Urrutikoetxeak finala atzeratu du

Ezkerreko eskua mindua du, eta, arautegiak aitortzen dion eskubidea erabiliz, ekainaren 9ra atzeratu du Irribarriaren aurkako buruz buruko finala. Hogei egun falta dira, eta uste du tarte horretan eskuak asko egin dezakeela hobera

Mikel Urrutikoetxea bi pilota eskuan hartuta, iragan asteazkenean Bizkaia pilotalekuan eginiko aukeraketan. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Imanol Magro Eizmendi.
2019ko maiatzaren 24a
00:00
Entzun
Buruz buruko txapelketako finala ekainaren 9an jokatuko da, Bilboko pilotalekuan. Mikel Urrutikoetxeak ezker eskua mindua du, eta astebete atzeratu du Iker Irribarriaren aurkako partida. Arautegiak aukera hori baimentzen du, astebete bakarrik, eta baliatu egin du. Entrenamendu saioa egin zuen atzo, eta ezin izan zuen mina jasan. Ekainaren 2rako sarrerek 9rako balio dute. Hiru urte ziren buruz buruko finala hasieran jarritako egunean jokatzen zela.

Mikel Urrutikoetxea Bilboko pilotalekuan entrenatu zen atzo, eta bertan erabaki zuen atzerapena eskatzea. Final-laurdenetan Bengoetxea VI.aren aurka jokatu zuenetik ubeldua du ezker eskuko kanpo aldean, eta Ezkurdiaren aurka jokatzeko garaiz sendatu zen arren, oraingoan ez du nahikoa denbora izan. Herenegun, eskuaren zati hori handitua zuen, eta proban ez zuen hobeto sumatu. «Olaizola II.arekin aritu naiz, eta pilota ezker aldera botatzen hasi zaidanean ezin nintzen airez sartu. Azpitik, tira, baina goitik ezinezkoa zen».

Urrutikoetxeak ez zuen saio luzea egin, hasieratik sumatu baitzuen mina. «Berotzean mina nabaritu dut; piloteoan aritu ahala hobera egingo zuela espero nuen, baina ez da horrela izan. Minak gora egin du, eta baldintza hauetan ezin da jokatu». Orain, eskua sendatzeko erlojupekoa hasiko da. Halakoetan ohikoa den tratamendua beteko du: fisioterapia, hanturaren aurkakoak... Urrutikoetxea baikor dago. «Hogei egun falta dira, eta tarte horretan asko egin dezake hobera eskuak. Espero dut nahikoa izatea».

Iker Irribarriak albistea jakin bezain laster aldatu zuen finalerako plangintza. Ez du hiru astez geldirik egon nahi, eta gaur jokatzea eskatu dio enpresari. Irurtzunen ariko da (22:00), binaka, Martijarekin, Elezkano II.a eta Ladis Galarzaren aurka. Jaialdi berean Retegik eta Peio Etxeberriak lau eta erdiko Sanfermin torneoko partida jokatuko dute.

Urrutikoetxea garaiz sendatuko ez balitz, Danel Elezkanok ordezkatuko luke, hura baita hirugarren sailkatua. Asteburu honenetan hirugarren eta laugarren postuak erabakitzeko partida jokatzekoa zen, baina Joseba Ezkurdiak bertan behera utzi du, eskuko minaren ondorioz.

Duela urte batzuk atzerapenak oso ohikoak ziren arren, 2015az geroztik halakorik gertatu gabea zen. Azken aldi hartan Bengoetxeak hatz bat hautsi zuelako eskatu zuen atzerapena, eta azkenean ez zen nahikoa izan. Urrutikoetxea hirugarren sailkatua sartu zen haren ordez finalean, eta Olaizola II.ari irabazi zion.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.