Trenen eta geltokien xarma

Nafarroako Burdinbidearen Lagunen Elkarteak tren geltokien maketen erakusketa antolatu du Iruñeko Baluarten. Nagusiek eta haurrek bat egiten dute zaletasun horretan.

Nafarroako eta kanpoko hainbat geltokiren maketak ikus daitezke erakusketan. IÑIGO URIZ / ARGAZKI PRESS.
Iruñea
2014ko urtarrilaren 5a
00:00
Entzun
Goizeko hamaika eta erdiak dira, Iruñeko Baluarte aurrean 30 haur eta guraso inguru daude zain. Trenera igo zaitez! erakusketa ikusi nahi dute. Horretarako, Irati trenaren leihatilan erosi behar dituzte bisitariek txartelak. Behin aretoan sartuta, hamaika tren geltokiren maketak aurkituko dituzte maketazaleek. Batzuk errealitatean oinarrituta daude, besteak maketagileen irudimenak sortutakoak dira. Nafarroako Burdinbidearen Lagunen Elkarteak hirugarren urtez antolatu du Baluarten tren geltokien maketen eta trenen erakusketa. «Jendeak guk egindako gauzak ikustea da helburu nagusia», dio Miguel Garrote elkarteko kideak.

Hiru maketa mota daude ikusgai. Badira bi maketa 1:76 tamainakoak, eta beste guztiak 1:160ko eskalan eginda daude. Horiez gain, badago bost hazbeteko trena. «Jendea trenera igo daiteke,eta zirkuituari hiruzpalau bira eman ahal dizkio», azaldu du Garrotek. Benetako geltokietan oinarritutako maketa gehienak Nafarroako tren geltokietakoak dira. «Nafarroako ahal bezain tren geltoki gehien egin nahi ditugu. Izan ere, Zizur Nagusiko geltokia jada ez da existitzen. Duela bost edo sei egun bota zuten, oso gaizki zegoelako. Baina guk, maketa horrekin erakutsi ahal diogu jendeari tren geltoki bat izan zela Zizur Nagusian, eta nolakoa zen».

Erakusketan Nafarroako eta kanpoko hainbat geltokiren maketak ikus daitezke, besteak beste, Tafalla, Uharte Arakil, Noain eta Baden-baden (Alemania). Maketa guztiak elkarteko kideek egin dituzte. Prozesu konplexua da. «Errealitatean oinarritutako geltoki baten maketa egin nahi izanez gero, lehenengo tokira bertara joaten gara. Lekua ikusten dugu, nolakoa den, argazkiak ateratzen ditugu, neurriak atera eta eskalara eramaten ditugu. Horren ostean, metro bat luze den egurrezko zati bat hartu eta trenbidea jarri behar da. Behin hori eginda, konexio elektriko guztiak jarri behar dira, eta, horrek funtzionatzen badu, dekoratu egin behar da. Bizia ematen zaio inguruari: eraikinak, kaleko argiak, autoak, eta abar», azaldu du Garrotek.

Egindako maketen inguruan Garrotek badu bere kutuna. «Bat aukeratu behar izanez gero, Noaingo geltokiko maketa aukeratuko nuke. Egin genuen lehen maketa da. Hasieran, lau trenbide baino ez genituen egin, errealitatean den moduan, baina gero zazpi trenbidera egin ditugu. Espainian hainbat lekutan egon da ikusgai, hala nola Sevillan, Miranda Ebron, Madrilen eta Caceresen. Gainera, egin genuen lehena denez, berezia da niretzat eta beste bi edo hiru bazkiderentzat».

Tren geltokiak badituzte, baina baita trenak ere. Mota guztietakoak gainera: baporeak, dieselak eta elektrikoak. Ahal bezain tren mota gehien izan nahi dituzte. Garroteren aburuz, trenaren inguruko kultura galduz doa. «Egun, zazpi urteko ume batek AHTa baino ez du ezagutzen.Hori badugu, baina trenak AHTa baino askoz gehiago dira».

Abenduaren 29an 10.000 bisiten muga igaro zuten. Aurreko urtean 16.000 bisitetatik hurbil ibili ziren. Garrotek uste du aurreko urteko marka gainditzeko garaiz dabiltzala, baina ez du burua galtzen datuekin.

Erakusketa bihar arte egongo da zabalik Baluarteko erakusketa aretoan. Gaur ,goizez egongo da zabalik, 11:30etik 13:00etara, eta arratsaldean, itxita. Bihar goizean itxia egongo da, eta arratsaldean 17:30etik 20:30era zabalik. Bizkor ibili, trena ateratzear baitago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.