Angel Aldarondo.
ZIN-ZINEZ

Ahaztu ezazu izenburua!

2016ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Misterio ulertezinak daude. Unibertsoaren hedatze azeleratutik, Atacamako petroglifoetara, Uma Thurmanen ibilbide alderrairaino. Baina bada esperantzarako tarte bat. Gizakiaren galdera nagusiaren erantzuna aurkitu dut: Nortzuk dira estreinaldien izenburuak aukeratzen dituztenak?

Banatzaileak dira. Ahalguztidunak, nagusiak, beraiek dira munduaren jaun eta jabe. Beraiek aukeratzen dutelako —erakusleen laguntza ordainezinarekin— zein film ikusiko ditugun aretoetan eta zeintzuk ez. Edozein ekoizle, zuzendari eta kritikarik baino botere handiagoa dute. Azkenean, bere iragazkiak erabakitzen baitu urteetako lana eta milioika euro balio duen lana suntsitzea.

Horrela, kasu ulergaitzak ematen dira, eta zinemaldietan arrakasta itzela lortu duten filmak, zuzendari ospetsuen lan berriak, zinema independentearen harribitxiak, nahiz eta izar handiak eduki, ez dira sekula estreinatzen. Edo badira urteetako atzerapenarekin eta inolako lausengurik gabe estreinatzen direnak. Datu bat: Espainian filmatzen diren filmen erdia baino gehiago ez da karteleran estreinatzen.

Baina ezin zaie errua bota. Euren negozioa da, eta arrakasta lortzeko aukera gehien duten filmen aldeko apustua egiten dute, betiere, euren irizpideen arabera, eta Higgsen bosoia azaltzea baino zailagoak diren erabakiak hartuz. Adibidez, filmaren izenburua goitik behera aldatzea. Jatorrizko izenburuak erakargarritasunik ez duela uste dutenean, deigarriagoa den batengatik aldatzen dute, nahiz eta ergela izan. Inolako lotsa eta umiltasunik gabe, ikuslearentzat gakoa den pieza bat aldatzen dute, publikoak pelikula bat diskriminatu behar duen ala ez erabakitzeko lagungarri dena, aldez aurretiko jarrera aldatu dezakeena.

Soilik horrela uler daiteke, azken urteotako zuzendari originalenetako baten kasu paradigmatikoa: Michel Gondry irudimentsuarena. Bere lehen filma ez zuten estreinatu. Bigarrena, ¡Olvídate de mi! zinema garaikidearen maisulan zorrotz eta garratza, izenburua eta kartela bortxatuta iritsi zen zinema aretoetara. Nerabeentzako komediaz mozorrotu zuten, ikusle palomitazaleari iruzur eginez, eta gustu oneko ikuslea uxatuz. Bere azken filmak ere ez dituzte estreinatu, eta jada ez dakigu mesede bat egiten diguten, behintzat horrela ez dituzte erdijainko batzuek prostituituko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.