Nafarroan euskaraz ikasi dutenek ez dute eskakizunik egiaztatu beharko

Eusko Jaurlaritzak 2012an egindako dekretuaren estiloko bat prestatzen ari da Nafarroako Gobernua. Ikasketak euskaraz egin dituztenek ez dute ezagutza egiaztatu beharko administrazioko deialdietan

Garikoitz Goikoetxea.
2018ko abenduaren 26a
00:00
Entzun
Ikasketak euskaraz egiten dituztenek ez dute hizkuntza gaitasuna egiaztatu beharrik izango Nafarroako lan deialdi publikoetan. Eusko Jaurlaritzak 2012an onartutako dekretuaren gisako bat ari da prestatzen Nafarroako Gobernua, BERRIAk jakin duenez. Urtarrilean aurkeztekoa du proposamena. Funtsean, oinarria da ikasketak euskaraz egin dituztenei aitortutzat ematea badakitela euskaraz; segun eta zer ikasketa egin dituzten euskaraz, maila bat edo beste aitortuko diete. Adibidez, Jaurlaritzak egindako baliokidetza taulari jarraituz gero, EGA tituluaren maila jakintzat hartuko dute karrera euskaraz eginda.

Zeresana eman zuen Jaurlaritzaren dekretuak. PSE-EE zegoen gobernuan. Kritiko azaldu ziren euskalgintzako eta hezkuntzako eragile batzuk: ohartarazi zuten ez zela egokia euskara gaitasuna horrela aitortzea, aurretik zehaztu gabe zein diren irakastaldi bakoitzean eskuratu beharreko gaitasun mailak. Alegia, ez dela bidezkoa, adibidez, Batxilergoa D edo B ereduan egiten dutenei B2 maila aitortzea, aurretik finkatu gabe zer hizkuntza gaitasun lortu behar den Batxilergoa amaitzean.

Horretan izan dira mugimenduak azken hilabeteetan. Eusko Jaurlaritzak gogoeta txosten bat aurkeztua du hezkuntza legearen oinarri gisa, eta proposatu du B2 maila jartzea helburutzat DBHn. Hau da, baliokidetza taulan jarritakoa baino koska bat handiagoa —B1 maila aitortzen diete DBHko ikasleei—. Dekretua aurkeztean, PSE-EEk adierazi zuen «zuhur» aritu zela, eta bermatuta zegoela ikasleek euskara maila hori izatea.

Jaurlaritzara EAJ itzuli zenean ez zuen dekretua aldatu, nahiz eta Patxi Baztarrika sailburuorde zenak adierazi zuen «beste prozedura bat» jarraitu behar zela hori egiteko. PSE-EEk emandako argudioaren antzekoa erabiliko du orain Iruñeko gobernuak: eskolan ikasitakoari balio eman behar zaiola. «Pentsa liteke eskolatze prozesua euskaraz egin duen ikasle batek behar besteko hizkuntza trebetasunak lortu dituela, eta, beraz, ez duela beharrik beste proba baten bidez euskarako zenbait titulu eta ziurtagiri egiaztatzeko». Hala azaldu du prozedura hasteko dokumentuan.

Milaka ikasle

Milaka herritarrek izango dute aldaketaren eragina. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, ikasketak 2008az geroztik amaitu dituztenei eragiten die dekretuak, Bigarren Hezkuntza D ereduan (euskaraz) edo B ereduan (erdia euskaraz) egin dutenei, eta unibertsitatean erdia behintzat euskaraz egin dutenei. Hiru herrialde horietan, DBHko ikasleen %92 eta Batxilergokoen %68 ari dira D edo B ereduan. EHU Euskal Herriko Unibertsitatean, ikasle berrien erdiak matrikulatzen dira euskaraz.

Nafarroan askoz mugatuagoa izango da eragina, nabarmen gutxiagok ikasten baitute euskaraz. B eredua oso bazterrekoa da, eta, beraz, D eredukoak izango dira onuradunak: DBHn eta Batxilergoan, lautik bat. Unibertsitatearen esparruan, NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoan bi gradu soilik egin daitezke euskaraz —Lehen Hezkuntzako irakasletza eta Haur Hezkuntzakoa—, eta gainerakoetan kredituen erdiak baino gutxiago dira euskaraz —baliokidetzatik kanpo leudeke, hortaz—.

Argitzeko dago Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren baliokidetzek elkarri eragingo ote dioten; alegia, adibidez, Nafarroan C1 maila aitortuko ote dieten gradua EHUn egin duten ikasleei. Gogoan izatekoa da lankidetza hitzarmen bat sinatua dutela bi gobernuek, eta egiaztagirien baliozkotasuna dela alorretako bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.