren berri ematen segitu.

Albiste gehiago

 ©JON URBE / FOKU

«Soilik izozmendiaren punta ikusten da garaipenarekin»

Beñat Mujika Telleria

Lehenengoz hartu zuen parte Helene Alberdik nazioarteko triatloi batean, joan den asteburuan. Europako Txapelketa Bilbon jokatu zen, eta urrea kolkoratu zuen.
Juan Cruz Osasunako atzelaria eta Alexander Sorloth Realeko aurrelaria, lehian, aurreko denboraldian Anoetan jokatutako partidan. ©JAVIER ETXEZARRETA / EFE

Komeni indarberritu izana

Iñigo Lasa Fresneda

Realak eta Osasunak gaur ekingo diete norgehiagokaz betetako bost aste gogorri. Talde txuri-urdinak Gironan jokatuko du, eta gorritxoak Real Madrili egingo dio bisita

Masterseko finalerdiak jokatu zituzten herenegun gauean Nafarroa Arenan. 1.500 ikusle izan ziren harmailetan. Gehiago izango dira gaur finalean. ©JESUS DIGES / EFE

Udari txapela jarri nahi diote

Julen Etxeberria

Ezkurdia-Mariezkurrena eta Altuna-Imaz ariko dira gaur Masterseko finalean, Nafarroa Arenan

Alavesek ezin du burua altxatu, eta 0-4 galdu du Vila-realen kontra

Astekaria

Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.

Iruzkinak kargatzen...